HAUTAZKO IKASGAIA BAINO GEHIAGO
Gizarte bateko ondasunen ekoizte, banatze eta erabiltzearekin loturiko gertakari eta jardueren multzoa. Horixe da ekonomia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera. Gure eguneroko bizitzan erabateko presentzia du ekonomiak baina sigla eta kontzeptu ulergaitzekin lotzen dugu maiz: KPI, aurrezkiak, BEZ, inflazioa, interes tipoak, maileguak, zergak, burtsa, zorrak… Ekonomiaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzeak ahaldundu egiten gaitu, ordea, eta haur eta gazteei horien gaineko prestakuntza eskaintzeak berebiziko garrantzia du.
Ekonomia hautazko ikasgaia da DBHn eta Batxilergoan baina leku gutxi izaten du hezkuntzan eta herritarrok, oro har, ezer gutxi dakigu gure bizitzak gidatzen dituen zientziari buruz. Adrian Zelaia EKAI Centerreko presidente eta unibertsitateko irakaslearekin izan gara eta berak garbi du: benetako gizarte demokratiko batean ezinbestekoa da herritarrok oinarrizko kontzeptu ekonomikoen gaineko ezagutza izatea.
Zergatik da garrantzitsua haur eta gazteek ekonomiari buruzko oinarrizko kontzeptuak ezagutzea?
Bi ikuspegi desberdindu behar dira: alde batetik, ikusi behar dugu zein puntutaraino izan daitekeen interesgarria maila pertsonalean hainbat kontzeptu ezagutzea eta, bestetik, ikuspegi sozial batetik begiratu behar dugu ea zein puntutaraino den interesgarria gizartearentzat herritarrek funtsezkoak diren kontzeptu ekonomikoak kontrolatzea. Maila AHALDUNTZE ESKOLA pertsonalean, nork bere bizitza kudeatzeko orduan badira oso interesgarriak diren kontzeptuak: adibidez, lan munduari begira, enpresarekiko harremanak, nork bere aurrezkiak modu egokian kudeatzeko ezagutza… Bestalde, oso interesgarria da oinarrizko kontzeptu ekonomiko horiek ezagutzea geure burua gizartean kokatzeko edota hedabideetatik helarazten dizkiguten mezuak ongi interpretatzen ikasteko. Gako garrantzitsua da hori: ikasleei oinarrizko irizpideak eskaintzea komunikabideetatik jasotzen dituzten mezuak ongi interpretatzeko eta hainbat kontzeptu euren kabuz garatzen joateko. Ikuspegi sozialetik oso interesgarria da herritarrak ekonomiaren oinarriak ezagutzea gizartea ahalduntzeko. Kontzeptu horiei buruz asko hitz egin zen 2008ko krisian. Orain ere, Errusia eta Ukrainaren arteko gerra dela-eta, jende guztia hasi da ekonomiaz hitz egiten eta ez HAUTAZKO IKASGAIA BAINO GEHIAGO dugu tresnarik gertatzen ari dena ongi interpretatzeko orain arte inor ez delako horretaz arduratu. Jendeak ekonomiaren oinarriak ez ezagutzea interes handikoa izan daiteke elite korporatiboentzat edo elite ekonomiko batzuentzat, modu horretan gizartea euren interesen arabera kudeatzeko. Horregatik da benetan garrantzitsua herritarrok kontzeptu ekonomiko batzuk kontrolpean izatea. Benetako gizarte demokratiko batean funtsezkoa da hori. Ekonomiaren oinarrizko kontzeptuen artean ideologia dago. Ideologia guztietan funtsezkoak dira oinarri ekonomikoak. Ideologia bakoitzaren atzean zer dagoen eta zer ez dagoen interpretatzeko ekonomiaren oinarrizko ezagutza izateak berebiziko garrantzia du. Nerabezaroan hasten dira gaztetxoak ideologiarekiko erreferentziak eraikitzen eta erreferentzia horiek ongi interpretatzeko kontzeptu ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, hitzen eta etiketen atzean zer dagoen eta zer ez dagoen behar den moduan ulertzeko.
