Irati Azpeitia Iraola | Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan graduatua

Zer dakigu elebitasunari buruz? Galdera horri erantzun nahi izan dio Irati Azpeitiak, bere Gradu Amaierako Lanean. Elebitasunaz ezer gutxi dakigula ondorioztatuta, “Hezitzaile elebidunaren dekalogoa” osatu du, oinarri gisa neurozientzia hartuta.

 

Gaur egungo mundua gizarte global eta interkonektatu baten irudikapen bilakatu da. Globalizazioak bizitzeko, lanerako, harremanak izateko eta ikasteko moduak eraldatu ditu, teknologiaren eta zientziaren aurrerapenei esker. Konexio digitala eta munduan barrena bidaiatzeko erraztasuna direla medio, pertsonok elkarrekin bizitzeko, partekatzeko eta geure bizitza aberasteko modu berriak ezagutu ditugu, eta zientziaren eta kulturen nazioarteko sarea osatu dugu horrela. Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantaila sozialak, komunikatiboak eta ekonomikoak ekarri ditu, eta, horren ondorioz, ugarituz doa hezkuntza elebidunaren eskaera. Ezinbestekoa da, beraz, hezitzaileok elebitasunari buruzko oinarrizko ezagutzak izatea. “Hizkuntzaren ikaskuntza egokia pertsonaren garapen holistikoaren oinarrian dago; hizkuntza-ikaskuntza desegokiak alterazio afektibo- -emozionalak, sozialak ala akademikoak ekar ditzake, autoestimu baxua, frustrazioa eta eskola porrota sorraraziz”

Uri Ruiz Bikandi, 2002.

 

Baina zer dakigu hezitzaile elebidunok haurren elebitasun goiztiarrari Irati Azpeitia Iraola Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan graduatua | EKARPENA eta haurren bide linguistikoari buruz?

Gero eta eleaniztasun handiagoa duen gizarte honetan, jendartean gai hori zenbateraino ezagutzen den aztertu nahi izan genuen Elebitasuna neurozientziaren begiradatik gradu amaierako lanean. Lan hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) gauzatu nuen, 2023-2024 ikasturtean, Idoia Ilzarbe Zubia irakaslearen gidaritzapean.

637 pertsonak osatu zuten ikerketa lagina. Parte hartzaileei inkesta bat helarazi genien online, eta modu anonimoan erantzun zioten, eskatutako datu soziolinguistikoen eta soziodemografikoen egiazkotasuna bermatzeko helburuarekin. Laginaren % 90,6k elebidun edo eleaniztun gisara identifikatu zuen bere burua, eta parte hartzaileen % 59 hezitzailea zen (irakaslea, hezkuntza ez-formaleko hezitzailea edota gurasoa). Ikerketarako adierazgarria ez dirudien datua izan arren, parte hartzaileen batez besteko adina kalkulatu genuen –30,5 urte– lortutako emaitzek zer belaunaldiren ezagutza islatzen duten ondorioztatzeko.

“Zer dakizu elebitasunaz?” atalean, elebitasun goiztiarrari buruzko zortzi adierazpen aurkeztu genizkien, eta parte hartzaileek “egia”, “gezurra” edo “ez dakit” erantzuteko aukera izan zuten. Azken aukera horrekin, nahi izan genuen jendeak onar zezan gaiaz ez dakiela, eta uste dugu helburu hori erdietsi genuela. Izan ere, lortutako erantzunen % 15,75 “ez dakit” aukerari dagokio. Zortzi galderetan bildutako emaitzak aztertuta, datuen interpretazio orokorra egin genuen: parte hartzaileek galderen % 49,8 zuzen erantzun zituzten, eta erantzun okerrak % 34,4 izan ziren. Bestalde, % 15,75ek euren ezjakintasuna onartu zuten.

Inkesta horren bitartez, jendeak haurren etapa goiztiarreko hizkuntza-ikaskuntza prozesuaz zer ote dakien jakin nahi izan genuen. Lurralde elebidun batean hazi eta hezi diren pertsonek elebitasunari buruzko ezagutza falta dutela frogatu nahi genuen, eta ondorioztatu nahi genuen kolektibo gisa ez dagoela gaiarekiko kontzientziarik.

Ezjakintasunari erantzun bat ematearren, “Hezitzaile elebidunaren dekalogoa” testuan aurkeztu dugu elebitasun goiztiarraren gaineko oinarrizko ezagutza zientifikoa, jakintza zientifikoa testuinguru neurozientifikotik harago gizarteratzeko helburuarekin.

“Hezkuntza pertsona askoren eguneroko eginkizuna den heinean, neurohezkuntzaren aurkikuntzek eta proposamenek eskuragarri egon beharko lukete gizarte osoarentzat, testuinguru neurozientifiko eta pedagogikoetatik harago”

Anna Flores eta David Bueno, 2018.

