PEDAGOGIAREN, BALIOEN EDOTA HEZIKETA EGOKIAREN IZENEAN, SARRI, HAURREI ERREALITATEA MOZORROTUTA EMATEN ZAIELA SALATZEN DU ILUSTRATZAILEAK: “BADIRUDI ARDOA, ZIGARROA... MARRAZKIETATIK KENTZEN BADITUZU, EZ DIRELA EXISTITZEN, BAINA HORI GEZURRA DA”.
Ibilbide luzea egin du Elena Odriozolak (Donostia, 1967) ilustraziogintzan. Arte eta dekorazio ikasketak eginda, publizitatearen munduan hasi zen lanean, baina 1998tik marrazkigintzan dihardu. Ordutik hona ehun liburu baino gehiago landu ditu, hainbat hizkuntzatara itzuli direnak eta sari ugari lortu dituztenak. Besteak beste, Ilustrazioaren Euskadi Saria jaso zuen 2009an eta 2013an, baita Espainiako Edizio Sari Nazionala ere urte berean. 2015ean, bestalde, Espainiako Ilustrazio Saria eman diote.
Txikitatik jakin izan du Odriozolak marraztu egin nahi zuela, baina ez da kontzienteki bilakatu ilustratzaile, uste baitu gauzak “etorri egin behar direla”. Barruak eskatzen diona egiten du ilustratzaileak, argi duelako norberak gustura sentitu behar duela egiten duen horrekin: “Niri modak ez zaizkit gustatzen. Badaude modak, non denak berdina egiten amaitzen duten. Baina marrazki horietan ez dago norbera den horretatik ezer eta niri hori ez zait interesatzen”.
Behin eta berriz esana duzu, zuk egiten duzuna ez duzula haurrentzat egiten, baina zure marrazkiak nagusiki haur-ipuinetan agertzen dira.
Bai, hala da. Nire marrazkiak ez dira ez haurrentzat ez helduentzat. Nik niretzat marrazten dut. Oso zaila egiten zait “haurrentzat marrazte” horrek zer esan nahi duen jakitea, baina, era berean, uste dut haurra kontuan izan behar dela haur ipuin baterako ilustrazioak egin behar badituzu. Eta esango nuke nik ere kontuan izaten ditudala, baina kontziente izan gabe. Gainera, haurraz hitz egiten dugunean, zein haurrez ari gara? Haur bakoitza diferentea da. Beraz, zen-tzugabea litzateke haur bakar batean pentsatzea marrazterako orduan. Berdin gertatzen da helduen kasuan ere. Horrexegatik, oso zaila egiten zait marrazterakoan norbait buruan izatea. Egiten dudan hori niri gustatu behar zait. Nire iragazkia pasatzen badu, balioko du; bestela ez.
Beste eremu batzuetan ere jardun duzu lanean, publizitatean, esaterako, baina azken urteetan zure jarduna haur-ipuinen ilustraziora bideratu duzu. Zergatik?
Hori berez etorri da. Nik ez dut bilatu. Nik beti marraztu izan dut, ilustratzaile denek edo gehienek bezala. Arte eta dekorazio ikasketak amaitu nituen, publizitate-agentzia batetik deitu zidaten eta han hasi nintzen lanean, maketatzaile bezala, publizitateari buruz ezer jakin gabe. Han nirekin lan egiten zuen neska batek lagun bat zuen Elkarren eta komentatu zidan ea zergatik ez nizkien nire marrazkiak erakusten. Hala, marrazki batzuekin argitaletxera joan eta testu liburu batean ilustrazioak egiten hasi nintzen, baina ezer gutxi.
Haur bakoitza diferentea da. Beraz, zentzugabea litzateke haur bakarrean pentsatzea marrazterako orduan
Gero, beste agentzia batera joan nin-tzen eta berehala itxi egin zen, baina ni ez nintzen lan bila hasi. Banekien zer egingo nuen: marraztu. Artean bi ipuin besterik ez neuzkan eginda, baina gauzak iristen hasi ziren. Eta orduz geroztik nire kasa egiten dut lan. Nik banekien marraztu nahi nuela, baina ez nintzen kontzienteki ilustratzaile lanetan hasi. Ez nuen bila jardun. Uste dut gauzak etorri egin behar direla. Nire kasuan behintzat hala da. Eta ez da erosotasunagatik egiten dudan zerbait, baizik eta nire funtzionatzeko modua da.
