Hezkuntzan egunerokotasunak hein batean ikusezin egiten ditu egunerokoak: arauak, ohiturak, sozializazioa, deskantsuak, espazioen banaketa, edo egokitzapena. Oraingo honetan honi helduko diogu asmo xume batez: elkarrekin hausnartzea eta irakurlearen hausnarketa piztea. Honenbestez lan honen xedea egokitzapenari buruzko gogoeta plazaratzea izango da, hainbat proposamen iradokiz prozesu hau guztiontzako ahalik eta osasuntsuena izan dadin. Urteroko legez, uda amaierarekin eta ikasturte hasierarekin bat haurtzaroko eta eskolaratze aldiko momentu garrantzitsuenetariko bat helduko da, ume txikien egokitzapen aldia. Aldi honek ezinegona sortzen du hezkuntza komunitate guztian, bai noski umeengan baina baita familia eta irakasle-hezitzaileengan ere. Aldia deitzen bazaio ere, prozesu batez ari gara, familia testuingurutik eskola testuingurura aldatzea dakarrena. Abiapuntu gisa, egokitzapenaren baldintza periferikoetatik hasiko gara. Ikastetxearen tamaina eta egituraren arabera baliteke irailaren hasieratik eguerdiko zerbitzuak eskaintzea eta familia batzuk zerbitzu horiek erabili behar izatea. Ahal den neurrian umea minimoki egokitua izan arte behintzat atzeratu beharko litzateke horren erabilera. Gelak, korridoreak eta sarrera, txukun eta erakargarri badaude garai horretan horrelaxe mantendu behar dira kurtso osoan zehar. Ordena desordena bihurtu behar da txikien geletan, baina objektu eta ekipamenduaren osotasuna eta erakargarritasuna zainduz eta bermatuz. Gelek umeen adinaren araberako mugikortasuna ahalbidetu behar dute. Hau da, gelan zehar umea une oro zabal eta eroso mugitu ahal izatea bermatuko da. Honen harira, 0-1ekoen geletan, maila alde handia egonda, bi eremu bereizi beharko lirateke, bata oraindik etzanda dabiltzanentzako eta beste bat zutunik dabiltzanentzako. Baina multzo honetako baldintzen artean garrantzitsuena gelan bi hezitzaile egotea da, uneoro umeren batekin zerbait egin behar bada, gelan dauden beste umeak bere begiradapean geratu ahal izateko.
Egokitzapenari berari edo gako zentralei buruz, gakorik garrantzitsuenetatik hasiko gara: zaintzak. Hezitzailearekiko harremana eraikitzeko prozesuaren hasiera eta muina da. Eskolan burutzen den edozein zaintza lehenik familiak burutu beharko luke hezitzailearen edo irakaslearen aurrean: lehen pixoihal aldaketa, eta posible izanez gero, lehenengo bazkaria edota lehenengo loa, ordura arte umeari nola egin zaion eta nola gustatzen zaion jakinaren gainean egoteko. Aipatutako harremana posible egin eta trataera ahal den pertsonalizatuen burutu ahal izateko, lehenengo egunetako txandak ondo antolatu behar dira, ahal den ume kopuru txikienarekin. Lehenengo bi egunetan ondotxo joan bada ere, hirugarrenean sarritan ustekabeak gertatzen dira, nolabait umea eskolaratzea behin betirako zerbait dela konturatzean. Beraz, arreta berezia jarri hirugarren edo laugarren egun honetan, atzerabueltak eman daitezkeelako. Ildo beretik, asteburuaren osteko egunak ere kontuan hartu behar dira, gogorra egiten baitzaie eskolara bueltatzea.
Egokitzapenaren dekalogoa
1. Prozesu naturala: Edozein izaki, testuinguru aldaketaren aurrean ahalegin gehiago edo gutxiago eginez eta arrakasta gehiago edo gutxiago lortuz, egokitzen da.
2. Familiatik haur eskolarako igarobidea: Egokitzapenak, umeak bere eskolatze goiztiarraren ondorioz egunero egin behar duen familiatik haur eskolarako igarobidean laguntzea du helburu.
