20.  urteurrena ospatzen ari da Euskal Herriko Bilgune Feminista. Oñatin egin du 'Dardarak eztanda gaitzala' izeneko topagunea ekainean, eta festarako bezala hausnarketarako tartea hartu dute. "Zaintza erdigunean jartzea burujabetza feminista da" izan da aurkeztu duten ponentziako ardatzetako bat. Naia Torrealdai da koordinatzailea eta gaiari buruzko mahai-inguruan hartu zuen parte.

'Bizitzak erdigunean jartzea burujabetza feminista da' izenburupean egin duzue Bilgune Feministaren 20. urteurreneko Topagunea. Kapitala vs bizitza ikuspegi honen funtsa, izenburua bera, azal zenezake?
Lelo, izenburu edo baieztapen horrekin bi dimentsiori eman nahi diegu bide. Batetik, bizitzaren zentralitateari aitortza egin nahi diogu, hau da, lan produktibo eta erreproduktiboa era artikulatuan irakurri nahi dugu eta, bestetik, esparru horiek ikusgarri egiteko eta demokatrizatzeko burujabetza kolektiboaren beharra mahaingaineratu nahi dugu.

Guretzat garrantzitsua da bizitza sostengatzen duten jarduera guztiak aitortzea eta horien gaineko erabakiak gure esku izatea. Hori da burujabetza feminista, bizitzaren esparru guztietan erabakitzeko ahalmena izatea.

'Zaintza erdigunean jartzea burujabetza kontua da' izeneko mahai-inguruan parte hartu zenuen. “Zaintzaren ahalmen politikoa” izan zenuten mintzagai. Hasteko, zertaz ari gara zehazki, zaintzaz ari garenean? Mahai-inguruan esan zenuten bezala, denak ari dira zaintzaz hizketan, baita banketxeak ere.
Momentu honetan zaintza kontzeptua esanahiez beteta dago, larregi behar bada. Esan dezakegu kapitalismoak eta botere ekonomikoak baduela gaitasuna nahi dituen kontzeptuak esanahiez husten ahalegintzeko, despolitizatzen saiatzeko. Baina errealitate materialak erakusten du egun zaintzaz ezin dela hitz egin esplotazioaz, indarkeriaz, patriarkatuaz edo arrazakeriaz hitz egin gabe.

Bestetik, feminismotik ere egiten dugu ezberdintasuna: zaintzaz asko hitz egin da, harremani buruz hitz egiteko, baina, momentu honetan, argi daukagu zaintza erregimenaz hitz egiteko unea dela.

Zein da, bada, Bilgune Feministaren ikuspegitik, zaintzaren potentzialitate politikoa?
Guretzat, egungo testuingurua ahaztu gabe, zaintza eraldaketarako palanka da. Izan ere, egungo zaintza erregimen bidegabea aldatzea sistema errotik aldatzea da, kapitalismoa bera iraultzea eta horren erro patriarkala eraistea. Beraz, zaintza helburu gisa ere ikusten dugu: aukeratua denean, ez dagoenean feminizatua, guztiontzako eskuragarria denean eta ez denean esplotazio egoeratan garatzen. Hau da, kolektiboa denean eta merkatuko logikatik kanpo egiten denean.


Helburua ez da emakumeak zaintzan ahalduntzea, baizik eta klase borroka horretan kokatzea eta bertatik eraldaketa bat sustatzeko subjektu politiko gisa ahalduntzea


Zaintza, ordea, deserosoa egiten zaigu, eta zaila da zaintzaren ardurak hartzea. Daukagun enplegu eredua, kontsumo eredua… ez datoz bat zaintzak eskatzen dituen denborekin. Nola hartu ardurak?
Horretan datza zaintzaren potentzialitate politikoa. Izan ere, zaintzarako eskubidea aldarrikatzen dugu, baina guztiok zaintzeko ardura ere bai. Hau da, kontzientzia hartu behar dugu zaintza lan guztiak ezin direla kanporatu (norberaren etxea garbitzea, adibidez) eta, zentzu horretan, egun zaintza lan horiek ez egitea pribilegio bat dela. Hori jakinik, argi dago beste denbora politika batzuk behar ditugula zaintzaren ardura partekatua izan dadin.

Eta batez ere emakumeok ari gara barneratzen zaintzaren garrantzia, eta gizonak? Nola interpelatu gizonak zaintzara?
Zaintzaren aitortza sinboliko eta materiala behar dugu. Lana dela aitortu sozialki eta hortik gizonekiko interpelazio zuzena egin feminismotik.

Nola ahaldundu emakumearen zaintzaren alorrean hiperfeminizazioan erori gabe?
Zaintzaren afera ezin da erromantizatu. Egungo testuinguruan kokatu eta maitasunaren kontzeptutik aldendu behar da. Zaintza lanak birbanatzeko, horiek jendartean okupatzen duten lekua aitortu behar zaie eta egun leku hori erabat prekarioa da. Helburua ez da emakumeak zaintzan ahalduntzea, baizik eta klase borroka horretan kokatzea eta bertatik eraldaketa bat sustatzeko subjektu politiko gisa ahalduntzea.

Nabarmendu nahiko zenuke mahai-inguruko edo topaguneko beste ondoriorik?
Azken ideia bezala, nabarmenduko nuke hau guztia egun ezin dela aurrera eraman atzerritartasun legeaz eta migrazio politikez hitz egin gabe. Guk Euskal Herrian irtenbideak bilatu behar ditugu egun zaintza lanetan ari diren emakumeentzako, asko eta asko egoera irregularrean daudelako. Publifikazioa, beraz, ez da nahikoa, beste politika batzuei buruz ere hitz egin behar da esplotazio egoerarekin bukatzeko.