Publizitatearen munduak egin dizu ekarpenik haurrentzako ilustrazioak egiteko?
Publizitatean ikasi nuen testu batek dioen gauza bera ezin duela esan irudiak. Iragarki baten titularrak gauza bat esaten baldin bazuen, nik banekien horrekin jolastu egin behar nuela eta beste zerbait erantsi. “Zer esaten dit titular horrek?”, galdetu behar nion neure buruari eta horri erantzuten saiatu. Liburuekin gauza bera egiten dut: testua irakurri eta nire ikuspegia eman.
Txikitan etxean marrazten hasi zinen, haur gehienak bezala. Baina heldu ahala, oso jende gutxik jarraitzen du marrazten. Ume guztiek marrazten badute, zergatik uste duzu marrazten dutela hain heldu gutxik?
Nik uste dut marrazkiak egiteari ez zaiola behar adinako inportantziarik ematen. Nik etxetik jaso dut. Etxean dena marrazten genuen, beti ari ginen marrazten. Etxean hori landu dugu, baina eskoletan? Uste dut inportantzia gutxi ematen zaiola, musika edo plastika bezala. Badirudi marraztea denbora-pasa dela, eta nik hori ez dut ulertzen. Pena handia da. Izan ere, haur gehienei asko gustatzen zaie marraztea, eta gero bat batean, utzi egiten diote marrazkiak egiteari.
Trazu perfektua, marretatik ez ateratzea, fitxak erabiltzea… zuk ez duzu horrelakorik bilatzen. Gainera, akaso, hori ez dator bat sormenarekin, ezta?
Hori niretzat kriminala da. Hori ez da sormena, hori beste zerbait da. Zergatik ez da marretatik aterako? Umeak egingo du egin behar duena eta gustatzen zaiona. Marrazki zoragarriak daude marratik ateratzen direnak.
Zure marrazkiak iradokitzaileak dira. Ez oso zehatzak. Tipikoa izan ohi da: “zer marraztu duzu hemen?” galde-tzea… bereziki, haurren kasuan.
Hori ere txorakeria bat iruditzen zait. Nik uste dut haurrak, nahiz eta guk ez ikusi, zerbait egiten ari direla. Ez dira ari marrazki abstraktuak egiten, zerbait konkretua baizik. Eta zoragarria da. Guk egin ezingo genituzkeen marrazkiak ateratzen dira. Askatasun hori dute, zerbait espontaneoa da. Haurrek ez daukate beldurrik. Denborarekin hori da galtzen dutena, espontaneitate hori, askatasun hori.
Zergatik ez da marretatik aterako? Haurrak egingo du egin behar duena eta gustatzen zaiona
Testua izan ohi da lehenik, eta ondoren etortzen da irudia. Idatziaren apaingarri huts baino gehiago da? Zer eransten dio irudiak testuari?
Beste irakurketa bat eransten dio: nire irakurketa. Nire interpretazioa egiten dut: zer ulertzen dudan nik testu horretan. Nik ikusten dudan hori marrazki bidez kontatzen dut, nire ikuspegia da. Horrexegatik kosta egiten zait ulertzea marrazkiak inork “apaingarri huts gisa” ikus ditzakeenik.
Marrazkiak egiterakoan balio hezi-tzailea ere ez duzula kontuan izaten esana duzu. Baina zure marrazkiek ez dute estereotipoetara jotzen, zure printzesak ez dira ikustera ohituta gauden horietakoak, eta alde horretatik hezitzaileak ere izan daitezke.