3. Lotura-galera: Ordura arte ama edo aitarekin bizi izaniko harreman pribilegiatua denboran murriztu egiten da hasieran ezezaguna den pertsona batekiko harremanarekin ordezkatzeko. Aurrerantzean harremana oso pribilegiatua izan daiteke.
4. Adina: Lotura afektiboa denborarekin batera eraikitzen denez, umeak nagusitzen diren heinean, banaketaren aurreko intentsitate desberdineko erresistentziak sortu daitezke.
5. Familia: Ez da erraza ezezagun baten eskuetan zure umetxoa uztea. Profesional horrekin fidatzea funtsezkoa da. Familiak, behin eskolatze goiztiarra egitea erabakiz gero, eskolarekin lankidetzan aritu behar du umeari laguntzeko.
6. Profesionalak, hezitzaileak, irakasleak, laguntzaileak: Pertsonalki egokitzapen prozesu baterako prestatzeaz gain, umetxo edo ume txiki bakoitza ezagutu behar du: bere ohiturak, gustuak, estiloa, beharrizanak eta familiak. Hasiera batean, familiak eskainitako informazioari, eta ostean bere behaketa propioaren batze sistematikoari esker.
7. Antolaketa: Zentroak egiten duen proposamen orokorretik haratago joan behar da; prozesua beti ad-hoc, neurrira, izan behar da, egutegia, ordutegia, edo burutu beharreko jarduerak barne.
8. Taldea: Taldeak sortzeko irizpide ohikoak, matrikulazioa, adina edo abizenak badira ere, umearen ordutegia, erritmoa, pertsonalitatea edo heldutasun maila kontuan hartu daitezke.
9. Ikastetxea: Ume berriak hartzeko instituzioa bere osotasunean inplikatu behar da.
10. Termometroa, umearen osasuna da: Umetxoaren edota ume txikiaren ongizateak, batez ere fisikoak eta emozionalak, egokitzapen prozesuaren berri ematen du.
| 0-1 urte (8 ume) | 1-2 urte (13 ume) | 2-3 urte (18 ume) | |
| 1. eta 2. eguna | • Guraso bakar bat bere lekuan. Esan hurrengo egunean gelatik 2-3 minutuz irten beharko dela, agur laburra eginda • Gehienez 4 ume berri batera • 30‘-60’ gehien jota • Sarrera irteerak malgutasunez egingo dira • Seaskan hasieran eta hazten joanez gero, lurrean | • Guraso bakar bat bere lekuan, hurrengo egunean irteeratxo bat egin beharko du. • Gehienez 4-5 ume berri batera, beharrezkoak diren txandak eginez (2 edo 3). • 30‘-60’ gehien jota • Sarrera irteerak malgutasunez egingo dira • Gela erakargarri eta bakarreko jarduerarako prestatuta egon behar da | • Guraso bakar bat beraientzako prestatutako lekuan. Bigarren egunetik aurrera irteeratxo bat egin beharko du. • Gehienez 6 ume berri batera, beharrezkoak diren txandak eginez (2 edo 3) • 45’-60’ gehien jota • Sarrera eta irteera malgutasunez egingo dira • Gela erakargarri eta umeen jarduerarako prestatua izan behar da • Bigarren egunean gurasoak pixoihalaren aldaketa egiten hasiko dira |
| 3. eguna | • 60’-ra luzatu • Gurasoari esan hurrengo egunean gelatik tarte luzeagoz irten beharko dela, umeari esan eta gero | • 60’-ra luzatu • Aurreko urteko edo txandakako hiru edo laurekin pixoihal-aldaketarekin hasi gurasoak hezitzailearen aurrean, ostean lasai eta elkarrekin etxera joan ahal izateko • Gurasoari esan hurrengo egunean gelatik tarte luzeagoz irten beharko dela, umeari esanda | • 60’ • Ondo dagoen umearen kasuan gehienez 15’ minutu luzatzeko aukera eskaini. • Pixoihala aldatu edo komunera laguntzeko txandak eta denborak antolatu, ahal den ume gehienei egin ahal izateko. • Gurasoari esan hurrengo egunean gelatik tarte luzeagoz irten beharko dela, umeari esanda • Gurasoek pixoihalaren aldaketa egiten jarraituko dute |
