Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista

BARAZKIJALEAK ETA DIETA OSOA

Begetarianoak gara etxean, eta gure haurrak ere (4 eta 2 urtekoak) gisa horretan hezi ditugu orain arte, baina zalantza handiekin. Aski al da haurrentzat arrain eta haragirik gabeko dieta bat? Zer-nola osa genezake haien dieta behar guztiak aseta izan ditzaten?

DIETA BEGETARIANOA EDO ARRAUTZ-ESNE-BEGETARIANOA, arrain, haragi eta arrain eta haragiaren deribatuak baztertzen dituen dietari deitzen zaio. Arraina eta haragirik gabeko dieta ongi planifikatzen denean guztiz osoa izan daiteke. Elikagai horiek ematen dituzten nutrienteak beste elikagaien eta suplementazio bitartez lortu daitezke. Mota honetako elikadura jarraitzen dutenek, onura garrantzitsuak izan ditzakete osasunean.

Haurrek ere, hazkuntzan eta garapenean inongo eragin negatiborik izan gabe, dieta begetarianoa jarraitu dezakete. Baina beste edozein motatako elikadura bezala, ongi planifikatua edota ongi osatua egon behar du. Hala diote Ameriketako elikadura alorreko eta Europako pediatria elkarte garrantzitsuenek.

Suplementazio bitartez emango zaien nutriente bakarra B12 bitamina da, dieta begetarianoan bitamina honen presentzia eskasa baita. B12 bitamina garunaren eta nerbio-sistemaren funtzionamendu egokirako beharrezkoa da. Globulu gorrien eraketan, ADN-aren sintesian eta proteinen metabolismoan ere parte hartzen du. B12aren defizitak ondorio larriak sortu ditzake, eta haurretan are eta larriagoak. Garai batean, arrautzak eta esnekiak, 2 razio baino gehiagoz kontsumitzean, suplementazioa sahiestu zitekeela uste zen baina gaur egungo gomendioak betetzeko, haurrak B12an suplementatzea da egokiena. Beraz, 6. hilabetetik aurrera haur begetarianoek suplementazioa hartu behar dute.

Beste aukera bat, haurrari B12an aberastuta dauden elikagaiak eskaintzea izango litzateke, baina aukera hau ez da hain egokia; modu honetara B12a kantitate egokian lortzea ez baita hain erraza. Etiketak tentu handiz begiratu eta kalkuluak egiten ibili behar da. Gainera, B12an aberastuak dauden elikagai asko oso prozesatuak eta azukretan aberatsak izan ohi dira. 
Burdinaren absorzioa egokia izan dadin, burdinean aberatsak diren elikagaiak (lekaleak, fruitu lehorrak, fruta lehortuak...), C bitaminan aberatsak diren elikagaiekin (zitrikoak, tomatea, piperrak...) batera eskaintzea gomendatzen da.

Arraina eta haragia soilik ez dira proteinetan aberatsak. Otordu garrantzitsuenetan agertzen badira, dieta begetarianoa jarraitzen dutenek erraz asetzen dituzte proteina beharrak. Hori, batez ere, arrautz, esneki, fruitu lehor, lekale eta horien deribatuekin (tofua, tempeh, soja texturizatua...) lortu dezakete.

Bestetik, iodo maila egokiak lortzeko, gainontzeko elikaduretan bezala, gatz iodatua erabiltzea gomendatzen da.

Beraz, 2 eta 4 urteko haurren elikaduran hainbat taldetako elikagaiak eskaintzen direnean (barazkiak, frutak, lekaleak eta horien deribatuak, zereal integralak, fruitu lehorrak, haziak, oliba olioa, arrautzak eta esnekiak kantitate egokietan) eta B12aren suplementazioa ematen bada, haurraren elikadura osoa izango da.


 DIETA MUGATUA

Gure haurrak 5 urte ditu eta oso jatun txarra da, aldiz bere arrebak, 9 urtekoak, betidanik denetik jan izan du, eta etxean denetarik jaten dugu eta gustura. Barazki-purea, lentejak, xolomoa, yogurrak… eta ez du askoz gehiago probatu nahi izaten… ez dakigu nola jokatu: gustukoa duen horretara mugatu bere menua eta esperantza izan handiagotan denetarik jaten hasiko dela edo saiatu bestelako elikagaiak proba ditzan (baina ez dakigu nola).

HAURREK ELIKAGAI BERRIAK PROBATZEKO duten beldurrari neofobia deitzen zaio. Umeen garapenean dagoen aldi bat da, beraz ohikoa den zerbait da. 2-3 urterekin hasi ohi dira elikagai berriak baztertzen eta orokorrean 6-7 urte dituenerako gainditzea lortzen du. Gurasoak haurrarekiko duen jarrerak baldintzatuko du aldi honek eboluzio positiboa izatea. Izan ere, haurrak jatera behartzeak, mehatxu egiteak edota behin eta berriz jateko esateak, lortu nahi denaren kontrakoa lortzea eragin dezake; horrelako jokabideekin elikagai hori gorrotatu dezake. Jatera bul-tzatzeko beste elikagaiekin (gozoak, litxarreriak...) saritzea, ez da haurrak jateko modurik egokiena. Modu honetara, haurrak elikagai “ez osasuntsuak” gehiago jan eta horiek zerbait ona direla erakusten ari gara.

Helburua, haurrak elikagai berriarekin harreman egokia lortzea izan behar du.

Horretarako, elikagai hori behin eta berriz mahaira ateratzea lagungarria da. Haurrak elikagai bat gustuko ez duelako gainontzeko kideek ez diote zertan jateari utzi behar. Haurrak jakia mahai gainean ikusi eta etxekoak jaten ikustea jatera animatzeko modu bat da. Askotan ezer esan gabe, gauza asko lortu daitezke. Elikagai hori beti modu berean prestatu beharrean, beste modu batera prestatzea edo aurkeztea lagungarria izan daiteke. Baita gustuko elikagai batekin prestatzea edo ondoan jartzea ere. Zerbitzatzen ditugun kantitateak egokiak izatea garrantzitsua da. Gogoratu haurren behar energetikoak txikiagoak direla, beraz, geuk jaten ditugunak baino kantitate txikiagoak behar dituztela. Haur askok kantitate gehiegi ikusten dutenean platera baztertzen dute.

Elkarrekin erosketak egin eta janaria prestatzea oso lagungarria izaten da. Haurrei asko gustatzen zaie prestaketan parte hartzea eta honek elikagaiarekiko interes handiagoa sor diezaieke. Norberak prestatutakoa beti da erakargarriagoa.

Askotan zaila bada ere, pazientzia izan behar da. Garrantzitsuena, haurrak elikagaiekin harreman egokia izatea da. Haurraren menua gustuko duen horretara mugatuz gero, zaila izango da elikagai berriak probatzeko interesa piztea.