Libe Garmendia | Dietista eta nutrizionista
Burdina
Arazoak ditugu otorduetan gure 6 urteko semearekin. Oso gutxi jaten du, eta beti, betikoa. Txikiagotan burdinarekin arazoak izan zituen eta tratamendua jarri zioten. Orain beldur gara berriro gertatuko ote zaion. Gainera, nahiko txikia da… Nola lor genezake jaten duen gutxi horrekin burdin beharra asetzea?
OSO GUTXI jaten duten haurren kasuan oso garrantzitsua da jaten duten gutxi hori nutrizionalki aberatsa izatea. Hau da, aukeratutako elikagaiak energetikoak izateaz gain, bitaminetan eta mineraletan aberatsak izatea. Modu horretara, behar nutrizionalak asetzeko aukera handiagoa izaten baitute.
Burdin maila baxua izateko joera duten haurretan, burdinean aberatsak diren elikagaiak egunerokoan eskaintzea gomendatzen da. Berberetxoen edo txirlen gisako moluskuak burdinean oso aberatsak dira. Gibelak, lekaleek, soja testurizatuak, pistatxoek, sesamoak eta fruta lehortuek ere burdin maila esanguratsuak dituzte.
Burdinean aberatsak diren elikagaiak eskaintzeaz gain, horiek zein elikagairekin eskaintzen diren kontuan izatea ere garrantzitsua da. Izan ere, gorputzak elikagai guztietako burdina ez du berdin xurgatzen. Animalia eta landare jatorriko elikagaietan aurkitzen den burdina ezberdina baita. Elikagaietan burdina hemo eta ez-hemo moduan dago. Hemo burdina hemoglobina duten animalia jatorriko elikagaietan aurkitzen da. Ez-hemo burdina aldiz, landare jatorriko elikagaietan eta arrautzaren gorringoan aurkitzen da. Burdin mota hori hemo burdina baino okerrago xurgatzen du gorputzak, baina C bitaminan aberatsak diren elikagaiekin konbinatuz gero, bere xurgapena hiru aldiz handitu daiteke. Betakarotenoekin (azenarioa, kalabaza...) konbinatzen direnean ere, xurgapena hobetzen da, baina maila baxuagoan. Hemo burdina duten elikagaiak ez-hemo dutenekin konbinatzen ditugunean, ez-hemoa egokiago xurgatzen da.
Kaltzioan aberatsak diren elikagaiek aldiz, burdinaren xurgapena gutxitzen dute. Horregatik, ez da gomendagarria burdinean aberatsak diren elikagaiekin batera baso bat esne edo gazta zati bat kontsumitzea.
Bestetik, fitatoak hazien, lekaleen eta zerealen kanpoaldean aurkitzen diren substantziak dira. Horiek hainbat mineralen xurgapena oztopatzen dute. Hala ere, C bitaminarekin kontsumitzen baditugu, burdinaren xurgapena egokia izango da. Eta fitatoak dituzten elikagaiak beratzen utzi, ongi egosi, ondu, txigortu edo ernatzen uzten baditugu, horien mineralak erabilgarriago egotea ahalbidetuko dugu.
Elikadura zaintzen
Gure 14 urteko alabak asko zaintzen du zer jaten duen, eta batez ere, kantitate txikia jaten du. Berak dio ez daukala goserik, baina seguraski zaindu ere egin nahi du. Guk esaten diogu kopurua mugatu baino gehiago, jaten duen hori osasungarria izatea ziurtatu behar duela. Nola zaindu dezake dieta ongi janaz?
LEHENIK ETA BEHIN, semea edo alaba bere kabuz elikaduran aldaketak egiten hasi dela ikusten dugunean, garrantzitsua izango da harekin hitz egitea, eta pisuaz edo gorputz-irudiaz zein iritzi duen ezagutzea eta gaiaren inguruan kezkarik ote duen galdetzea. Modu horretara, laguntzarik behar izanez gero, aldaketak bere gisara egin beharrean, hobe da etxekoen laguntzarekin edota beharra izanez gero, profesional baten laguntzarekin egitea. Elikatzeko ohitura osasungarriak erakusteaz gain, kasu batzuetan oso lagungarria baita gorputz-irudia indartzen laguntzea eta elikagaiekin harreman on bat eraikitzea.
Bestetik, fokua haurrarengan jarri beharrean soilik, etxean zein elikadura ohitura jarraitzen diren ebaluatzea eta horiek nola aldatu daitezkeen lantzea komeniko litzateke: oso prozesatutako elikagaiek etxean duten presentzia, elikagai freskoak zenbat kontsumitzen diren, janariak prestatzeko modua, otorduen antolaketa, eskaintzen diren kantitateak… kontuan izan behar ditugu.
Jangelako jana
Eskolako jangelan aldaketak egon dira eta okerrera egin du elikagaien kalitateak. Oraingoz gure seme-alabek ezin dute etxean jan. Arazoa bikoitza da: jaten dutenaren kalitatea ez da aski ona eta bestetik, janariekiko iritzi txarra handitzen ari da (barazkiak oro har, arraina… ez dituzte afaltzeko ere ikusi nahi). Nola konpentsa genezake okertu den arazo hau?
JANGELA ASKOTAN ez dira menu orekatuak eskaintzen eta eskaintzen diren elikagaiak kalitatezkoak ez izateaz gain, janaria ez da goxoa. Kasu horietan bereziki, etxean prestatzen denari arreta eskaintzea garrantzitsua izango da. Batetik, aste guztian zehar jangelan zer jango duten ezagutzea komeni da. Modu horretara, bazkarian eta afarian plater berdinak eskaintzea ekidingo dugu, eta bazkarian jan ez dituztenekin oreka bilatu dezakegu.
Bestalde, janarien prestaketak garrantzi handia izango du. Jangelan modu batera prestatzen badute, etxean beste modu batera prestatzea komeniko litzateke. Horrela, elikagai horrekiko duten pertzepzioa aldatzen lagundu dezakegu. Eta aukeratzen diren elikagaiak ere ezberdinak izatea lagungarria izan daiteke. Esaterako, jangelan gehienetan barazki-purea, porru-patatak eta bainak jartzen baldin badituzte, etxean bestelako barazki platerrak prestatu ditzakegu: brokolia, pistoa, barazkiak labean edo plantxan, espinakak patata purearekin…