Libe garmendia | Dietista-Nutrizionista
IDORRERIA
Bi urte eta erdiko alabak egunak egiten ditu kaka egin gabe, eta egiten duenean negarrez, minez eta lehor egiten du. Ez dakigu ze elikagaik lagunduko lioketen eta zein saihestu behar ditugun. Konplementuren bat hartu beharko luke?
IDORRERIAREN AURKAKO ELIKAGAI NAGUSIA zuntza da. Haurrak idorreria duenean zuntzetan aberatsak diren elikagaiak kantitate egokietan kontsumitzen dituen erreparatu behar dugu. Horretarako, barazki, fruta, lekale, zereal eta fruitu lehorren elikagai taldeei begiratu behar diegu. Talde horiek baitira zuntzetan aberatsak.
Zuntz kantitate egokia lortzeko otordu garrantzitsuenetan barazkiak eta fruta eskaintzea komeni da. Barazkietan hosto berdeko barazkiak eta alkatxofa dira aberatsenak. Eta frutetan basoko fruituak, laranja eta kiwia. Zerealen kasuan, zereal osoak aukeratu behar dira. Bitamina eta mineral gehiago izateaz gain, zuntzetan askoz aberatsagoak baitira. Lekaleak berriz, astean hiru otordutan agertzea gomendatzen da. Eta fruitu lehorrak, oraindik osorik ematea komeni ez bada ere, birrinduta eman daitezke. Adibidez, entsaladei, jogurtari edo mazedoniari gehituta. Modu honetara, zuntzetan aberatsa den menua eskaintzen ariko gara. Hesteak zuntz kantitate altuagoetara ohitzeko, elikagai horiek poliki-poliki gehi-tzen joatea gomendatzen da.
Idorreriari lagunduko ez diotenak zuntzetan oso baxuak diren elikagaiak dira. Horregatik, sahiestu beharrekoak dira litxarrekeriak, gozoak, opil industrialak eta antzeko jakiak.
Elikaduraz gain, haurrak edaten duen ur kantitateari ere begiratu behar zaio. Zuntzek bere lana ondo bete dezaten ura behar dute. Hortaz, otordu guztietan ura eskaintzea eta zopa edo barazki saldatsuak ematea gomendagarria da.
Bestetik, haurraren aktibitate mailak ere badu bere garrantzia. Aktibitateak, hesteetako mugimendu peristaltikoak estimulatzen ditu, kaka egitea erraztuz.
Jarraibide horiekin haurrak lehortuta jarraitzen badu, pediatrarengana eramatea gomendagarria izango litzateke. Konplementuren baten laguntza behar izan dezake eta.
ARTOZKO EDO ARROZEZKO OPILTXOAK
Plazara ateratzen garenean artozko, arrozezko, kinoazko opiltxoak jatea oso ohiko bihurtu da. Ba al dute balio nutritiborik opil horiek? Eta alderdi kaltegarririk?
PRODUKTU HORIEK OINARRIAN zereala dute. Arrozezkoak edo artozkoak dira salduenak eta gehienek zereal finduak izaten dituzte. Marka gehienak olio gabeak diren arren, batzuek opiltxoak egiteko balio nutritibo baxuko olioak erabiltzen dituzte. Hortaz, esan genezake, mota honetako opiltxoek ez dutela balio nutritibo handirik.
Horrelako opiltxoen alderdi kaltegarria gatz kantitate altua da. Gatza uste baino elikagai gehiagotan aurkitzen da. Eta honekin kontuz ibili behar gara. Izan ere, gatz gehiegi kontsumitzea osasunerako kaltegarria da, hipertentsioa izateko arriskua handitzen baitu.
Bestalde, arrozak dituen artseniko kantitate altuak direla eta Suediako elikadura agentziak 6 urte baino txikiagokoei arrozez eginiko opiltxoak eta edariak ez ematea gomendatzen du. Artsenikoa kantitate altuetan kontsumitzea osasunerako kaltegarria da. Hemen ez badago ere horrelako debekurik, hobe da arroza eta arrozez eginiko produktuak (opiltxoak) egunero ez ematea.
