libe Garmendia | Dietista-nutrizionista

IODOA 

Haurrek iodo kantitate egokia hartzea garrantzitsua dela entzun izan dut. Zein elikagaietatik lortu dezakegu iodoa? Eta zein kopurutan eskaini beharko genieke haurrei?

IODOA LURREAN LANDAREETAN ETA ITSASOKO URETAN aurkitzen den mineral bat da. Egunerokoan kantitate egokietan hartzea beharrezkoa da. Izan ere, gure gorpu-tzean hainbat funtzio garrantzitsu betetzen ditu. Besteak beste, gorputzak hormona tiroideoen produkziorako erabiltzen du, gure metabolismoaren oreka mantentzeko beharrezkoa dena. Fetuaren garapen egokia eta ondoren haurraren hazkuntza egokia baldintzatuko du. Iodoaren defizita adimen-urritasunarekin eta garapen intelektual edo garapen neuromotorearen atzerapenarekin loturik dago. Baina iodo gehiegi hartzea ere ez da ona, mineral honekiko toxikotasuna izateko arriskua egongo litzateke-eta.

Iodoaren eguneroko kantitate gomendatua adina eta egoera fisiologikoaren arabera aldatzen da. Orokorrean, heldu eta nerabeek eguneko 150 µg (mikrogramo) behar izaten dute. Bularra ematen duten emakumeek ia bikoi-tza behar dute, 290 µg, haurdun daudenek 250 µg, bularreko haurrek 110-130 µg eta haurrek 90-120 µg.

Kantitate horiek, orokorrean, elikagaien bitartez lortzen dira. Baina gehien behar duten kasuetan, haurdunak eta bularra ematen duten emakumeetan, elikagaien bitartez lortzen ez denean, produktu osagarrien bitartez lortzen da.

Iodoa, batez ere, gatz iodatuan, arrainetan (bakailaoa eta atuna), itsaskietan (izkira, otarrainxka), moluskuetan (txirla, berberetxo), behi esnean eta horien deribatuetan aurkitzen da. Behi esne ekologikoak, ordea, kantitate baxuak izan ohi ditu, behi horiek kontsumitzen duten pentsua gehienetan ez baita iodoarekin aberastua egoten. Algek ere kantitate oso altuak dituzte. Espeziearen arabera iodo kantitatea asko aldatzen da. Gramo bat kombuk duen kantitatea, esaterako, gure beharrak 5 aldiz biderkatzen ditu. Horregatik tentuz ibili behar gara, horrelako elikagaiekin toxikotasuna izateko arriskua egongo litzateke-eta.

Etxean 2,5g gatz iodatua kontsumituz 150 mikrogramo lortuko genituzke. Beraz, gatz iodatua erabiliz eta aipaturiko elikagaiak eskainiz, haurretan kantitate egokiak lortzen dira.


ESNEA

8, 6 eta 4 urteko haurren ama naiz. Orain arte behi esnea hartzea izan da ohikoa gure etxean, baina gaur egun eskaintza handia dago esne tipologiari dagokionez. Zein esne mota eskaini behar genieke haurrei? Eta noiz arte?

ORAIN ARTE BEHI ESNEA GUSTURA EDAN BADUTE, BEHI esnea ematen jarrai dezakezue. Ezinbesteko elikagaia ez bada ere, propietate interesgarriak ditu. Kaltzioan aberatsa da eta proteina ugari du. Gantzari dagokionez, esne osoaren gantzak saturatuak izatean sistema kardiobaskularrean negatiboki eragiten zuela uste zen. Eta horregatik, orokorrean gaingabetuak gomendatzen ziren. Baina gaur egungo ikerketek esnekien gantzak uste baino hobeagoak direla frogatu dute. Beraz, esne gaingabetua denei gomendatzea ez dago justifikatua. Gainera, esne gaingabetuak gantz gutxiago izatean A eta D bitamina liposoluble gutxiago ditu. Eta gutxiago asetzen du. Adinean aurrera egin ahala, okerrago liseri daiteke. Hamarkada bakoitzean laktasa gutxiago sintetizatzen baita. Laktasa esnearen laktosa liseritzen laguntzen duen entzima bat da.

Ahuntz esnea hartzea ere beste aukera bat izan daiteke. Hemen ez dago ohitura handirik esne mota hau kontsumitzeko, baina ezaugarri interesgarriak ditu. Dituen gantz eta proteina motari esker errazago liseritzen da. Eta alergia gutxiago sorrarazten ditu.

Bestetik, merkatuan landare jatorriko edari asko aurki di-tzakegu. Landare-esne deitzen bazaie ere, landare-edariak deitzea egokiagoa da. Edari horietan aurkitzen den landare kantitatea oso baxua da (% 8-15). Ondorioz, nahiz eta edari horien jatorrizko elikagaiak ezaugarri nutrizionalean aberatsak izan, edariek proportzio txikiagoan dituzte. Hori dela eta, edari askok behi esnearen propietate antzekoak edukitzeko hainbat bitamina eta gatz mineral (kaltzioa, A eta D bitaminak...) gehituta izaten dituzte. Horrez gain, zapore gozoagoa edo atseginagoa egiteko, azukrea (fruktosa, agabe jarabea …) gehitzen zaie. Azukrea gehiturik ez edukitzea komeni da. Horregatik, osagaien zerrenda begiratzea gomendatzen da. Soja edaria (kaltzioan eta D bitamina aberastua) da behi esnearen propietate antzekoenak dituena.


KAFEA

Gure 4 urteko alabari kafea gustatu egiten zaio. Egunean kafe bat hartzeko ohitura daukat eta nire katiluaren hondarrean geratzen den kafe apurra hartzea gustatu egiten zaio. Komenigarria al litzateke haurrarentzat kafea ekiditea, nahiz eta kantitate oso txikia izan? 

KAFEAK PROPIETATE OSASUNGARRIAK DITUEN ARREN, haurretan hobe da ekiditea. Ematekotan ahalik eta kantitate txikienean eman beharko litzateke. Bai haurretan eta bai helduetan, kafearen kafeinak ezinegona, urduritasuna, buruko mina, kontzentratzeko arazoak, lo har-tzeko arazoak, erritmo kardiakoaren azkartzea eta abar eragin dezake. Haurraren organismoak nerbio sistema eta sistema kardiobaskularra guztiz garatua ez izatean, sentsibilitate handiagoa dio kafeinari. Horregatik, helduek hartzen dituzten dosietan hartuko balute, efektu negatiboak eragingo lizkieke.

Bestetik, kafeinarekiko tolerantzia, helduetan bezala, haurraren pisua, nortasuna (urduria den ala ez) edota efektuekiko duen sentsibilitatearen arabera aldatu daiteke. Egunean kafeina gehiago hartuz gero eragina areagotuko litzateke. Kafeina, kafean ez ezik, freskagarrietan eta txokolatean ere aurkitzen da. Esaterako, coca cola lata batek 41 mg kafeina dauka. Txokolate beltzak (50g), 25 mg. Europako elikagaien segurtasunerako agentziak (EFSA) haurrei eguneko 3 mg/kg baino gehiago ez ematea gomendatzen du. Kafe katilu batek 60-80 mg kafeina izan ohi du.