| 4. eguna | • 90’ • Gurasoek pixoihal-aldaketa bat egin beharko dute • Gurasoari gogorarazi hurrengo egunean gelatik tarte oraindik luzeagoz irten beharko dela, umeari esan eta gero | • 90’, gelatik irteera eta pixoihalaldaketa ondo antolatu, hiru txanda badira bitan berrantolatuz. • Gurasoek pixoihala-aldaketarekin jarraitu, txanda bakoitzeko haur guztiak aldatu arte. • Gurasoei gogoratu hurrengo egunean gelatik tarte oraindik luzeagoz irten beharko dela, umeari esan eta gero | • 90’, gelatik irteera eta pixoihalaldaketa ondo antolatu, hiru txanda badira bitan berrantolatuz. • Pixoihala aldatu edo komunera laguntzeko txandak eta denborak antolatu, falta diren umeei egin ahal izateko. • Gurasoak eskolatik irten eta eskuragarri egon, badaezpada • Hezitzaileak egiten ditu pixoihalaren aldaketak |
| 5. eguna | • 2 ordu • Gurasoek beste aldaketa bat egin eta biberoi bat eman beharko lukete | • 3 ordu • Hezitzaileak lehen pixoihal-aldaketa egingo du • Gurasoak eskolatik irten eta eskuragarri egon, badaezpada | • 3 ordu • Talde osoa • Jostaldian kalera joango da taldea • Ura eta ogi edo fruta zatiak eskaini beharko zaizkie |
| 6. eguna | • 2 ordu • Gurasoak eskolatik irten eta eskuragarri egon, badaezpada • Hezitzailea, zaintzen arduradun | • 3 ordu • Hezitzaileak lehen pixoihal-aldaketa egingo du | • 3 ordu • Talde osoa • Jostaldian kalera joango da taldea • Ura eta ogi edo fruta zatiak eskaini beharko zaizkie |
| 7. eguna | • 3 ordu • Ume talde biak batzen dira • Gelak talde osorako prestaturik egon behar du, leku babestu batekin haur txikientzako eta beste bat zabalagoa, nagusientzako | • 4 ordu • Ume talde biak batzen dira • Hezitzaileak bigarren pixoihalaldaketa egingo du | • 3 ordu • Taldean aritu • Jostaldian kalera joango da taldea • Ura eta ogi edo fruta zatiak eskaini beharko zaizkie |
| 8. eguna | • 3-4 ordu • Bertan bazkaldu eta siesta egingo du | • 4-5 ordu · Bertan bazkaldu eta siesta egingo du • Edariak edo askariak eskaini behar dira | • 3 ordu • Taldean aritu • Ura eta ogi edo fruta zatiak eskaini beharko zaizkie |
| 9. eguna | • 4-5 ordu • Edariak edo askariak eskaini behar dira | • Ordutegi osoa bete | • 3 ordu + • Eskolaren antolaketaren arabera jantokia eta siesta zerbitzua, edo eta eskola bera arratsaldez eskain daiteke |
| 10. eguna | • Ordutegi osoa bete | • Ordutegi osoa bete | • 3 ordu + • Eskolaren antolaketaren arabera jantokia eta siesta zerbitzua, edo eta eskola bera arratsaldez eskain daiteke |
Egunak aurrera joan ahala, eskolara bisita tarteak luzatzen doaz, baina gerta daiteke umeren bat urduritzen hastea. Konturatu bezain pronto gelatik ateratzea komenigarria da, helburua umea lasai irtenda hurrengo egunean lasai eta gustura bueltatzea da-eta. Egun hauetan arreta berezia jarri behar da umea gaixotzen bada, egokitzapena berarentzat larregi denaren adierazlea litzatekeelako. Beraz, berriro ere hutsetik hasi, arreta eta malgutasun gehiagorekin oraindik. Atal honekin amaitzeko, azpimarratu nahiko genuke egokitzapena ez dela behin betirako burutzen. Egunak egoteaz gain, opor guztien osteko lehenengo egunetan ohiko