Nik gorrotatu egiten dut politikoki zuzena dena. Askotan pedagogiaren edo balioen edo heziketaren izenean zuzenketak eginarazten dizkigute, eta batzuetan, badirudi inozoentzako marrazkiak egin behar ditugula. Mutur batetik bestera igarotzen gara askotan, eta orain, adibidez, badirudi printzesa guztiek borrokalariak izan behar dutela. Baina hori bera ere politikoki zuzena izatea da, hori delako orain tokatzen dena. Niri hori ez zait batera gustatzen.
Txorakeria asko dago: “Ez marraztu ardoa, edatea txarra da-eta; eta pertsonaia hori ez jarri zigarroa erre-tzen…”, hala badirudi ardoa eta zigarroak ez direla existitzen. Baina hori gezurra da. Askotan, umeak inozoak balira bezala tratatzen ditugu, eta niri hori amorragarria iruditzen zait.
Zein zuzenketa mota egiten dizkizuete, bada?
Sinestekoak ez diren moduko zuzenketak egiten dizkigute batzuetan. Behin emakume bat biluzik marraztu nuen, istorioa horrela zelako eta per-tsonaiak biluzik ibiltzen zirelako. Bat-batean, niri ezer esan gabe, ilea hartu eta luzatu egin zioten emakumeari, titiak estaltzeko. Orain dela gutxi berriz, fabrika bat eta handik ateratzen zen kea marraztu nituen, eta kea ukabil forman jarri nuen. Aldatzeko eskatu zidaten, ukitu komunista zeukalako. Beste behin marinel bat marraztu behar izan nuen, eta topikoetara joz, pipa bat jarri nion. Baina, hori ere nonbait ez zitzaien politikoki zuzena iruditu eta kendu egin behar izan nuen. Horrelakoak asko gertatzen dira.
Nire lana pentsatzea da eta zer kontatuko dudan erabakitzea; horren atzetik sartzen da jokoan teknika
Solidoak ikusten dira zure marrazki gehienetan, borobil-erako bolumenak, eta lepo lodiko pertsonaiak… Segurtasunaren sinonimo dira?
Uste dut baietz. Segurtasuna ematen didate, zeren sostengatuta daude. Oso oin txikiak egin ohi ditut, eta marrazkiak askotan oinetatik mozten ditut, baina hala ere pertsonaiak ez dira erortzen. Kontrakoa. Hor daude, ondo jarrita, eta burua ere ez da erortzen. Hasieran nire lepoak oso finak ziren, baina loditzen joan ziren. Eta orain oso lodiak dira. Baina, hori ere, akaso, aldatuko da.
Emakumeak marrazten dituzu batez ere. Arrazoi bereziren batengatik?
Hasteko ni emakumea naizelako. Eta bigarrenik, nire etxean ere denok emakumeak garelako. Finean, nire mundua emakumezkoa da. Eta, gainera, gehiago gustatzen zait emakumeak egitea gizonezkoak baino. Hortaz, pertsonaia ez badago zehaztuta, normalki, emakumea egiten dut. Hala ateratzen zait.
Gainera, marrazkietan ni hor nago. Ez fisikoki, gehiago da pertsonaiek dituzten erreakzioengatik. Kasu horretan, nik era honetara edo bestera jokatuko nuke eta hori islatzen dut. Nire ikuspuntua da eta pertsonaiek horregatik hartzen dute jarrera zehatz hori. Azken batean, nire irakurketa da eta horregatik nago ni beti marrazkietan.
Sortzeko, baina, nonbaitetik abiatu behar izaten da. Zein da zure sormen unibertsoa?
Alboan dudana eta gustatzen zaidana. Nik uste dut guztiak balio duela: etxean daukazunak, lagunak, zure inguruak… Pintoreak, pelikulak, liburuak, etab. ere hor daude, baina nik uste dut inportanteena egunerokoa dela.
Gauza batzuk asko gustatzen zaizkit, klaustroak edota lorategi botanikoak adibidez. Baina hori dago nire marrazkietan? Esplizituki behintzat ez. Baina nik klaustroetan edota lorategi botanikoetan oso ondo sentitzen naiz. Nire marrazkietan daude? Ez. Baina nik behar ditut. Zerikusia dute nire izaerarekin, eta nire izaera hor dago marrazkietan.
