JENIFER MILAGROS LAMUS RAMOS EL MAIZAL KOMUNAKO ORDEZKARIA

Artasoroek ematen diote izena Venezuelako El Maizal komunari. Nekazaritza-eremuko komuna horretan artoa da gehien lantzen duten laborea. 2009. urtean, lur-jabe bati lurrak kendu zizkion Hugo Chavezek, orduan Venezuelako presidente zenak, eta hainbat nekazariren eskuetan utzi zituen, haiek landu eta kudea zitzaten. Estatu komunala sortzeko bidean emandako beste pauso bat izan zen hura. Orain, hamabi urte geroago, erabat errotua dago El Maizal komuna, eta ilusioz begiratzen dio etorkizunari. Artoaren haziak nola, halaxe ereiten dute etorkizuna egunez egun, haurrei komunaren printzipio sozialistak transmitituz. Urteotan guztiotan zerbait ikasi dute: ezagutza dela lehenengo boterea; eta hezkuntzak balioen transmisiorako duen garrantziaz jakitun, heziketarako espazioak indartzen ari dira El Maizalen. Isabel Gonzalez Lapiya herri-heziketarako eskolaren sorrera, horren lekuko.

 

Haurren heziketa eta prestakuntza politikoa. Nazioarteko eta bertako esperientzien trukaketa izeneko mahai-ingurua antolatu zuen Oinharri Eskolak joan den urriaren 19an Hernanin. Hainbat esperientziaren berri eman zuten mahai-inguruan, eta guk Venezuelakoa ekarri dugu orriotara. Jenifer Milagros Lamus Ramos militante komuneroak eman zuen hango esperientziaren berri. El Maizal komunako ordezkaria da Lamus, eta kooperatibetan jarduten du. Venezuelako Lara eta Portuguesa estatuen artean kokatuta dago El Maizal; 2.000 hektareako azalera eta 24 kontseilu komunal batzen ditu. 2009. urtean sortu zuten El Maizal komuna, orduan Venezuelako presidente zen Hugo Chavezek lur-jabe bati kendutako lurrak laborari batzuen eskuetan utzi zituenean. Chavezek estatu komunalaren oinarriak ezarri nahi zituen, eta helburua argia zen: inguru hartan nekazaritza-produkzioa sustatzea, eta produkzio hori laborariek beraiek kudeatzea. Hamabi urte geroago, Chavezek berak bultzatu zuen modu horretan bizi dira El Maizalen, eta herri-ekonomiaren eta herri-antolakuntzaren erreferente bihurtu da komuna.

Hezkuntzaren balioa 

Herria modu egokian antolatzeko heziketa eta prestakuntza oinarrizko zutabeak direla jabetuta, aparteko garrantzia ematen diote hezkuntzari El Maizalen. Hango esperientziaren berri eman zigun Jenifer Milagros Lamusek: “Haurrei zuzendutako prestakuntza politikorako eskola dugu, eta ikastaro ugari egiten ditugu. Horrek komuneroen mugimendura hurbiltzeko aukera ematen die gazteei”. Haurren beharrak aintzat hartzen dituzte beti: “Nolabait esatearren, pedagogiaren ikuspegitik formalak ez diren hainbat jarduera egiten ditugu, eta horrek lagundu egiten die umeei komuna zer den ulertzen, zertarako balio duen eta han nola bizi diren. Jarduera asko egiten ditugu haurrekin, eta komunako kideok prestakuntza-ikastaroak egiten ditugunean, beti egoten dira haurrak zaintzeko espazioak, gurasoek lasai parte har dezaten saio horietan”. El Maizalen prestakuntza politikorako jarduera asko egiten dituzte, eta umeak han izaten dira beti. Haurrak zaintzeko espazioak dituztela esatean, aisialdian egiten diren jarduerak etor dakizkiguke burura; baina han egiten dutena harago doa. Haurrekin ez dituzte soilik jolasak egiten, ez dira mugatzen aurpegiak margotzera edota saltoka aritzera. Jolasaren bidez, komunari buruzko kontzeptuak azaltzen dizkiete. “Chavez komandantea nor izan zen azaltzen diegu, eta zer garrantzi izan zuen komunaren sorreran. Haurrek kontsignaren bat botatzen dute, eta mistika bat sortzen da. Esaterako, abesti bat, poema bat edota irakurketa bat interpretatuz, mezuak helarazten dizkiegu, gure lurraldearen kalitatea eraldatzen jarraitzeko helburuz”, azaldu digu Lamusek. Jarduera horiek, ordea, ez dira nahikoa haurrak eta gaztetxoak hezteko, eta beharrezkoa ikusi zuten hori guztia osatzea. Orduan sortu zuten Isabel Gonzalez Lapiya herri-heziketarako eskolaren proiektua. Gonzalezek ikusi zuen garrantzitsua zela eredu pedagogikoan aldaketa egitea, eta horretara bideratu zuen bere lana. “Kezka zuen nola aldatu erakundeetatik zetorkigun eredu pedagogikoa. Eta eskola sortu genuenean, haren izena eman genion. El Maizalek eskola fisikoa izan behar zuen, haurrak egunero hara joan zitezen hezkuntza tradizionala jasotzera; baina guk ere aukera izan behar genuen beste ikasgai batzuk sartzeko. Hori guztia, Chavez komandanteak aipatzen zuen emakume eta gizon berriak eraikitzeko helburuarekin”. Eta halaxe egin dute: eurek egoki ikusi dituzten ikasgaiak sortu dituzte. Familia-nekazaritza da horietako bat. Nekazaritza-eremuan bizi dira, eta garrantzi handia ematen diote horri. Baina badira beste batzuk ere: herri-komunikazioa, kirola, kale-antzerkia, informatika edota abereen gaineko heziketa. Horrez gain, zinema-areto komunitarioak ere badituzte, haurrek beste komunitateetako haurrekin harremanak garatu ditzaten. Gainera, kultura- -arratsaldeak antolatzen dituzte eskolan.