Beraz, eliteek badute halako interes bat gizarteak, oro har, ekonomiari buruzko ezagutza apala izan dezan…
Bai. Asmoei buruz hitz egitea konplikatua izaten da beti, hori frogatzea zaila delako baina baietz ematen du. Azkenaldi honetan, adibidez, asko hitz egin da moneta politikari buruz. Moneta politikan mugitzen dira agian baliabiderik garrantzitsuenak gaur egun eta moneta politikaren bitartez urtero BPGren ia %10 ateratzen da gizartetik finantza sistemaren esku uzteko. Baina jendeak ez du horren berri izaten moneta politika zer den eta nola funtzionatzen duen ere ez dakielako. Ez dakite moneta politika hedatzaileen atzean zer dagoen benetan eta Europako Banku Zentralaren eta banketxeen arteko harremanak nola funtzionatzen duen. Eta hedabideek nahi dutena azaltzen dute. Oinarrizko kontzeptu horiek oso garrantzitsuak dira eliteen jarduna eta interesak zein diren ongi interpretatzeko. Ez soilik elite korporatiboen interesak interpretatzeko, baita enpresen barnean enpresarien eta sindikatuen arteko talka horien atzean zer dagoen jakiteko ere. Bakoitzaren posizioa eta interesak zein diren jakiteko oinarrizko kontzeptu horien gutxieneko ulermena oso garrantzitsua da. Baina gizartean hutsune handiak daude ekonomia interpretatzeko eta hutsune larria da hori. Zer esanik ez oinarri demokratikoen ikuspegitik.
Gure bizitzan erabateko presentzia du ekonomiak. Jaikitzen garen unetik bertatik ari gara ekonomiari lotutako erabakiak hartzen baina era berean oso urrun sentitzen dugun gaia da.
Nork berak ekonomia propioa kudeatzeko orduan erabaki batzuk hartu behar dira etengabe; aurrezkiak banketxean utziko ditugun ala ez, asko aurreztea komeni den ala ez, zer gertatuko den inflazioarehik hasi I 267. zenbakia. 2022ko apirila I 35 kin… Kontzeptu horiek ulertzea garrantzitsua da. Eta, bestalde, ekonomiaren bilakaerak herritarrengan etengabeko eragina du eta horren oinarriak ezagutzeak garrantzi handia du.
Ikasgelan lantzeko materialak sortzen ere aritu zarete. Ekai Centerrek eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean ekintzailetza kooperatiboari buruzko unitate didaktikoa argitaratu zenuten.
Bai. Kooperatiben gaineko materialak egin ditugu, aurten enpresa eredu alternatiboei buruzkoa prestatzen aritu gara… Ikastolen Elkartearekin batera ekintzailetza kooperatiboari buruzko unitate didaktikoa sortu genuen eta gai horri buruzko dokumentu kritikoak ditugu. Izan ere, ekintzailetzari dagokionez, azterketa ekonomikoaren hutsunea oso nabaria da. Gazteei ekintzailetza zeinen gauza ederra den esaten diegu etengabe, baina ez diegu esaten zein puntutaraino den zaila eta zein puntutaraino gertatzen diren porrotak horrelako ekimenetan. Ez diegu azaltzen porrot horiek zergatik gertatzen diren eta nola kokatzen den hori guztia logika makroekonomikoaren barnean. Gazteei gai horren gaineko mezu idealistak botatzen dizkiegu: gauza ederra dela eta gogoa edukiz gero aurrera aterako dutela esaten zaie eta, bestetik, gaur egun ekintzailetzaren izpiritua galdu dutela esaten da… Jakina, horren atzean oinarri ekonomiko objektiboak daude eta hori argi eta garbi azaltzea oso garrantzitsua da ganorazko politikak egiteko eta ikasleei ganorazko mezuak helarazteko.
Zer leku izan beharko luke ekonomiak hezkuntzan?
Horren gaineko proposamen zehatza egiteko azterketa orokorra egin behako genuke, baina garbi dago gai garrantzitsua dela eta ekonomiak leku garrantzitsua izan beharko lukeela hezkuntzan.