Libe Garmendia | Dietista nutrizionista
ANOA
6 eta 3 urteko seme-alabak ditugu. Kezkaturik gaude zaharrenak txikiak baino gutxiago jaten duelako, platerkada erdia, gutxi gorabehera. Txikia oso jatuna da… Baina nola jakin 6 urtekoak nahikoa jaten duela? Oso argala dago…
HAUR BATETIK BESTERA, adin bera edukita ere, behar nutrizional ezberdinak eduki ditzakete. Hainbat faktorek eragiten baitute pertsona bakoitzaren behar energetikoak ebaluatzerakoan: sexuak, altuerak, pisuak, aktibitate mailak, adinak, gorputz konposizioak... Faktore horiek guztiak kontuan izanik, haur batetik bestera horrelako aldea egotea ez da hain harritzekoa. Betiere, haurra osasuntsu dagoela ziurtatu beharko genuke; nekea, jolasteko gogo falta, kontzentrazio arazoak, gihar masaren beherakada edota hazkuntza edo garapenean eragina izaten ari dela ikusiko bagenu, pediatrarengana eraman beharko litzateke, eta pisu baxuaren eta apetitu faltaren arrazoia aztertu beharko lirateke. Baina ez bada horrelakorik, haurrak behar duen energia hartzen duela esan genezake. Izan ere, haurrek badute mekanismo baliotsu bat: beraien gose eta asetasun seinaleak erregulatzeko gaitasuna dute. Baldin eta mekanismo horren erregulazioan ez badugu eragin (jaterako orduan distraituz edo jatera behartuz, oso prozesatutako elikagaiak eskainiz…) haur batek badaki noiz duen gosea eta noiz dagoen ase. Horregatik, ahalegin guztiak jarri beharko genituzke hori errespetatzeko. Gose eta asetasun seinaleak errespetatzeaz gain, haurrari elikagai energetikoak eta nutrizionalki aberatsak diren elikagaiak eskaintzea da gakoa. Modu honetara, haurra osasuntsu haziko dela bermatuko dugu.
LEHORTUTA
Alaba (8 urte) kaka egiteko zailtasun handiak ari da izaten eta tripako min handiak dauzka… ze osagarri eman diezazkiokegu?
IDORRERIA izateko arrazoi ugari daude, baina ohikoenak, disfuntzioa, elikadura desegokia eta inaktibitate fisikoa izan ohi dira.
Osagarriak eman aurretik haurrak zuntzetan aberatsak diren elikagaiak kantitate egokietan kontsumitzen dituen erreparatzea komeniko litzateke. Horretarako, barazki, fruta, lekale, zereal eta fruitu lehorren elikagai taldeei begiratu behar zaie, elikagai talde horiek baitira zuntzetan aberatsenak. Honako gomendio hauek jarraituta, zuntzetan aberatsa den elikadura jarraitzen duela ziurta dezakegu:
- Egunero 5 razio fruta eta barazki gutxienez.
- Astero gutxienez 2-4 razio lekale.
- Egunerokoan 3-6 razio zereal integral.
- Astero 3-7 razio hazi eta fruitu lehor.
Zuntzaren kontsumoa handitzearekin batera, zuntzek bere lana ondo egin dezaten, oso garrantzitsua izango da ur gehiago edatea. Beraz, hidratazio egokia duen kontuan hartu beharko litzateke.
Bestetik, komunean lasai jarri eta posizio egoki bat mantentzea (kukubilko) lagungarria izaten da. Modu honetara, ipurdi eta ondesteko muskulua lasaitu egiten da eta kaka egitea errazten du.
Horrek guztiak ez badio laguntzen zuntz disolbagarriak gehitu daitezke bere elikaduran: oloaren zahi edo malutak, gari-zahia, txia edo lino haziak (ongi hidrataturik), mahats edo aran lehortuak aurrez beratzen jarri eta ondoren ur hori edanaz, almidoi erresistenteak...
Kaka egiteko zailtasunak izaten jarraituko balu, medikuak horren arrazoiak aztertu eta diagnostikoaren arabera hartu beharko lirateke neurriak.
OHITURA TXARRAK
Txikitatik oso jatun txarra izan da gure semea, eta jan zezan nahiko gaizki ohitu dugula konturatu gara: haragi asko, barazki gutxi, fruta gutxi, gaileta asko… ez baitzuen ezer jaten bestela. Orain 10 urte ditu eta kezkatuta gaude ohitura horiekin jarraitzen duelako eta gizentzen ari delako. Nola has gaitezke dieta zuzentzen eta ohitura hobeak hartzen?
GARRANTZITSUA DA FOKUA haurrarengan bakarrik ez jartzea, eta arazoari familia bezala aurre egitea. Izan ere, haurrak dituen jateko ohiturak, sarritan, familian jarraitzen diren ohituren isla izaten dira. Horregatik, haurrak ohitura osasuntsuak edukitzea nahi baldin badugu, ahal den neurrian, familiako kide guztiak bide beretik jotzea garrantzitsua da. Ez da ahaztu behar gurasoak direla haurren eredu, eta haurrek ohitura osasuntsuak jarraitzea nahi baldin badugu, gurasoek ere ohitura osasuntsuak jarraitzea oso garrantzitsua izango dela. Gainera, haurrak aldaketa horiek familian egiten direnean eta haurrari bakarrik zuzentzen ez zaizkionean errazago onartzen ditu.
Hasteko, elikadura ohitura ez osasungarriak zein diren identifikatu eta horiek nola alda daitezkeen landu beharko litzateke. Horretarako, sukaldeko armairuan, hozkailuan eta izozkailuan zein janari dituzuen begiratu eta horren inguruko hausnarketa bat egitea lan polita izan daiteke. Izan ere, haurrak etxean dauden elikagaiak jango ditu, eta horiek jatea nahi ez baduzue, poliki-poliki horiek kentzen joan beharko zinatekete. Gailetak bezalako elikagaiek etxean jarraitzen baldin badute, zailagoa izango baita aukera berriak probatzera animatzea. Jaki desegokiak etxean eduki eta debekatzea ez da egokia, haurrari elikagai hori jateko desioa handitu baitiezaioke. Ezta ere elikagai horiekin saritzea, elikagai horiei balio bereziagoa ematen zaio eta.
Bestetik, azukretan aberatsak diren elikagaiak sarritan jaten jarraitzen baldin badu, haurraren gustua oso elikagai gozoetara ohituta egongo da, eta barazkien zapore mikatzagoak onartzea zailagoa izango da. Hortaz, pixkanaka haurraren gustua elikagai ez hain gozoetara ohitzea izango da helburua. Etxean elikagai osasuntsuak baditugu, haurrari aukeratzen utz diezaiokegu.
Aldaketa horietan haurrak parte hartzea egokia da. Esaterako, barazkien eta fruten zerrenda egin dezakezue elkarrekin eta horietatik familiako kide bakoitzak zein dituen gustuko, zein ez eta zein ez dituen probatu jarri dezakezue. Ondoren, probatu ez dituenak edota berriro zein jango lituzkeen idatzi dezakezue, eta horiek prestatzeko errezetak elkarrekin bilatu eta kozinatu ditzakezue.