 

Neurozientzia ez da moda bat

Azken hamarkadan, enpresa eta profesional askok neuro-, brain- eta antzezko aurrizki eta atzizkiak dituzten produktuak eta programak (braingym, sharpbrain eta abar) merkaturatu dituzte, pertsonen ongizate fisikoa eta mentala bultzatze aldera. Sarritan, garunaren fikziozko irudiak erabiltzen dira komunikabideetan eta iragarkietan, jendea erakartzeko eta haien produktuak trending topic gisara saltzeko. Esan daiteke azken urteotan jende askoren ahotan dagoen hitza bihurtu dela neurozientzia, baina neurozientzia ez da moda bat, behar bat eta ebidentzia bat baizik (Elizondo, 2022).

Digitalizazioak eta sare sozialek edonork ‘klik’ batean informazioa eskuratzea eta partekatzea ahalbidetzen dute, eta edonorentzat parez pare zabalik daude Interneterako ateak. Eskuragarritasun horrek fokua eskura dugun informazioaren kantitatean jarri du, kalitate eta sinesgarritasun irizpideak atzean utzita. Neurohezkuntzan adituak diren David Buenok eta Anna Floresek “infotoxikatuta” bizi garela adierazi zuten 2018. urtean, modako edozein kontzepturen ebidentzia zientifikoari zientziak onartu gabeko ikuspuntuak eta mitoak gehitzen zaizkiolako eta hala gizartean uste okerrak eta neuromitoak sortzen direlako.

Urte berean, Laura Carballo eta Marta Portero ikertzaileek elebitasunaren gaineko hainbat neuromito aurkeztu zituzten; esate baterako, bigarren hizkuntza ikasten hasteko ama hizkuntza menderatu arte itxaron behar dela, bigarren hizkuntza ikastean, galdu egiten duela lehenengo hizkuntzak, hizkuntza bakoitzak garunean eremu desberdina hartzen duela, edota haur elebidunak argiagoak direla. Sinesmen horiek guztiek ez dute frogapen zientifikorik, oso zabalduak egon arren eta asko entzuten diren arren.


Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantaila sozialak, komunikatiboak eta ekonomikoak ekarri ditu, eta, horren ondorioz, ugarituz doa hezkuntza elebidunaren eskaera


 

Hezkuntza elebiduna, aberatsen hezkuntza

Gaur egun, pertsona askok jasotzen dituzte atzerriko hizkuntzaren bat ikasteko eskolak, eta haurrak gero eta gazteago hasten dira eskolaz kanpoko zerbitzuak jasotzen. Eskolaz kanpoko jarduera pribatuek pisu handia dute gure gizartean, eta pertsona asko mugitzen dira burbuila horretan. Baina hortik at geratzen dira beste asko. Eskolaz kanpoko jarduerak gizarte kohesiorako aukera bikaina izan zitezkeen arren, gizarte hausturarako tresna bilakatzen ari dira (Garcia, 2022).

Dirudienez, familia dirudunetako seme-alaben hezkuntzaren zutaberik garrantzitsuenetako bat ingelesaren eta atzerriko hizkuntzen ikaskuntza da. Baina ba ote dakite gurasoek zer eragin izan ditzakeen eleaniztasun goiztiarrak seme-alabengan? XXI. mendeko haurrak gehiegizko estimulazioan erori ote dira? Hizkuntza titulu akademikoak lortzeak bultzatzen duen estatus soziala dela eta, gurasoak beren haurrak antsietatea jasatera bideratzen ari ote dira atzerriko hizkuntzak ikasi behar izatearen ondorioz?

Bestalde, atzerriko hizkuntzaren ikaskuntzan, nabarmena da segregazio egoera, eta familiaren testuinguru soziokulturala eta testuinguru ekonomikoa eragile esanguratsuak dira hizkuntzen ikaskuntzan. Horren aurrean, hezkuntza publikoak ziurtatu beharko luke haurrek eta gazteek atzerriko hizkuntzetan baliabide kulturalak eta kalitatezko komunikabideetarako sarbideak dituztela.

Eleaniztasunak aberatsen esku dagoen aukera izatetik harago joan behar du, testuinguru eleaniztunak onuragarriak eta osasungarriak direlako haurren identitatea eraikitzeko.

 

Hezitzaile elebidunari

“Hezitzaile elebidunaren dekalogoa” elebitasun goiztiarrari buruzko ezjakintasunari erantzuna emateko tresna xume bat dela esango nuke. Uste dut hezkuntza elebidunaren eta eleaniztunaren erantzule den hezitzaile orok gaiarekiko oinarrizko ezagutza batzuk bereganatu behar dituela atzerriko hizkuntzekiko antsietatea murrizteko eta segregazioa ezabatzen duen hezkuntza eskaintzeko.

Hezitzaile, zaindu ezazu zuk esaten duzunak eta egiten duzunak utzitako arrastoa!