Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista
JANGELAKO MENUA OREKATZEN
5 urteko haurra jangelan hasi da. Etxean denetik jaten du, baina antzematen dugu jangelan ezetz, gose handiarekin ateratzen da. Gosariak, meriendak eta afariak egiten ditu etxean (asteburuetako otorduez gain). Otordu horietan dieta orekatu bat izateko —burdina ez faltatzeko, etab.— nondik hasi beharko genuke?
LEHENIK ETA BEHIN, JANGELAKO MENUA etxekoarekin orekatu ahal izateko, elikadura orekatua zer den eta nola osatu daitekeen ezagutzea garrantzitsua da.
Elikadura orekatua gorputzak osasuntsu mantentzeko behar dituen elikagaiak kantitate egokian kontsumitzen direnean lortzen da. Horretarako, elikagaiak ongi aukeratu behar dira eta landare jatorriko elikagaiak, animalia jatorriko elikagaiak baino proportzio handiagoan agertu behar dute haurraren menuan.
Elikagaien oreka lortu ahal izateko, egunero gutxienez 2 errazio barazki, 3 errazio fruta , 4-6 errazio zereal integral, 2-3 errazio esneki eta 3-6 errazio oliba-olio eskaintzea gomendatzen da. Asterokoan berriz, 2-4 errazio lekale, 3-7 errazio fruitu lehor, 2-3 errazio arrain, 3-4 errazio haragi (oilaskoa, indioilarra eta untxia) eta 3-4 errazio arrautz. Haragi gorria, hestebeteak, gailetak, opilak, litxarrekeriak, edari azukretsuak etab. kontsumitzekotan noizean behin izatea gomendatzen da. Horiek azukre eta gantz aseetan aberatsak baitira.
Elikagai talde bakoitza zenbat erraziotan hartzea komeni den ezaguturik, jangelako menua etxekoarekin orekatu ahal izateko, hona hemen gomendio batzuk:
Eskolatik goseak ateratzen den egunetan merienda indartu dezakezu. Egunerokoan hartzen duenaz gain, fruta, esnekiak, fruitu lehorrak edo zerealak gehitu ditzakezu edo errazioak handitu. Adibidez, ogitartekoa eta fruta meriendatzeko ohitura badu, fruitu lehorrak edo jogurta gehitu diezaiokezu.
Jangelan zein elikagai jan ez dituen identifikatu ondoren, goiko gomendioei jarraituz afaria osatu dezakezu, horrela eguneko beharrak beteko ditu.
Asteko errazioen gomendioak lortu ahal izateko, afarian jarri nahi ez dituzun jakiak, asteburuan jarri ditzakezu. Adibidez, lekaleak afaltzeko jarri nahi ez badituzu, asteburuan prestatu ditzakezu.
Saiatu jangelan bazkaltzeko izan dituen elikagai berdinak gauean ez jartzen, berriz ere baztertu ez ditzan.
OLIBAK
6 urteko alabak olibak jateko irrika izaten du. Baina gatza dute… ez dakit mesede baino, kalte gehiago egingo ote dioten…
OLIBAK OLIBONDOETATIK JASOTZEN DIREN fruituak dira eta oliba-olioa egiteko erabiltzen dira batez ere. Horien konposizioa, barietatearen, zonaren, klimaren, biltze-unearen, lantze-prozesuaren eta abarren arabera, aldatu egiten da. Gure artean ohikoenak oliba berdeak eta beltzak dira. Orokorrean, % 3,84 karbohidratoz, % 3,3 zuntzez , % 1,03 proteinaz eta % 15-20 gantzez osaturik daude. Gantz ugari duten fruituak badira ere, gantz “ona“ proportzio altuetan dute; 2 herenak gantz monoasegabeak (azido oleikoa) dira. Bestetik, polifenolak kantitate esanguratsuan dituzte. Eta honek, LDL kolesterolaren oxidaziotik babesten du. Horregatik, olibei eta noski bere olioari, oxidazioaren eta inflamazioaren kontrako propietateak aitortzen zaizkio.
