Libe Garmendia | Dietista nutrizionista

JANARI AZKARRA

Aspaldian modan dago gure inguruan asteburuetan pizza eta hanburgesak afaltzea, eta gure 9 eta 11 urteko seme-alabek ere hala eskatzen dute. Baina nola egin pizza eta hanburgesa osasuntsuak? Eta ahal dela, itzelezko lanik hartu gabe… Zer ondorio dakartza pizza prekozinatuak eta kanpoan egindako hanburgesak sarri afaltzeak?

ETXE ASKOTAN OSO OHIKO bilakatu da asteburuetan pizza prekozinatuak, hanburgesak edo kebab-a bezalako janari azkarrak kontsumitzea. “Fast food” bezala ezagutzen ditugun elikagai hauek ahalik eta gutxien jatea gomendatzen da. Izan ere, kaloriatan oso aberatsak izateaz gain, gantz asetuetan, gatzetan, irin finduetan… aberatsak dira, eta zuntzetan oso baxuak. Gainera, askok glutamato monosodikoa bezalako zapore-indartzaileak izaten dituzte gehituta, eta horrek elikagaia gehiago jateko gogoa sor dezake. Esaterako, hanburgesa batek (haragia, gazta, ogia) 400-500 kcal eduki ditzake, eta pizza zati batek 400 kcal inguru. 9 edo 11 urteko haur baten energia beharren % 25. Honi patata frijituak eta freskagarri bat gehitzen bazaio, 800-1000 kaloriatara igo daiteke.
Horrelako elikagaiak noizean behin jaten direnean eta orokorrean ohitura osasuntsuak mantentzen direnean, haurraren elikadura ohituretan ez du eragin handirik izaten. Aldiz, litxarreriak sarritan jaten badira eta ia astebururo horrelako elikagaiak aukeratzen badira, haurraren osasunean eragin zuzena eduki dezake. Gainpisua izateko aukera handiagoak edukiko lituzke, baita II motako diabetesa edo hipertentsioa izateko arriskua ere.
Horregatik, asteroko zerbait izatea nahi badugu, horiek bertsio osasungarriagoan erosi edo prestatzea gomendatuko nuke, eta prekozinatuak edota “kanpokoak” noizean behinerako uztea. 
Etxean prestatzen direnean, nahi dizkiogun elikagaiak aukeratzeaz gain, kalitatezko osagaiak aukeratu ditzakegu. Mota guztietako hanburgesak prestatu ditzakegu; haragi mota ezberdinak (oilaskoa, behi haragia…), soja testurizatua… erabili ditzakegu hanburgesak egiteko eta horri tipula, piperrak, letxua eta tomatea bezalako barazkiak eta gazta gehi diezazkiokegu. 
Pizza osasungarria ere prestatu daiteke. Orea prestatzea oso erraza da. Gainera, txikienek ere parte hartu dezakete prestaketan. Horretarako, irin integrala, legamia, olioa eta gatza soilik behar dira. Ondoren gainean nahi diren osagaiak jarri daitezke. Hirugiharra eta hestebeteen gisako elikagaiak ekidin eta gazta, oilaskoa, atuna eta barazkiak gehi ditzakegu (piperrak, txanpinoiak, kalabazina, tomatea).


ATUNAREN ORDEZ

Udaberrian eta udan sarritan entsalada afaltzen dugu, batzuetan, lehen plater gisan eta beste batzuetan plater bakar gisan. Haurrek atuna gauero botako liokete, baina 
badakigu ez dela komenigarria. Atunaren zein alternatiba proposatzen diguzu entsaladak konpletoak izan daitezen? 

ARRAIN URDIN HANDIAK, zimarroia, marrazoa, lutxoa edo ezpata arraina bezalako arrainak, merkurioan (metilmerkurioan) aberatsak dira, itsasoan aurkitzen den merkurioa pilatzen baitzaie. Horien kontsumoa ekiditea gomendatzen da hamar urte baino txikiagoetan, baita haurdunaldian edo edoskitzaroan dauden pertsonetan ere. Metilmerkurioa gorputzean metatzen den toxiko bat da.
Kontserbako atuna orokorrean hegaluzea izan ohi da. Aipaturiko arrainek baino merkurio gutxiago du. Arrain horren kontsumoari mugarik jarri ez zaion arren, arrain urdin handia izanik, merkurio kantitate esanguratsuak dituela aipatu behar da. Hortaz, haurrek, haurdunek eta edoskitzaroan daudenek hegaluzea jan dezaketen arren, kontsumo altua ez izatea gomendatzen da. 
Entsalada osoak egin nahi dituzuenean, atunaren ordez, hainbat jaki gehitu ditzakezue; kontserbako arrain urdin txikiak (sardintxoak, antxoak, berdela), beti ere gatzetan altuak ez badira; ganbak, arrautz egosia, lekaleak, fruitu lehorrak, gazta, oilasko zatiak, tofu zatiak… Azken finean, proteinatan aberatsa den edozein elikagai gehi diezaiokezue. Entsaladek, hainbat eta hainbat konbinaketa ezberdin eginez, mota guztietakoak egiteko aukera ematen baitute.