Haurrei zuzendutako prestakuntza politikorako eskola dugu, eta ikastaro ugari egiten ditugu. Horrek komuneroen mugimendura hurbiltzeko aukera ematen die gazteei


 

Eskolaren ezaugarriak eta metodologia 

Komunako haurren heziketan pentsatuz eta komunaren balioek jarraipena izan zezaten proposatu zuten eskola sortzea. Eta hainbat gizarte-mugimenduren esperientziak aztertuta eta El Maizalen bertan bizitako esperientzietan oinarrituta abiarazi zuten proiektua. Jarduera politikoetan eta heziketa-jardueretan aita-amen parte-hartzea bermatzeko, heziketarako espazioak sortu beharra zegoela ikusi zuten. Hala azaldu du Lamusek: “Gure eskolaren helburu estrategikoa herri-heziketaren printzipioetan oinarritutako heziketa-espazioa sortzea da, komuneroen seme-alabak komunako batasunaren garrantziaz ohart daitezen. Eta planteamendu hau ez dugu soilik El Maizalerako egiten. Hezkuntza-eredua aldatzeko esperientzia horrek komuna guztietarako balio izatea nahi izango genuke”.


Gure eskolaren helburu estrategikoa herri-heziketaren printzipioetan oinarritutako heziketa-espazioa sortzea da


 

Ikasle konprometituak 

Ikasleek komunaren proiektuarekin konpromisoa izan dezaten nahi dute El Maizalen. Komuneroen borrokan aritzeko gaitasuna izan dezatela, prozesu politikoen eta ekoizpen-prozesuen ikuspegi sektarioa alboratuz; ezaguera teknikoak eta ezaguera zientifikoak eskuratu ditzatela. Hau da, gizarte kapitalistaren printzipioen kontrako jarrera duten ikasleak hezi nahi dituzte, komunan nagusi diren printzipioekin, printzipio sozialistekin, koherenteak direnak. Komunako eskolaren garapenerako, bost oinarri dituzte: lana, komuneroen borroka, antolakuntza kolektiboa, kultura eta historia. Horretarako, beste herrialde batzuetako esperientziak ere aintzat hartzen dituztela azaldu zuen Lamusek: “Esperientzia ederra ikusi genuen Brasilgo herri-eskola batean. Sei, zazpi eta zortzi urteko haurrak elkarrekin, inguruan heldurik izan gabe, eskolan zer azpiegitura-arazo zituzten eztabaidatzen ari ziren. Arazo hori nola konpondu zitekeen aztertzen ari ziren beren artean. Guk ere halako esperientziak behar genituela pentsatu genuen, eta, orain, hori eraikitzen ari gara”.


El Maizalek eskola fisikoa izan behar zuen, haurrak egunero hara joan zitezen hezkuntza tradizionala jasotzera; baina guk ere aukera izan behar genuen beste ikasgai batzuk sartzeko. Hori guztia, Chavez komandanteak aipatzen zuen emakume eta gizon berriak eraikitzeko helburuarekin


 

Ebaluazioa 

Ebaluazioa integrala izatea hobesten dute El Maizalen. “Esperientzia bere osotasunean hartu behar dugu, eta ikaslearen ibilbidea eta garapena aztertzeko aukera ematen duten elementu guztiak aztertu behar ditugu”, esan zuen Lamusek. Gizon zein emakumeak osotasu - nean hezi eta prestatu nahi dituzte eskolan, eta Haur Hezkuntzarekin hasita, pixkanaka handitzen joa - teko eta Lizeoa sortzeko helburua dute. Gaur-gaurkoz, ez dute egitura fisikorik eskolarentzat, eta caney batean, lastoz egindako teilatua duen estalpe batean, aritzen dira. Eskolaren sorrera onartu du Vene - zuelako Hezkuntza Ministerioak, baina homologazioaren zain daude orain. Bitartean, ilusioz begiratzen diote etorkizunari El Maizalen. Han, artoa landatzen jarraitzeko haziak ureztatzen dituzte egunero, atsede - nik gabe. Txikitik hasita, mundu hobea eraikitzeko ametsari jarrai - tuz. Eta mundu hobea eraikitzeko bidean, hezkuntzak duen garrantzia aintzat hartuta.