Hala ere, fruitu horien osagai guztiak ez dira onuragarriak. Oleouropeina izeneko glukosido bat daukate eta honek bildu berritan zapore mikatz bereizgarria ematen dio olibari. Horregatik, merkaturatu aurretik, tratamendu espezifiko bat behar izaten dute eta kontserbatzeko gatz kantitate altuak gehitzen zaizkie. Ondorioz, 100 gramoko 5-7,5 gramo gatz izaten dute. Elikagai batek etiketan 100 gramoko 1,25g gatz baino gehiago duela adierazten badu, gatzetan aberatsa den elikagai baten aurrean gaudela esan nahi du. Saltokietan gatzetan
% 25-30 jaitsitakoak ere aurki ditzakegu baina horiek ere gatz gehiegi izaten jarraitzen dute.
OMEk hipertentsioa eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitu ahal izateko, egunean 5 gramo gatz baino gutxiago kontsumitzea gomendatzen du. Haurren kasuan, gatzaren kontsumoa bajuagoa izan behar du.
Gatz kantitate altuegiak kontsumitzea osasunerako kaltegarria denez, eta olibak gatz kantitate altuak dituenez, noizean behin edo kontsumitzen direnean kantitate txikitan jateko gomendatuko nuke.
JANA EDOSKITZAROAN
18 hilabeteko haurrak oraindik bularra asko hartzen du, eta denetik jaten duen arren, kantitate oso txikitan jan ohi du. Bi kezka ditut, ez dakit bularra kentzeak mesede egingo liokeen batetik, eta, jatorduetan kopuru gutxi janda zer gabezia izan dezakeen (burdina…) eta nola orekatu.
MUNDUKO ZIENTZIA ELKARTE GARRANTZITSUENEK amagandiko edoskitzea gutxienez 24 hilabetera arte izatea gomendatzen dute, haurrak eta amak nahi duten bezainbeste luzatuaz.
Bularrak hainbat onura eskaintzen dizkie adin horretako haurrei. Nagusiena, onura inmunologikoa da; bularra hartzen dutenek bularra hartzen ez dutenek baino infek-zioak izateko arrisku txikiagoa dute. Bularra luzaroan hartzeak dituen onurak epe motzera bakarrik ez dira ikusi, baita epe luzera ere; hainbat minbiziren, gaixotasun metabolikoren eta gaixotasun autoinmuneren intzidentzia murriztu egiten da. Bestetik, laktantziaren iraupena, garapen emozional, psikosozial eta intelektual hobearekin loturik dago. Beraz, geroz eta edoskitzaro luzeagoa izan, handiagoa izango da bere onura.
Urtebetetik aurrera bularreko esnea haurrarentzat elikagai oso egokia da. Lehenengo hilabeteekin alderatuz gero, gantz kantitate handiagoa du. Urtebeteko haur baten behar energetiko proteikoen herena bularreko esneak betetzen duela esan daiteke eta bitamina eta mineral iturri oso garrantzitsua da. Behi esnearekin alderatuz gero, behi esne litro batek 637,86 kcal. baditu, bularreko esne litro batek urtebetetik aurrera 879,7 kcal. ditu. Beraz, behi esnea edo esne artifiziala baino elikagarriagoa da.
Urtebetera arte amaren esnea da elikagai nagusia haurrarentzat. Ondoren ere garrantzitsua bada ere, pixkanaka-pixkanaka, beste elikagaiek protagonismo gehiago hartzen joan behar dute. Horretarako, bularra otorduen ondoren eskaintzea gomendatzen da.
Haurrak lehenengo urtean asko hazten dira, jaiotzeko pisua hirukoiztu egiten dute. Lehenengo urtea iristean haurraren hazkuntza prozesua mantsotu egiten da, kontsumitutako kalorien % 3a bakarrik erabiltzen du haz-kuntzarako. Beraz, urtebete baino handiagoko haurrek aurreko hilabeteetan baino gutxiago jatea ez da harri-tzekoa. Adin horretan beraien gustuak, preferentziak eta batez ere apetitua oso aldakorrak izan ohi dira.
Hortaz, haurra ongi ari bada hazten eta energiaz edo indarrez ikusten baduzu, haurrak behar duena jaten ari den senaile da.