Nahiz eta guk ez ikusi, marraztean haurrak zerbait konkretua egiten ari dira; ez marrazki abstraktuak
Eboluzio bat egon da zure lanean. Nolakoa izan da garapen hori?
Nik uste dut hori berez etorri dela. Nik krisi asko eduki ditut, nire kasuan ohikoa da hori. Iristen da momentu bat egin duzunak jada ez dizuna balio. Badakizu zerbaitek aldatu behar duela, baina zer egin eta nola? Nik ez dut esperimentatzen, ez naiz probak egiten hasten, baina momentu batean aldaketa iritsi egiten da.
Hortaz, buruan lantzen duzu lehenik ideia?
Marrazketa, funtsean, burua da. Beno, burua eta emozioa. Toki askotatik gonbidatzen dituzte marrazkilariak eta esaten diete marrazteko momentuan nahi dutena, aurrean dutena, egoera horrek iradokitzen diena… Niri hori ez zait batere gustatzen. Momentuan marraztea ez da nire lana eta ez dut ondo egiten gainera. Nire lana pentsatzea da, eta zer kontatuko dudan erabakitzea. Gero dator ea nola kontatuko dudan aztertzea. Eta hori ere oso inportantea da. Baina askotan uste dut lehenengo parte hori ahaztu egiten dugula: pentsa-tzea, hau da, zer egin eta zer kontatu erabakitzea. Teknika inportantea da, baina ideia ere bai.
Baina sormen lanean aritzean, iritsi ohi da momentu bat egiten duzuna egiten duzula, errepikatzen ari zarena. Zer egiten duzu une horietan?
Azkenaldian gero eta maizago izaten ditut krisiak. Ia-ia liburu bakoitzarekin gertatzen zait. Neure buruari galdezka hasten naiz: “Nik zer egiten dut? Nola egiten dut?” Eta, ez dakit zer egiten dudan, ez nola egiten dudan. Uste dut hori alde batetik ona dela. Nik ez dut ulertzen beti gauza bera egitea. Batez ere, ikusten dudalako orain dela hainbat urteko ma-
rrazkietatik oraingoetara hobetu dudala. Hortaz, krisi horiek, orain arte behintzat, iruditzen zait hobetzeko izan direla.
Lehen, teknikari dagokionez, ez nuen testua hain kontuan hartzen; krisialdiak bizitzen nituen eta aldaketak egiten nituen, baina ez zeukaten zerikusirik testuarekin, orain jada bai. Testu bakoitzaren aurrean galdetzen diot neure buruari: “Testu honek zer behar du? Eta zer kontatu behar dut? Eta zein teknika da horretarako egokiena?”.
Behin baino gehiagotan lan egin dut niri ezer esaten ez zidaten testuekin; “Beno, behintzat ondo pasako dut”, pentsatzen nuen. Orain, ordea, gehiago aukeratzen ditut testuak. Eta nire sentsazioa da jada ez dakidala nola marrazten dudan, eta ez dakidala zer egiten dudan. Batzuetan beharrezkoa da horrelako krisialdietatik pasatzea, baina beldurra ere ematen du.
Jada edozein testurentzat ez duzula marrazten diozu. Hortaz, inportantzia ematen diozu abiapuntuari ere?
Bai. Iruditzen zait liburu asko egiteagatik egiten direla eta ez dutela ezer kontatzen. Liburu gehiegi dago. Hobe izango litzateke liburu gutxiago argitaratzea, baina argitaratzen diren horiek hobeak izatea. Liburu asko ‘erabili eta bota’ filosofiarekin ateratzen dira. Liburuak segituan hil egiten dira, ez daukate bizitzarik. Iritsi gara momentu batera non denak berria izan behar duen. Ondo legoke iraungo duen zerbait egitea eta amaitzen denean berriz ere aterako dena, baina gaur egun hori ia ezinezkoa da.