Gatz gutxikoak edo gabekoak eta zereal osoko opiltxoak dira egokienak haurrari eskaintzeko. Baina opiltxo hauek ez dira merienda edo hamaiketakoaren ordezko izan behar, osagarri baizik. Hobe da hamaiketako edo meriendan fruta, fruitu lehorrak edo ogitarteko txiki bat eskaintzea. Horiek jan eta beste zerbait nahi badute, litxarrekeriak ekidin eta horrelako opiltxo bat eskaintzea ez da aukera txarra.
MERIENDARAKO PROPOSAMENAK
Merienda garairako proposamenak behar ditut. Ohiko otartekoa (txorizoa, york urdaiazpikoa, txokolatea…) eta horrez gain fruta? Esnekirik sartu beharko genuke?
MERIENDA GARAIAN ZER EMAN guraso askoren zalan-tza izan ohi da. Haurrei merienda goxo eta osasuntsuak eskaintzeko aukera zabala dago. Gakoa, elikagai osasun-tsuak aukeratu eta irudimen pixka bat erabiliz konbinaketa desberdinak egitea da.
Ogitartekoa haurren meriendarako aukera egokia da. Baina horretarako ogi tartean jartzeko elikagaiak ongi aukeratu behar dira. Txerrikiak (urdaiazpikoa, urdaiaz-piko egosia, txorizoa…) gantz saturatu eta gatzetan aberatsak dira. Gainera gehienak oso prozesatuak izaten dira. Horregatik, egunerokoan jartzea ez da komeni. OME-k haragi prozesatuak (txerrikiak, hestebeteak...) gehiegi kontsumitzea osasunerako kaltegarria dela dio.
Hortaz, egunerokoan txerrikiak emateari utzi eta ogi tartean beste elikagai batzuk jartzea komeni da. Gazta, hummusa (garbantzu patea), guakamolea (ahuakatea), tomatea eta oliba olioa, tortilla frantzesa, barazki pateak, sardinak... aukera zabala dago. Erabiltzen den ogiak ere badu bere garrantzia; balio nutritibo altuagoa duenez, hobe beti ogi integrala erabiltzea.
Bestetik, ogitartekoaz gain, badira beste elikagai batzuk meriendan emateko oso aproposak direnak. Fruta, fruitu lehorrak, jogurta, zereal integralak (azukre gabeak)... Horiek beraien artean konbinatuz, oso merienda goxoak prestatu daitezke. Hemen ideia batzuk:
Jogurta fruitu lehorrekin (3 urte baino txikiagokoei birrinduta eman behar zaizkie) eta fruta zatitxoekin.
Jogurta zereal integralak eta fruta zatitxoekin.
Mazedonia gazta fresko zatiekin.
Esnea ogia edo oloarekin.
EDOSKITZAROA
Urtebete daramat eradoskitzen, eta haurrak oso sarri eskatzen jarraitzen du. Baina irudipena daukat azken aldian esnea gutxitu zaidala. Nire elikadurak lagundu al
dezake esne gehiago edukitzen?
EZ, ELIKADURAK EZ DU LAGUNTZEN esne gehiago eduki-tzen. Almendra, sardinak... elikagai askori aitortu izan zaio propietate hori. Baina ez dago ikerketarik hori horrela dela erakusten duenik. Gai honen inguruan mito asko daude. Esne gehiago izateko modu bakarra haurra titian jartzea da. Gero eta sarriago jarriz, gorputzak esne gehiago produzitzen du. Haurrak titia eskatzen duen bakoi-
tzean titia ematen bazaio, esnearen produkzioa ziurta-tzen da. Sortuko den kantitatea, haurrak hartzen duen kantitatearen araberakoa izango da. Urtebete baino txikiagoko haurrei, titia eskatzen duten bakoitzeko eta otorduen aurretik ematea gomendatzen da. Zaharragokoei aldiz, titia eskatzen duten bakoitzeko eta otorduen ondoren edo otordu tarteetan.
Kasu konkretu batzuetan, esnearen produkzioa estimulatzeko, medikamentuak erabiltzen dira. Baina horiek sortu ditzaketen albo-ondorioak direla-eta, medikuaren kontrol zorrotza behar izaten dute.