BEHERAKOA ETA PROBIOTIKOAK

Gure alabak nahiko maiz izaten du beherakoa. Pediatrarenean egin diote jarraipena eta ez diote garrantzi berezirik eman. Elikadura aldetik nola saihestu dezakegu 
beherakoa izatea? Zer komeni da ematea eta zer ez ematea? Nik neuk probiotikoak hartu izan ditut antzeko egoeran, baina haurrei ematea ez dakit oso egokia den; ba al dago elikagairik probiotikoak dituztenik?

BEHERAKOA IZATEAREN ARRAZOI ohikoena infekzio gastrointestinala izan ohi da eta urdailaren eta hesteen mukosaren inflamazioa eragiten du. 
Beherakoaren tratamenduaren helburu nagusiak galdutako ura berreskuratzea eta errekuperazio nutrizionala dira. Beherako handia den kasuetan, gorputzeko likidoen errekuperazioa, horretarako prestatuak dauden soluzioekin egitea gomendatzen da. Horregatik, edari isotonikoak, freskagarriak eta zukuak erabiltzea ekidin behar da. Elikadurari dagokionez, haurrak apetitua izanez gero, ohiko elikadurarekin jarraitzea da egokiena. Urte askoan beherakoa zen kasuetan dieta lehorgarria jarraitzea gomendatzen zen, eta oraindik ere hainbat pediatrek horrela gomendatzen dute. Baina horrelako dieta jarraitzea ez da beharrezkoa, eta, kasu batzuetan, kaltegarria ere izan daiteke. Dieta lehorgarria jarraitzerakoan, batez ere, zuntz askoko elikagaiak eta koipe askoko prestaketa eta elikagaiak saihesten dira. Platanoa, arroz zuria, sagar konpota eta ogi xigortua bezalako elikagaiak kontsumitzen dira. Mota honetako dieta jarraitzean beherakoaren iraupena ez da gutxitzen (3-7 egunekoa gutxi gorabehera), eta gorozkien trinkotasun edo lodiera ez da hobetzen, ezta kaka egiteko maiztasuna ere. Gainera, beherakoak sortzen duen apetitu faltari, elikagaien barietate falta gehitzean, haurrek gutxiago jaten dute. Eta energia eta nutriente falta horrek, haurraren errekuperazioari ez dio laguntzen. Horregatik, haurrak beherakoa duenean, haurrak apetitua duela adierazi bezain laster, ohiko elikadura ohituretara bueltatzea da egokiena. Modu honetara, hesteetako funtzionamendua azkarrago berreskuratuko da. Kontuan izan, oso prozesatuak diren elikagaiak eta azukretan eta gantzetan aberatsak diren elikagaiak ekiditea komeni dela.
Bularra hartzen dutenen kasuan, bularra hartzen jarraitzea gomendatzen da. Gainera ama esneak immunitate sistema indartzen lagunduko duen hainbat substantzia ditu, eta errekuperazioan lagunduko du. Formulako esnea hartzen dutenen kasuan, likidoen errekuperazioa burutu ostean, formulako esnea hartzen jarraitzea aholkatzen da.
Bestetik, beherakoaren tratamenduan eta prebentzioan probiotikoak lagungarriak izan daitezke. Bereziki Lactobacillus GG, L. Casei DN eta Saccharomyces Boulardii anduiak dituzten probiotikoak. Probiotikoak mikroorganismo biziak dira, kopuru egokietan erabilita organismo ostalariaren osasunean onurak eragiten dituzte. Hidrataziorako erabiltzen diren produktu askok gehituta izaten dituzte. Suplementu moduan ere eros daitezke. 
Jogurta, kefirra, “chucrut”, misoa… elikagai hartzituak dira eta horiek mikroorganismo biziak dituzte, hesteetako mikrobiotarentzat onuragarriak direnak eta beherakoaren prebentziorako lagungarriak izan daitezkeenak.
Amaitzeko, beherakoa maiz izaten den kasuetan, arrazoia ongi aztertu eta horren arabera hartu behar izaten dira elikadura neurriak, arrazoiak ugariak izan daitezke-eta.