Libe garmendia | Dietista-Nutrizionista
ARRAUTZARI ALERGIA
Gure haurrak (2 urte) arrautzari alergia dio, oso gaizki pasa zuen alergia detektatu arte, eta guri beldur handia sartu zitzaigun, oso seguruak iruditzen ez zitzaizkigun elikagai gehiago ere baztertu genituen, badaezpada ere. Irizpide argirik gabe egin genuen bazterketa, behi esnea, behi haragia… kendu genituen… beldurragatik. Arrautzari alergia izanik, arrisku handiagoa al du beste elikagai batzuei alergia izateko? Edo gure beldurra da? Alergia hauek bizitza osorako dira, edo gainditzen dira?
ELIKAGAIEKIKO ALERGIA pertsona baten sistema
immunologikoak osagai baten aurrean erantzun desegokia ematen duenean gertatzen da. Arrautzaren kasuan, arrautzak dituen zenbait proteinen kontsumoak, kontaktuak edo inhalazioak eragiten du alergia. Haurretan alergia mota hau da elikagaiekiko alergiarik ohikoena.
Arrautzari alergia dioten haur askok, behi esneari ere izan ohi diote alergia. Ondorioz, arrautzari alergia dioten haurrei, behi esnea lehen aldiz eskaini aurretik, behi esneari alergia dioten ala ez egiaztatu behar izaten da. Kasu gehienetan, alderantziz izan ohi da; behi esnearena diagnostikatu ondoren arrautzarena diagnostikatzen da.
Gainontzeko elikagaiak diagnostikorik gabe baztertzea ez da komeni. Elikagai berriak haurraren elikaduran gero eta beranduago sartzeagatik elikagai berriarekiko alergia izateko arriskua ez baita gutxitzen. Gainera, elikagai berri horrekiko alergia izateko arriskua areagotu daiteke.
Arrautzari alergia dioten haurrek, arrautza eta arrautza daramaten elikagaiak (natilak, flanak, bizkotxoak...)baztertu behar ditu. Kontuan izan behar dugu beste hegaztien arrautzek (galeper, eper, ostruka...) ere alergia sortu dezaketela eta medikamentu batzuek osagai hau edukitzen dutela. Ondorioz tentu handiz begiratu behar zaie etiketei.
Arrautzari alergia dioten haurren % 60k, 6 urte dituenerako naturalki gainditzea lortzen du, 9 urte dituenerako
% 75ek. Kasu askotan, gorputzak arrautza egosia onar-tzea lortzen du, baina gordinik edo gehiegi berotu gabe ez.
Pediatra eta alergologoek arrautza eta esneari alergia dioten haurrentzako etorkizun itxaropentsu bat aurkitu dute. Gaur egun naturalki alergia gainditu ez duten 5-6 urtetik aurrerako haurretan tratamentu berri bat hasi dira aplikatzen: aho-immunoterapia. Alergia sortzen duen elikagaia progresiboki gehitzen diren dosi kontrolatuetan administratzean datza. Tratamendu hauek izugarrizko emaitzak ematen ari dira.
ESNE BEGETALA URAREN ORDEZ
Gure 3 urteko alabak bazkari eta afarietan esne begetala (olo edo arroz esnea) edan nahi izaten du uraren partez. Eta kezka sortzen dit honek, iruditzen baitzait esne horiek ase sentsazioa eman dezaketela, eta ondorioz gutxiago jan dezakeela alabak. Hala da? Edo uraren parekoak lirateke edari hauek?
OLO ETA ARROZ EDARIAK, uraz gain, oinarrian oloa edo arroza % 8-15 bitartean dute. Testurizatzeko askotan kalitate baxuko landare-olioa gehitzen zaie. Horrez gain, marka gehienek, zapore gozoagoa edo atseginagoa egiteko azukrea gehitzen diete. Edari askok 100 ml-ko 5-6 gramo azukre izaten dute. Ondorioz, azukrea gehituta duten landare-edariak ez dira komenigarriak.
Bestetik, arroz-edariak artseniko kantitate altuak izatean haur txikienei ematea ez da gomendagarria. Olo eta arroz edariaz gain, merkatuan badira beste aukera batzuk: soja, almendra, artatxikia, kokoa, hurra...Horietatik, soja-edaria (kaltzioa eta D bitamina gehiturik duena) da, nutrizionalki behi esnearen propietate antzekoak dituena.
Azukrerik gehitu gabeko landare-edariak, asetzen duten arren, noizean behin otorduekin batera eskain daitezke. Baina ohituratzat bilakatzea ekidin behar da. Edari horiek ez baitira uraren parekoak. Urak izan behar du haurraren edari nagusia, eta ura edatera ohitu behar dira.
MARISKOA
Almejak, otarrainxkak, ganbak… aitona-amonen etxean mariskoa jateko ohitura handia dago, eta gure 3 urteko alabari ikagararri gustatzen zaizkio… niri beldurra ematen dit alergia kontuengatik, eta aldiz amamak dio onak direla (almejek adibidez propietate oso onak dituztela errepikatzen du beti), ez dakit elikagai onuragarriak diren edo arriskua handiagoa den 3 urteko ume batentzat… zer diozu?
ITSASKIAK balio nutrizional altuko elikagaiak dira. Espezie batetik bestera aldea dagoen arren, orokorrean bitamina eta mineraletan aberatsak dira. Kaltzioa, fosforoa, burdina, iodoa, magnesioa, potasioa eta sodioa dira mineral ugarienak. Bitaminen kasuan B, A eta D taldekoak dira gehien aurkitzen ditugunak.
Itsaskiak haurrek txiki-txikitatik jan ditzaketen elikagaiak dira, horiek kontsumitzeak alergia izateko probabilitatea ez baitu handitzen.
Hala ere, badira hainbat aspektu kontuan hartu behar direnak; 3 urte baino txikiagokoek krustazeoen (ganba, otarrainxka eta zigala) buruak eta karramarro gorputzak ez jatea gomendatzen da. Horiek kadmio kantitate altuak dituzte. Kadmioa metal bat da eta gibelean eta giltzurrunean metatzen denez, sarritan kontsumituz gero, osasunerako kaltegarria izan daiteke.
Bestetik, intoxikazioak ekidite aldera, gordinik edo erdi-gordinik jaten diren itsaskiak haurrei ez eskaintzea gomendatzen da.