Gizakiak eguzkia lagun izan du beti eta gaixotu baino, sendatzeko ere erabili izan da.
Udaberria iritsi da eta horrekin batera, arropa arinagoak janzteko eta kanpo espazioetara errazago ateratzeko garaia heldu zaigu. Eguzkiaren eta kanpo espazioetan ibiltzearen onurak ditu mintzagai Jorge Garcia-Dihinx pediatrak, lehen urteetatik hasita bizitza osoan lagunduko digutenak.
Azken urteotan, eguzkia lagun baino etsai gisa aurkeztu digute eta harengandik babestearen beharra azpimarratzen dute aditu batzuek behin eta berriz, baina kontrako ideia defendatzen du Jorge Garcia-Dihinx pediatrak. —Hazi Heziren 36. zenbakian (2021eko udaberrian) elkarrizketatu genuen—. Mendi istripu baten ondorioz hil zen Garcia-Dihinx joan den neguan, baina irakaspen garrantzitsuak utzi dizkigu sare sozialetan zabaldu zituen hainbat bideotan eta elkarrizketetan. Gizakiak eguzkia lagun izan du beti eta gaixotu baino, sendatzeko ere erabili izan da helioterapia erabiliz, esaterako. XX. mende hasieran tuberkulosia eta beste hainbat gaixotasun eguzkiaren argiaren laguntzaz sendatzen zituzten.
Gaur egun, ordea, eguzkia arriskutsua dela esaten digute eta harengandik babestu egin behar dugula. Ideia horren aurrean eguzkiari esker bizi garela gogoratzea oso garrantzitsua dela dio Garcia-Dihinxek. “Gizakia existitzen da eguzkia existitzen delako; eguzkirik gabe ez dago bizitzarik”.
Bizitzan zehar kanpo espazioetan eta argi naturalaran pean gero eta gehiago egon, orduan eta urte gehiago biziko gara gaixotu gabe
Jorge Garcia-Dihinx, pediatra
Argi artifiziala
Gai honetan gaizki egiten ari garen lehen belaunaldia garela dio Garcia-Dihinxek: “Egunez eguzkiarengandik ezkutatzen gara eta, ondoren, gauak modu artifizialean argitzen ditugu. Gure denboraren % 93 barne espazioetan pasatzen dugu, eguzkiaren argia gure denboraren % 7an soilik jasotzen dugu, eta arriskutsua dena ez da eguzkia, argi artifizialaren azpian pasatzen dugun denbora baizik. Eguzkiaren uhin bakoitzak onura zehatz bat dakar, baina barne espazioetan ez dugu onurarik jasotzen”.
Elikadura, loa eta ariketa fisikoa oso garrantzitsuak diren moduan, eguzkiaren argia jasotzea ere ezinbestekoa dela dio adituak: “Eguzki espektroaren erdia baino gehiago infragorria da. Izpi infragorriak beroak dira, arropa eta azala pasatzen dituzte eta barne ehunetara iristen dira. Izpi ultramoreak % 7 baino ez dira, eta soilik % 1 da B motako izpi ultramorea. Goizeko eguzkiak, izpi infragorriei esker, eguerdiko eguzkia jasotzeko prestatzen du gure azala 15eko babesa duen krema eman bagenu bezala”.
Garcia-Dihinxen hitzetan, eguzkia baino, harekiko dugun portaera da kaltegarria: “Barneko espazioetan bizi gara eta bat-batean hondartzara joan nahi dugu, bertan bi orduz egon eta ez erre. Hori ez da posible”.
Gizakia existitzen da eguzkia existitzen delako; eguzkirik gabe ez dago bizitzarik
Jorge Garcia-Dihinx, pediatra
Eguzkitarako kremak
Eta zer gertatzen da eguzkitarako kremekin? Gaur egun nekez bururatzen zaigu eguzkipean babesteko kremarik eman gabe jartzea, are gutxiago umeak kremarik gabe egotea. Produktu horiek, A eta B motako izpi ultramoreengandik babesten gaituzte eta urte osoan barne espazioetan egon eta gero, lau orduz eguzkipean erretzeko arriskurik gabe egoteko aukera ematen digute, baina eskaintzen diguten segurtasun hori ez da benetakoa Garcia- Dihinxek dioenez: “Segurtasun faltsua ematen digute; ez da egia urte osoan barne espazioetan egon ondoren uztaileko eguerdi batean hondartzan egonda erreko ez garela eta dena ongi dagoela pentsatzea. Hori, sekula mendian ibili gabe Everestera igotzearen parekoa da. Sherpa batekin goazelako eta oxigeno botilak daramatzagulako, 8.000 metrora dagoen oxigeno faltak eragingo ez digula pentsatzearen parekoa da”.
Barneko espazioetan bizi gara eta bat-batean hondartzara joan nahi dugu, bertan bi orduz egon eta ez erre. Hori ez da posible
Jorge Garcia-Dihinx, pediatra
Beraz, zer egin beharko genuke? GarciaDihinxek garbi du: “Eguzkipean denbora tarte batez egon ondoren, arropa edo txapela janztea da aukerarik onena. Eta erretzeko arriskua sentitzen baldin badugu, itzaletara joatea. 20-20-20 formula erabili beharko genuke: goizez 20 minutuz eguzkipean egon —orduan ez da ia izpi ultramorerik eta gerorako prestatzen gaitu—, beste 20 minutuz eguerdian eta 20 minutuz egunaren amaieran. Hori pixkanaka egiten baldin badugu, eguerdiko tartea luzatzen joan gaitezke”.
Kanpoko espazioetan egotea eta argiaren ziklo naturala errespetatzea da garrantzitsuena.
Eguzkiaren argiaren onurak esaldi bakar batean laburbiltzen ditu Garciak-Dihinxek: “Bizitzan zehar kanpo espazioetan eta argi naturalaren pean gero eta gehiago egon, orduan eta urte gehiago biziko gara gaixotu gabe”.
Eguzkiaren onurak probesteko aholkuak
Hauek dira Jorge Garcia-Dihinx pediatrak eguzkiaren onurak jasotzeko ematen dituen aholkuak:
· Egunsentian eguzkipean jarri.
· Saiatu zaitez kanpo espazioetan ahalik eta denbora gehien pasatzen. Ireki leihoak, jarri bonbilla goriak eta aplika ezazu 20-20-20 errezeta.
· Lanean sun breaks delakoak egin: deiak egiteko kanpora atera, lorategian oinutsik ibili, bilerak kanpoan egin…
· Benetako janaria jan eta ez janari ultraprozesaturik.
· Gaueko iluntasuna errespetatu.