errutinetara bueltatzea gogorra da, edota kurtso guztietako lehenengo egunak, era apalago batean bada ere, egokitzapen aldikotzat hartu beharko lirateke. Horregatik, lehen zikloan eta bigarrenean ere egokitzapen prozesua ematen da, bigarrenean erritmoa berreskuratzeko erraztasun gehiago badago ere. Umearen adina oso kontuan hartu behar den beste zerbait da, asko baldintzatzen duelako zeregina. Izan ere umeak geroz eta nagusiagoak izanda, jarduerak konplexuagoak dira, talde handiagoak, gaitasun gehiago, beraz adi antolaketarekin. Hau guztia behar den bezala aurrera eramateko familiak jakinaren gainean egon behar dira eta horretarako bilerak ezinbestekoak dira. Baina hau ez da nahikoa. Informazio trukeaz gain, familiekin alde biko armonia eta konplizitatea lortzeak berebiziko garrantzia izango du. Komenigarria izaten da ikastetxera lehenengoz datozen ume guztien gurasoekin bilera bateratu bat egitea, matrikularen ostean, informazio orokorra argitzeko: eraikina, arropa eta diru kontuak, egokitzapen prozesuaren azalpena, ordutegiak, txanden zentzua eta abar zehaztuz eta honen guztiaren garrantzia azpimarratuz. Irailaren hasieran, bigarren bilera talde osoaren familiekin egin behar da txandak eta zeregin zehatzak argitu ahal izateko, egokitzapena gai nagusitzat harturik: txandak, ordutegiak, helburuak gogoratzea eta batez ere lasaitasuna transmititzea. Ikasturtearekin batera edo beranduago hasi daitekeela ere argitu behar zaie familiei. Guraso asko oporretan daude garai horretan eta beraien umea egun batzuk beranduago egokitzen hasteak ez dakar inolako arazorik. Bi bileraren ostean eta egokitzapenaren hasierarekin batera familiekin elkarrizketak egitea gomendatzen da, umearen orduko egoera eta errutinak ahalik eta ondoen ezagutzeko. Urte biko gelako bileretan bereziki, txandak ezartzeko irizpideak argitu beharko lirateke: aurreko eskolatzea izan den, momentuko esfinter kontrol maila zein den eta aldez aurretiazko bilakaeraren berri izanik. Esfinter kontrolean egokitzapenak sortutako urduritasuna dela eta atzerakadak gerta daitezkeenez gurasoak jakinaren gainean jartzea komenigarria da. Ume berriak edota 0-2an eskolaturik egondakoak erritmo desberdina daramate egokitzapen honetan, beraz txandak antolatzeko kontuan izango dugu afera hori. Eta, azkenik, bilera guztietan, familiei gogoraraziko zaie gurasoek eurek momentu batean prozesuari amaiera eman behar diotela. Beste inork ezin dio eman-eta. Ondoren oso labur bildurik egokitzapenaren aldagaien adinen eta egunen araberako gure proposamena.
Hau proposamen xume bat baino ez da. Ikasturte hasierak bai familian baita eskolan sortzen duen kezka edo ezinegona handia da. Hori berori leuntze aldera, egokitzapen prozesuan planifikazioak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu. Proposamen honen oinarrian umearen ongizatea dago. Hortik abiatuta haur eskola eta gela antolatzeko oinarrizko irizpide batzuk baino ez ditugu aukeratu eta zentzuz konbinatu, antolaketarik egokiena lortzeko asmoz. Familiaren eskutik lehenengoz eta ostean haur eskolak umea kulturaren munduaren oinarriak sortzen ditu. Oinarri horien sendotasunak umearen oraina eta etorkizuna baldintzatuko ditu. Gogora dezagun guztiok partaideak garela, egokitzapena guztiona dela.