Libe Garmendia | Dietista eta nutrizionista

Elikadura osagarria

Gure alabak bost hilabeterekin interes handia zeukan janarekin, eta mahaian ditugun elikagai batzuk ematen hasi gara: aguakatea, berdura pixka bat… Bost urteko semea jaio zenean, pediatriatik mezu zurrunak jaso genituen noiz eta zerekin hasi, baina orain malguago jokatzen ari dira… Zein dira haurra elikadura osagarriarekin hasten denean oso kontuan izan behar ditugun puntuak?

ELIKADURA OSAGARRIAREKIN hasterakoan badira kontuan izan behar ditugun hainbat aspektu. Batetik, garrantzitsua da jakitea elikadura osagarria ama esnearen edo esne artifizialaren osagarria izango dela, eta ez alderantziz. Horregatik, elikadura osagarriaren lehen hilabeteetan, haurren behar energetikoak amaren esneak edo esne artifizialak beteko dituzte, nagusiki. 
Elikagai berri bat eskaintzeko hiru egun itxaron behar dira. Modu horretara, elikagairen batek erreakzioren bat sortuz gero, kaltea zerk egin dion identifikatzea errazagoa izango da. Gaur egun, elikagaiak eskaintzeko orduan ez da egutegi zorrotzik jarraitu behar, baina burdinan aberatsak diren elikagaiak (haragia, lekaleak) eta alergenoetan aberatsak diren elikagaiak elikadura osagarriaren hasieran eskaintzea komeni da. Arrainaren, arrautzaren eta glutenaren kasuan, elikagai horiekiko alergia izateko arriskua gutxitzen dela ikusi baita. 
Bestetik, elikagaiak eskaintzerakoan elikagaien tamaina eta testura haurraren gaitasunen edo garapenaren arabera egokitzea gomendatzen da. Horregatik, umeak zortzi hilabete bete baino lehen hainbat testuratako elikagaiak eskaini behar dira, modu horretara haurrak elikagai ezberdinak ezagutuko ditu eta horiek murtxikatzen hasiko da, ahoko giharrak ongi garatzen lagunduz.
Amaitzeko, badira garai honetan saihestu behar diren elikagai batzuk; borraja hiru urte arte ez eskaintzea gomendatzen da eta ziazerbak eta zerbak kantitate txikian eskaini behar dira, nitratoetan aberatsak direlako. Lehen urtean ez da eztirik eskaini behar, botulismoa izeneko toxiinfekzioa izateko arriskua baitago. Arrainaren kasuan berriz, 10 urte arte merkurioan aberatsak diren arrainak ahalik eta gutxien kontsumitzea gomendatzen da. Eta noski, azukretan eta gatzetan aberatsak diren elikagaiak ekidin behar dira. Kontrako eztarritik joateko arriskua duten elikagaien kasuan, modu egokian moztuta eskaini behar dira: fruitu lehorrak (txikituak), mahatsa eta tomate txikiak (laurdenetan moztuta)… 


Harvard platera

Ikastetxe batzuetan Harvard platera deituriko eredua daukatela entzun dut. Zer dieta  mota da? Zer onura ditu? Adibideak jar zenitzake?

GIDA HORREK modu grafikoan erakusten digu otordu garrantzitsuenak zein taldeetako elikagaiez osaturik egon behar duten. Plater horren arabera, otorduaren erdia barazkiz eta frutaz osaturik egotea gomendatzen da, platerraren laurdena proteinetan aberatsak diren elikagaiez eta gainerako laurdena zerealez edota tuberkuluez. Irudian plater bakarra agertzen den arren, elikagai taldeak zein proportziotan agertzen diren kontuan hartzen badugu, otordua plater batean edo bitan antola daiteke. Modu horretara, hainbat plater osasuntsu sor daitezke: barazkiak patatarekin eta arraina, entsalada pastarekin eta arrautzarekin edota entsalada eta lentejak arrozarekin.


Jangelako jana

Neguaren ondoren, udaberrian, normalki nahiko hutsik izaten dugu barazkien saskia, eta gainera, azelgak eta azak, adibidez, haurrei asko kostatzen zaizkien barazkiak dira. Nola egin ditzakegu erakargarriago umeentzat udaberriko barazkiak? Zer alternatiba daukagu, bestela, udaberrian?

UDABERRIA IRISTEAREKIN batera, barazki batzuk desagertzen hasiko dira, baina beste barazki eta lekale batzuk agertuko dira. Ilarrak eta babak apirila aldera ikusiko ditugu merkatuan eta kalabazina eta lekak, ekainean. Zerbek, ziazerbek, azek, erremolatxek, letxuek eta kukuluek baratzetan jarraituko dute.
Zerbak eta ziazerbak barazki mikatzagoak izatean, haur askori gehiago kostatzen zaie horiek jatea. Horrelakoetan, gozotasuna emango dien azenario, kalabaza edo patatarekin konbinatzea lagungarria da. Gustuko elikagaiekin batera aurkeztean edota beste errezetekin batera jartzean ere, errazago animatzen dira horiek probatzera. Hona hemen barazki horiekin prestatu daitezkeen errezeta batzuk: tipularekin, patatarekin eta txanpiñoiekin, patata purearekin edo bexamelarekin, entsaladan, lekaleekin, tortillan…