Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista
ARRAINA
Gure bi urte eta erdiko semeak ez du arrainik jaten, batere ez. Ez dakigu horren baliokide zer eman diezaiokegun, edo arraina puretan xehetzea egokiagoa den, edo bitamina galerarik izan dezakeen eta bestelako osagarriren bat eman behar diogun.
ARRAINA PROTEINA ITURRI GARRANTZITSUA DA. Arrain motaren arabera, nutriente desberdinak aurki daitezke. Aipagarrienak, fosforoa, iodoa, D bitamina eta omega 3a dira. Horiek haurraren garapen egokirako garrantzitsuak badira ere, arraina ez da ezinbesteko elikagaia, nutriente horiek beste elikagaietatik ere lortu baitaitezke:
- Proteina: lekaleetan, arrautzan, hegaztietan, itsaskietan edota sojaren deribatuetan aurkitzen da.
- Fosforoa: elikagai askotan dagoenez, erraz lor-tzen den minerala da.
- Iodoa: nagusiki esnekietan eta itsaskietan aurki dezakegu. Baina gomendioak betetzeko, egokiena gatz iodatua erabiltzea da.
- D bitamina: arrautzak, perretxikoek, esneki osoek... izaten dute. Baina batez ere, eguzki izpiekin ase-tzen dira beharrak.
- Omega 3a: intxaurrak, liho eta chia haziak... kontsumituz lor daiteke. Ez da beharrezkoa azken horiek egunero ematea, noizean behin jogurtari, entsaladari edo pureari gehitzea nahikoa izango litzateke.
Beraz, nahiz eta arraina ez kontsumitu, denetariko elikagai osasungarriak kontsumitzen badira, elikadura orekatua jarrai daiteke. Horregatik, osagarriak hartzeko beharrik ez dago.
Bestetik, 2 urterekin oso ohikoa da elikagairen bat jan nahi ez izatea. Horrelako kasuetan haurrak jaki horrekin erlazio positiboa izatea lortu behar da, nahiz eta orain ez jan, aurrerago jan dezan. Horretarako, etxean arraina jatea eta noizean behin eskaintzea gomendagarria da. Hori bai, mehatxurik gabe eta gehiegi tematu gabe.
Bestalde, arraina jan dezan hainbat prestaketa eta errezeta ezagunetan (paellan, entsaladan, arrain-zopan...)erabil dezakezue.
Amaitzeko, arraina ez jatearen ondorioetako bat, komeni baino haragi gehiago jatea izan daiteke, eta hori ekiditea komeni da. Izan ere, arraina jatearen onura garrantzi-tsuetako bat da haragi kontsumoa gutxitzen laguntzen duela.
GAZTAK
Gure haurrak (3 urte) ez du esnerik hartzen, eta pediatrak beti dio jogurtak eta gazta emateko. Baina nolako gazta? Gazta bigunek, edo igurzteko gaztek balio onak al dituzte? Ardi-gazta edo ahuntz-gazta ez al dira gogorregiak 3 urteko ume batentzat? Zer gomendatzen diguzu? Haurrari gehien ardi-gazta gustatzen zaio...
EHUNKA GAZTA MOTA DAUDE; Cammenbert, gouda, Idiazabalgoa, gazta freskoa... Haurrei gehien eskaintzen zaizkienak gazta bigunak, igurztekoak edo lontxetakoak izaten dira, baina horiek askotan ez dira aukera egokienak izaten. Hasteko ezin ditugu gazta kontsideratu, gaztaz gain, beste osagai batzuk izaten dituztelako; gantz “ez osasungarriak”, patataren almidoia, urtzeko gatzak, lodigarriak, gurina, esnekien proteinak, koloranteak... Horrelako produktuetan etiketa nagusian ez da gazta hitza agertzen.
Ondorioz, ahalik eta gaztarik naturalena ematea gomendatuko nuke. Hau da, batez ere, esne pasteurizatua, gatzagia eta gatza dituena. Gazta onduek gatz eta gantz kantitate altuak izaten dituztenez, kantitate txikiagoetan eman behar dira.
Ahuntz eta ardiaren esnearekin eginiko gaztak, nahiz eta zaporez gogorragoak izan, hobeto digeritzen diren gaztak dira, esne horien proteinak bularreko esnearen antzekoak baitira. Beraz, haurrak gustukoa badu, lasai eman daiteke.
FRUITU LEHORRAK
Askotan irakurri izan dugu fruitu lehorrek balio handia dutela. Guk almendrak, kakahueteak, intxaurrak eta hurrak jaten ditugu etxean… guztiek balio bera al dute? Haurrei zer ematea komeni da, eta zer ez?
GANTZ SATURATU GABEETAN ABERATSAK izateaz gain, hainbat substantzia osasungarri dituzte fruitu lehorrek; fitoesterolak, fitokimikoak, bitaminak, mineralak, zun-tzak... Ikerketa guztiek fruitu lehorrek osasunean modu oso positiboan eragiten dutela frogatu dute.
Fruitu lehor guztiek ez dute konposizio bera, baina guztiek dituzte propietate interesgarriak. Hona hemen bakoitzaren ezaugarri garrantzitsuenak:
-Intxaurrak: antioxidanteetan aberatsenak dira. Horiek zelulen oxidazioa eta mina eragiten duten molekulen efektua indargabetzen laguntzen dute. Omega 3an (gantz azido esentziala) aberatsak dira. Besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrak ekiditen laguntzen dute. Gainera, haurdunaldian eta haurtzaroan kontsumitzeak ikusmena eta nerbio sistemaren garapen egokia izaten lagundu dezake.
-Almendrak: Kaltzioan aberatsak dira. 30 gramoko razio batekin, haur batek egun osoan behar duen kaltzio kantitatearen % 10 lor-tzen du. E bitamina eta magnesioan aberatsak dira. Proteina ugari dute.
-Pistatxoak:
E, B6, A eta C bitaminak dituzte. Mineraletan, burdina, kaltzioa, fosforoa eta magnesioa dute. Luteina eta zeaxantina antioxidanteetan aberatsenak dira. Horiek begia osasuntsu mantentzen laguntzen dute.
-Hurrak: Kaltzioa, magnesioa eta fosforoan aberatsak dira. Azido oleikoan, azido linoleikoan, E bitaminan eta argininan aberatsak izatean, sistema kardiobaskularra osasuntsu mantentzen laguntzen dute.
-Kakahueteak: Ez dira fruitu lehorrak, lekaleak dira. Proteinetan, azido folikoan eta B3 bitaminan aberatsenak dira.
-Anakardoak: Oliba olioa bezala, gantz azido mono-saturatu gabeetan aberatsak dira. B1, B2 bitaminak, kobrea, zink-a eta magnesioa ugari dute. Horiek zelulen oxidazioa ekiditen laguntzen dute.
Fruitu lehor horien propietate garrantzitsuak direla eta, aipaturikoak konbinatzea gomendatuko nuke. Modu horretara, propietate ezberdinak aprobetxa daitezke. Fruitu lehor frijituak eta gatzatuak ekidin behar dira.
Haurrek fruitu lehor guztiak jan ditzakete, baina gogoratu 3 urtetik beherakoek xehetuta jan behar dituztela, eztarrian geratzeko arriskua baitute.