Libe Garmendia, dietista nutrizionista

Tabernako edariak

Haurrekin taberna batera joaten garenean, beti zalantza bera izaten dugu: zer eskaini diezaiekegu? Dena txarra iruditzen zaigu, Coca Cola, azukre eta gasdun freskagarriak… Edari isotonikoak, muztioa edo zukuak eskaintzeko ohitura izan dugu, baina horiek ere ez dakit ez ote diren besteak bezain txarrak. Zer egin dezakegu? 

FRESKAGARRIAK AZUKRE asko duten edariak dira eta horien kontsumo altua hainbat gaixotasun izateko arriskuarekin loturik dago. Edariak, 100 ml-tik 5g azukre baino gehiago dutela adierazten dutenean, azukretan aberatsak dira. Eta 2,5g-tik behera, azukretan baxuak. Aquarius edariaren lata batek, esaterako, 330 ml-tan 26g azukre ditu (6,5 azukre koxkor). Muztioaren kasuan, osasungarriagoa badirudi ere, 300 ml-ko edalontzi batek 51g azukre ditu (12,75 azukre koxkor). Zukuek edo nektarrek ere azukreak izaten dituzte gehituta, 330 ml-tan 34g azukre (8,5 azukre koxkor). Eta naturalek, azukrerik gehituta ez badute ere, azukre askeetan aberatsak direnez, azukrea gehituta edukiko balute bezala da. 
Bestalde, ohiko freskagarrien “light” edo “0” bertsioak ere badaude. Horiek ez dute gehitutako azukrerik izaten, baina sakarina edo aspartamoa bezalako edulkoratzaileak izaten dituzte. Eta, ondorio negatiboak ere badituzte, ez dira egokiak ez pertsona guztientzat, ez eta adin edo egoera fisiologiko edo patologiko guztientzat ere.
Ondorioz, azukrea edota edulkoratzaileak gehituta dituzten freskagarriak ahalik eta gutxien edatea gomendatzen da. Zalantzarik ez dago: edaririk onena ura izango da, beti. Ura nahi ez dutenean eta beste zerbait nahi dutenean, baso bat esne eskain diezaiekegu. Tarteka hartzeko, beste aukera bat izan daiteke ura gasarekin eta limoi zukuarekin ematea. Eta oso noizean behin kontsumitzeko bada, edozein edari aukeratu daiteke. 


Gainpisua

Nola jakin dezaket haur batek gainpisua duen eta gainpisu hori arduratzekoa den ala ez? Gure 12 urteko semea betidanik izan da zabala, sendoa eta pisua hartzekoa, ondo jaten du, denetarik, baina asko. Garatzen doan neurrian argaltzen eta fintzen joango dela pentsatzen dugu, baina ez dakigu arduratzekoa den ala ez, neurriak hartu beharko genituzkeen ala itxaron egin beharko genukeen. Nola jakin dezakegu?

SEMEAK EDO ALABAK duen gainpisua kezkatzekoa den ala ez jakiteko, egokiena pediatrarengana edota haur elikaduran espezializatua eta nutrizioan aditua den norbaitengana jotzea gomendatuko nuke. Horrelako kasuetan, pisua eta altuera neurtu eta hazkuntza grafiken bitartez gainpisua edo obesitatea duen ebalua daiteke. Adin horretan, zein garapen eta hazkuntza alditan dagoen kontuan izatea garrantzitsua da, gorputz konposizioan aldaketak gertatzen hasten diren garaia baita. Gerriko perimetroak eta gorputz konposizioaren neurketak ere informazio asko ematen digu, eta modu horretan, gantz metaketa handia duen edo ez eta non kokatua duen ikus dezakegu.


Atuna

Duela gutxi entzun dut ez dela gomendagarria 10 urte bitarteko haurrei atunik ematea. Guk orain arte etxean entsaladan atuna jarri izan diegu beti eta hegaluzea ere jaten dugu, dagoenean. Kaltegarria al da? Onura baino kalte gehiago ote dakar? Haurrentzako oso erakargarria da entsaladarako. Ba al da alternatibarik?

ARRAIN URDIN handiak, zimarroia, marrazoa, lutxoa edo ezpata arraina bezalako arrainak, merkurioan (metilmerkurioan) aberatsak dira, itsasoan dagoen merkurioa metatzen baitzaie. Hamar urtetik behera, horien kontsumoa ekiditea gomendatzen da eta baita haurdunaldian edo edoskitzaroan dauden emakumeen kasuan ere. Kontserban egoten dena hegaluzea izan ohi da, eta aipaturiko arrainek baina merkurio gutxiago du. Arrain horren kontsumoari mugarik jarri ez zaion arren, aipaturiko adin tarteetan eta egoera fisiologikoetan, atunaren kontsumoa neurtzea eta arrain urdin espezie txikiak aukeratzea gomendatzen da: sardinak, antxoak, berdela…