Libe Garmendia | Dietista nutrizionista

AKNEA

14 urteko semeak aknea dauka. Nik nire garaian eduki nuen, eta orduan gogoratzen dut txokolatea eta txorizoa, esate baterako, kendu egin nituela nire dietatik. Badu 
loturarik jaten dugunak eta azalak edo akneak?

AKNEA AZALEKO GAITZ BAT DA, eta sebo-guruinen hanturaren ondorioz sortzen da. Batez ere, aurpegian, bizkarrean eta bularrean agertzen da. Bere agerpena hainbat faktorek baldintzatzen dute. Ikerketetatik ateratako ondorioak oso garbiak ez diren arren, badira aknea sortzeko gaitasunarekin lotzen diren elikagai batzuk.

Gluzemia karga altua duten elikagaien kontsumoa ugaria denean eta barazki, fruta, lekale, zereal oso eta fruitu lehorren kontsumoa baxua denean, aknea agertzeko aukera handiagoa da. Gluzemia karga altua duten elikagaiak, gluzemia- indize altuko elikagaiak eta karbohidrato proportzio altua duten elikagaiak dira. Ezaugarri hori, batez ere, oso prozesatuak diren elikagaiek (gaileta, gozokiak, freskagarriak…) eta zereal finduek betetzen dute.

Bestetik, esnekien proteinak IGF-1aren ekoizpenarekin loturik daude.  Eta substantzia horrek seboaren ekoizpena ugaritzean, aknea sorrarazi dezake. Arrazoi beragatik eta hormona androgenoen sekrezioagatik, haragiaren kontsumoa ere, aknearekin lotzen da. 
Beraz, aipaturiko elikagaiak ez kontsumitzeak eta antioxidatzaileetan aberatsak diren elikagaiak aukeratzeak aknearen efektuak gutxitu ditzake. 


FERMENTUAK

Gure seme-alabei kosta egiten zaie esnea eta jogurtak hartzea. Pediatrak esaten digu seme-alabek jogurtak jatea komeni dela, ez soilik esnekiengatik (kaltzioagatik) baizik eta fermentuengatik. Saiatzen gara kaltzioa beste modu batzuetan ematen (barazki berdeekin, adibidez, nahiz eta kostatzen zaigun). Baina fermentuaren kontua ez genuen ezagutzen. Zer da fermentua? Garrantzitsua da? 

ELIKAGAI FERMENTATUAK elikagaiaren karbohidratoak, bakterio, lizun edo legamiak, azido organikoetan edo alkoholean bihurtzen dituztenean sortzen dira.

Ezaugarri hori betetzen duten elikagaiak kontsumitzeak hainbat onura ditu: 
- Nutrienteetan aberatsagoak eta digerigarriagoak bilakatzen dira elikagaiak. 
- Hartzidurak B taldeko eta K2 bitaminaren presentzia ugaritzen du.
- Inmunitate sistemaren modulazioa sustatzen dute. Gure defentsen % 70a hesteetan aurkitzen da. 
- Gorputzeko bakterioak anitzagoak izatea lortzen dugu, elikagai horiekin hainbat bakteria gureganatzen baititugu, osasunean modu positiboan eraginez.

Elikagai hartzituak jogurtan eta kefirrean aurkitzeaz gain, beste hauetan ere aurkitzen dira: chukrut (aza hartzitua), gatzunetan aurkitzen diren luzoker txikiak, tipula, azeitunak, misoa, tempeh (soja) eta zereal fermentatuak (ogia).


BAT-BATEKO ALDAKETA

5 urteko alabak denetarik jan du txiki-txikitatik. Orain barazkiak ditugunero protesta egiten du, eta liskartxoa izaten dugu… Ez geunden ohituta! Gustatzen zaizkio berez, baina ez du izaten barazkiak jateko gogorik, nahiago du beti beste zerbait jan. Nola jokatu? Utzi denboralditxo batez barazkiak jan gabe, edo zer egin?

HAURREN GUSTUA OSO ALDAKORRA da. Horregatik, gustura jaten duten zerbait bat-batean jateari uko egitea ohikoa izaten da. Batzuetan zaila bada ere, pazientzia edukitzea oso garrantzitsua da. Konfiantza izan behar dugu elikagai hori etxean kontsumitzen jarraitzen badugu, seguraski aurrerago berriz ere jaten hasiko dela.

Haurrek gurasoek egiten dutena imitatzeko joera dutela ikusita, elikagai horiek etxean normaltasun osoz kontsumitzen direnean haurrak errazago animatzen dira jatera. Baina, horretarako, haurraren gustuak errespetatu behar dira. Haurrak elikagaiarekin erlazio positiboa eduki behar du. Eta derrigortzeak, mehatxatzeak edota saritzeak hortan ez du laguntzen.

Beraz, horrelakoetan, barazkiak prestatzen ditugunean haurrari eskaintzea komeniko litzateke, eta nahi ez baditu, antzeko balioak dituen beste elikagai bat eskaini diezaiokegu; beste barazki mota bat edo lekaleak, esaterako. Normalean prestatzen ez ditugun barazkiak prestatzea ere gomendagarria da. Barazki aukera handia baitaukagu, eta batetik bestera zaporean alde handia baitago. Prestaketari ere, erreparatu diezaiokegu. Orain arte modu batera prestatzen bagenuen, beste modu batera presta dezakegu: labean, plantxan, baporean… Batzuetan gustuko duten elikagai batekin prestatzeak edo zerbitzatzeak laguntzen du.

Azukrearen kontsumoari ere erreparatzea komeniko litzateke. Azukre kontsumo altua denean, gustua aldatu egiten da eta mikatzagoak diren elikagaiak errefusatzeko joera izaten baitute.


ORDU LUZEAK JAN GABE

Alabak (16 urte ditu) goizeko 7etan gosal-tzen du, 15etan bazkaltzen du eta 21etan afaltzen. Otordu bakoitza sendoa da, baina niri tarte luzeegia iruditzen zait fruta pixka batekin pasatzeko. Berak ez du ogitartekorik eraman nahi, baina gero bazkarira eta afarira ikaragarrizko gosearekin (edo gosea pasatuta) iristen da. Adin horretako gazte baten beharrak asetzeko, zer-nolako hamaiketakoa eta askaria egin ditzake ordu luze horietan?

NERABEZAROAN BEHAR ENERGETIKO altuagoak izaten dira,  hazkuntza eta sexu garapen handia gertatzen den garaia baita. Hala ere, gazte batetik bestera alde handia egon daiteke. Gastua kalkulatzeko batez ere aktibitate fisikoa, hazkuntza abiadura eta sexua eduki behar dira kontuan.

Otordu batetik bestera tarte luzeak daudenean, eta batez ere tarte horietan gosea sentitzen denean, zerbait jatea komeni izaten da. Frutaz gain, fruitu lehorrak jatea aukera egokia izan daiteke, beti ere frijituak eta gatzdunak ez badira. Esne brik txiki bat, jogurta naturala, fruta lehortuak, olibak, etxean eginiko zerealdun barratxoak, hummus-a… ere aukera egokiak dira.
Ogitartekoa jatera animatuz gero, ahuakatea, kakahuete krema, gazta, atuna, oilasko bularkia, tortilla, lekale pateak…eta abar luze bat eraman dezakete.