Libe Garmendia | Dietista-nutrizionista
ALERGIA
Zalantza dugu gure semeak intolerantzia ote dion tomateari: jan ondoren askotan aho ingurua gorritzen zaio, baina badirudi ez diola erreakzio handiagorik egiten, eta
gustura jaten du. Nola detektatu alergiaren bat ote duen?
ELIKAGAIEKIKO ALERGIA GORPUTZAK elikagaietako zenbait proteina etsaitzat hartu eta gehiegizko erantzuna ematen duenean gertatzen da. Ondorioz, sintoma
desatseginak eta efektu kaltegarriak sortzen dira.
Tomateari alergia izanez gero, gainontzeko barazki eta frutekin gertatzen den bezala, elikagaia ahoratu eta 5-15 minututara sintomak nabaritzen dira. Gehienetan ahoan edo orofaringeoan agertzen dira: azaleko gorritasuna, ezpainetan edo ahoan eritema, ezpainetan angioedema, ahoan edo orofaringeoan azkura… Horiek intentsitate baxukoak izan ohi dira, eta orokorrean, sintomak berehala desagertzen dira. Baina kasu batzuetan, sintomak
areagotu daitezke: sabeleko mina, diarrea, okada, urtikaria-angioedema, itolarria, mareoa edo hipotentsioa, eta kasu larrienetan, anafilaxia eragin dezeke.
Bestetik, aipatu beharra dago, azidoak diren elikagai
batzuek (tomatea, laranja, limoia…), nahiz eta elikagai horiei alergiarik ez eduki, aho inguruan gorritasuna sor dezaketela, ahoko alergiaren sindromean sortzen diren sintoma antzekoak sortuz. Dermatitis atopikoa den kasuetan, elikagai horiekin gauza bera errazago gerta daiteke.
Beraz, horrelako kasuetan, alergia duen edo ez ziurtatzeko, mediku alergologo batengana joatea izango litzateke egokiena.
URTEBETEKO HAURRAREN GOSARIA
Urtebeteko haurra dugu, eta 6 hilabetetik hasita, pixkanaka elikagaiak sartzen joan gara, eta orain arte primeran onartu ditu, ondo jaten duela esan genezake. Dena dela, nekezena gosaria izan da: titia hartzen du oraindik, eta agian goizaldean, 6-7rak aldean titia hartu ohi duelako-edo, 9etan esnatzen denean askotan ez du hartu nahi izaten eskaintzen dioguna. Normalean fruta eskaini ohi diogu, edo gailetaren bat, yogurta… Zer gosari eskaini behar genioke? Edoskitzea mantendu arren, agian olo esnea eta zerealak?
OROKORREAN URTEBETEKO HAUR BATEK GAINERAKO familia kideak bezala jan dezake. Noski, kantitate txikiagoetan jango du, beraien behar nutrizionalak eta apetitua ez baitira helduen berdinak. Eskainitako elikagai guztiak ere segur aski ez ditu gustuko izango, adin hauetako haurren gustua eta lehentasunak aldakorrak baitira.
Gosarirako eskaini daitezkeen elikagaien aukera zabala da. Gosaltzeko edozein elikagai jan dezake. Premisa bat bete behar du bakarrik: aukeratutako elikagaiek osasungarriak izan behar dute. Horregatik, gailetak, erositako opilak, azukredun zerealak, fruta zukuak… eskaintzea ekidin behar da. Horrelako produktuek, azukre gehiegi, koipe ez osasungarriak eta irin finduak izaten baitituzte.
Esneari dagokionez, bularra hartzen duen urtebeteko haurrak beste esnerik ez du behar, baina edariren bat eskaini nahi badiozue, behi esne osoa eskaini diezaiokezue. Landare-edariak ere eskaini daitezke, baina kontuan hartu behar da horien balio nutrizionala baxuagoa dela. Behi esnearen ezaugarri nutrizionaletara gehien gerturatzen dena, soja edaria da (kaltzioa eta D bitamina gehituak dituena). Arroz edariak dituen artseniko kantitate altuak direla eta, haur txikiei ematea ekidin behar da.
Gosari osasungarri bat egiteko baliagarriak dira fruta, ogi integrala (tomatearekin, aguakatearekin, gaztarekin, arrautzarekin, humusarekin..), zerealak (azukrerik gabeak), jogurta, platanoa, oloarekin eginiko opilak... Aurreko eguneko soberakinak (barazkiak, arroza...) ere eskain daitezke.
Aipaturiko kasuan, 9ak aldera ez badu ezer jan nahi agian goserik ez duelako izango da. Edota eskainitakoa ez duelako gustuko. Beste elikagai batekin saiatu zaitezkete, edo geroago eman diezaiokezue.