Libe Garmendia | Dietista-nutrizionista
HEMORROIDEAK
Haurdunaldian nahiz erditze ondoan ohiko arazoa izaten da hemorroideak sortzea. Elikaduraren bidez arindu al daiteke hori?
HEMORROIDEA, ONDESTEKO EDO UZKIKO ZAINEN hantura da. Zain horiek dilatatzen direnean handitu egiten dira eta honek gorputz atal honetako ezinegona sortzen du, mina, azkura edota kaka egiterakoan odoljarioa eragiten baitu. Hemorroideak ondestean egon daitezke (barrualdeko hemorroidea) edo uzkiaren inguruko azal azpian (kanpoaldeko hemorroidea).
Hemorroideak agertzearen arrazoiak ugariak dira: idorreria, haurdunaldia, kaka egiterakoan esfortzu handiegia egitea, zahartzaroa, hipertentsioa… Haurdunaldian hemorroideak izateko arrazoi nagusiak bi dira. Alde batetik, uteroa handitzen denean heste lodiko azken atalean presioa egin eta hesteetako mugimendua gutxitzen da, idorreria izateko arriskua handituz. Haurdun batzuk hartu behar izaten duten burdinaren osagarriak ere kasu askotan idorreria sortzen du. Haurdunaldian hermorroideak izateko beste arrazoia ondesteko eta uzkiko zainen dilatazioa da, progesterona maila handitzen delako sortua. Gainera, erditze ondoan hemorroideek ondoez handiagoa eragin dezakete, erditzerakoan dilatazio handiagoa jasaten dutelako.
Sintomak arintzeko, idorreria ekiditea funtsezkoa izango da. Eta, horretarako, zuntzetan aberatsa den elikadura jarraitu behar da, sedentarismoa ekidin, ur kantitate egokia edan eta komunera joateko momentua ez atzeratu.
Hona hemen zuntz kantitate egokia lortzeko gomendio batzuk:
- Gutxienez 5 anoa fruta eta barazki kontsumitu.
- Astero gutxienez 2 anoa lekale jan.
- Zereal integralak aukeratu (arroza, ogia, pasta…)
- Fruitu lehorrak (gatzik gabeak) eta haziak kon-
tsumitu.
- Elikagai oso prozesatuak ekidin.
Zuntzaren kontsumoa handitzearekin batera, zuntzek bere lana ondo egin dezaten, oso garrantzitsua izango da ur gehiago edatea. Kasu batzuetan zuntza duten osagarrien laguntza lagungarria izan daiteke. Hori, noski, profesional batek gomendatua izan beharko da.
Bestetik, espezieak, kafea eta alkoholak sintomak areagotu ditzake.
GABONETAKO LITXARRERIAK
Gabonetan ohikoak izaten dira gehiegikeriak elikadurarekin, eta haurrek ere txokolate eta litxarreri ugari jaten dute. Haurrentzako alternatiba osasungarriagorik proposatzerik bai, gozoari dagokionez?
ASKORI ZAILA EGITEN ZAIO GABONAK TURROI, mazapan, txokolate, polboroi… eta antzeko jakirik gabe imajinatzea.Elikagai horiek, baina, ez dira elikagai osasungarriak. Oso energetikoak izateaz gain, azukretan oso aberatsak dira, eta produktuaren arabera, grasa ez osasungarriak eduki ditzakete. Horien konposaketa nutrizionala horrelakoa dela jakinik, ahalik eta gutxien kontsumitzea gomenda-tzen da.
Haur batek horrelako produktuak etxean baditu, zaila izango da haurrak horiek nahi ez izatea. Horregatik, ez kontsumitzea nahi badugu, lehen urratsa ez erostea izango da. Baina etxe askotan horrelako jakiak jateko ohitura handia dago, urte askotan mantendu den usadioa da, eta egun batetik bestera aldatzea zaila izan daiteke. Horrelakoetan, gomendioa, kantitatea gutxitzea da.
Etxean egitea ere beste aukera bat izan daiteke. Errezetak prestatzerakoan azukrearen ordez datila edo platanoa erabili daiteke. Txokolatea erabiliz gero, kakao ehuneko altukoa (gutxienez %75) aukeratu. Irinak, ahal dela, integralak izan daitezela. Modu honetara, mahai gainera aterako ditugun gozoak osasungarriagoak izango dira.
Hala ere, gozoen ordez, frutarekin postre oso goxoak presta daitezke: mazedonia, hainbat konpota, sagar erreak, fruta brotxetak, fruta lehorrak….
PROTEINAK FALTAN
4 urteko alabak batik bat barazkiak eta potajea jaten ditu, oso gustura gainera. Ez du nahi, ordea, ez haragirik ez arrainik jan, eta beldur naiz proteina falta ote duen. Nola osatu dezaket bere elikadura alde horretatik?
PROTEINAK GIZAKIONTZAT EZINBESTEKO mantenugaiak dira, horiek hainbat funtzio betetzen baitituzte gorpu-tzean. Adin honetako haur batek, oro har, 0,95 g/kg behar ditu egunean. Arraina eta haragia proteinetan aberatsak dira, baina ez dira proteinetan aberatsak diren elikagai bakarrak. Lekaleak, esnekiak, arrautza, fruitu lehorrak, itsaskiak, sojaren deribatuak, seitana… proteinetan aberatsak dira baita ere.
Haragiaren deribatuak (hestebeteak, urdaiazpikoa…) gantzetan aberatsak izateaz gain, proteina ugari dute, baina horiek neurrian kontsumitu behar dira.
Horregatik, lehenik eta behin, haurrak egunerokoan proteinetan aberatsak diren elikagaiak kantitate egokian kontsumitzen dituen ebaluatu beharko litzateke. Eta hala ez bada, aipaturiko elikagaiak eskaini beharko lirateke.
Bestetik, arraina eta haragia ez kontsumitzean, bitamina B 12-a kantitate egokian hartzen duen begiratu beharko litzateke. Izan ere, B12 bitamina batez ere arrainean eta haragian aurkitzen da, eta horiek ez badira kontsumitzen, B12aren defizita izateko arriskua egon daiteke. Hala bada, B12aren osagarria hartu beharko litzateke.
Izan ere, B12 bitamina garunaren eta nerbio-sistemaren funtzionamendu egokirako beharrezkoa da. Globulu gorrien eraketan, DNA-aren sintesian eta proteinen metabolismoan ere parte hartzen du bitamina honek. Horrenbestez, B12 bitaminaren defizitak ondorio larriak sortu ditzake, eta haurretan are eta larriagoak izan daitezke.
Haragia eta arraina ez dira ezinbesteko elikagaiak, dieta begetarianoa edo arrautz-esne-begetarianoa jarraitzen dutenek ez dituzte kontsumitzen eta elikadura guztiz osasuntsua jarraitu dezakete. Beraz, talde ezberdinetako elikagaiak kontsumitzen baditu, eta proteina eta B12 mailak egoki betetzen badira, zure haurra egoki elikatuko da.