Libe Garmendia | Dietista nutrizionista
AZALA ETA JAKIAK
11 urteko gure alabak azalean gorritasunak eduki izan ditu eta azal lehorra ere bai. Elikadura aldetik begiratuta, azalean
kalte egiten duten elikagaiak bada ude? Eta mesede egiten dutenak?
ELIKADURAK GORPUTZEKO organo guztietan eragiten duenez, azalean ere eragiten du. Jarraitzen diren elikadura ohiturek hein handi batean azalaren osasuna baldintzatu dezakete. Horregatik azal osasuntsua eduki nahi izanez gero, elikadura osasungarria jarraitzea garrantzitsua da. Azalak bere funtzioak ongi bete ahal izateko, bitaminak (B, C, A, E), gantz osasungarriak, proteina eta ura behar ditu. Bitamina horiek, barazki, fruta, lekale, zereal integral, edota gantz osasuntsuetatik barneratu daitezke. Gantz osasungarriak berriz, oliba olioa, arrain urdina, ahuakatea edota fruitu lehorrak bezalako elikagaietatik. Proteinei dagokienez, animali eta landare jatorriko proteinak kontsumitzea gomendatzen da.
Kontuan izanik azalaren % 65 urez osatua dagoela, azalak ongi hidratatua, elikatua eta babestua egon behar du. Hortaz, ur kantitate egokia edatea oso garrantzitsua da.
Oso prozesatuak dauden elikagaien eta azukre gehitua duten produktuen kontsumo altuak inflamazioa eragiten du gorputzean, eta ondorioz, besteak beste, kolagenoa suntsitu, eta azalaren berritze prozesua oztopatzen du. Bestalde, kasu batzuetan, janari oso beroak, minak, onduak edo oso gaziak azalari modu negatiboan eragin diezaiokete. Txokolateak, itsaskiak, zitrikoak eta arrautzek ere, afekzio konkretu batzuetan sintomak okertu ditzakete. Elikagai horiek haurraren elikaduratik kanporatu beharrean, egokiena izango litzateke kalte zerk egiten dion aztertzea.
Hala ere, elikaduraz gain, badira beste arrazoi batzuk azal gorritasuna eta lehortzea eragiten dutenak: klima, kutsadura, genetika, infekzioak, asaldura psikologiko edo emozionalak, akaroekiko alergia, gehiegi izerditzea… Hortaz, gorritasuna eta lehortzearen arrazoia ebaluatu eta gomendioak diagnostikoaren arabera ematea izango litzateke egokiena.
ZIZAREAK
Gure 4 urteko semeak askotan izaten ditu zizareak. Elikadurak ba ote du zerikusirik? Gozoa ez dela komeni entzun dugu,
kalabaza ona dela… Egia al da?
GOZOA KONTSUMITZEAK ez du horrelako parasitoak edukitzearekin zerikusirik. Parasito horien infestazioa haurrak edo helduak jarraitzen dituen higiene ohiturekin loturik dago. Horregatik, arrautzen hedapena kontrolatzeko eta infekzioaren transmisioa prebenitzeko ezinbestekoa da higiene-neurriak zorroztea.
Tratamenduari dagokionez, medikuek dosi bakarrean hartzen den mebendazol izeneko botika gomendatu ohitu dute. Hartu eta handik hamabost egunetara errepikatu behar dena. Horrez gain, kalabaza haziak eta baratxuria kontsumitzea lagungarriak dira. Ikerketa gehiegi egin ez badira ere, elikagai horiek propietate bermifugoak izatean parasito horiek akabatzen lagundu dezakete.
FRUTAREN AZALA
Guk fruta garbitu eta azalarekin jateko ohitura dugu, eta beste batzuk azala kenduta jaten ikusten ditugu. Zein da zure gomendioa?
FRUTA, BITAMINETAN mineraletan, antioxidatzaileetan eta zuntzetan aberatsa den elikagaia da. Horiek frutaren azalean eta mamian aurkitzen dira. Fruta gehienen kasuan, azala zuntz disolbaezinetan aberatsa da. Bitamina eta mineralei dagokionez, fruta motaren arabera, mamian edo azalean kantitate ezberdinak aurki daitezke. Baina frutaren azalak nutrienteak izateaz gain, komenigarriak ez diren beste hainbat substantzia eduki ditzakete: zikinkeriak, lur zatiak, mikroorganismoak, kutsatzaile kimikoak… Hortaz, gomendioa fruta azalarekin jatea izango litzateke, baina horretarako fruta garbia dagoela ziurtatu beharko genuke.