Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista

ESNEA

Haurrari behi esneak kalte egiten diola ohartu gara. Soja, oloa, arroza... ahuntz esnea... ez dakigu zer eman. Behi esnea ez den bestelako esneen ezaugarriak 
(onurak eta kalteak) zein dira?

GAUR EGUN MERKATUAN landare jatorriko edari asko aurki ditzakegu: arroza, oloa, soja, almendra, artatxikia, hurra…Landare-esne deitzen bazaie ere, landare-edariak deitzea egokiagoa da. Edari horietan aurkitzen den landare kantitatea oso baxua (% 8-15) da, ondorioz, nahiz eta edari horien jatorrizko elikagaiak ezaugarri nutrizionalean aberatsak izan, edariek proportzio txikiagoan dituzte. Hori dela eta, landare edari askok, behi esnearen propietate antzekoak edukitzeko helburuarekin hainbat bitamina eta gatz mineral (kaltzioa, burdina, A eta D bitaminak...) gehituta izaten dituzte. Horrez gain, zapore gozoagoa edo atseginagoa egiteko, azukrea gehitzen zaie. Azukre gehiegi ez edukitzea komeni da. Horretarako, edariak duen etiketa begiratu behar dugu.
Ahuntz esnea da behi esnearen ezaugarri antzekoenak dituena. Koipeetan zerbait aberatsagoa da, baina proteina, bitamina eta mineral kantitate berdintsuak ditu. Behi esnearen aldean, laktosa eta kaseina (alergeno) maila oso baxuak ditu, beraz behi esneari intolerantzia edo alergia dietenentzat egokia da. Ahuntz esnearen koipea behiarena baino errazago digeritzen da.
Landare edariek koipe osasun-tsuagoak (koipe asegabeak) dituzte. Koipe horietan aberatsena almendra edaria da. Arrozaren edariak aldiz, ez du batere koiperik.
Behi esnea ez da haurraren elikaduran ezinbestekoa baina bai bere propietateak (kaltzioa eta A, D bitaminak). Beraz, propietate horiek beste elikagai batzuekin lortu behar ditugu.


ARRAINA

Gure umeari ez zaio gustatzen arraina. Haren an-tzeko propietateak dituen zein beste jaki eman diezaiokegu?

ARRAINA PROTEINA-ITURRI garrantzitsua da. Arrain motaren arabera, kaltzioa, fosforoa, potasioa, burdina, magnesioa, iodoa... lor daitezke. Proteina kantitatea eta B taldeko bitaminak aldiz, arrain batetik bestera ez dira gehiegi aldatzen. Arrain urdina, beste arrainen propietateez gain, omega 3an eta A, D bitaminetan aberatsa da.
Honengatik guztiagatik arraina astean 2-3 aldiz kontsumitzea gomendatzen da. Ez badago modurik haurrak arraina jateko, ez larritu. Elikadura egokia jarraitzen badu, bere nutrizio-beharrak egoki beteko dira. Hala ere, ez etsi, arraina jaki garrantzitsua denez, haurraren menuan egon dadin saiatu behar zara.
Pazientzia hartu,giro lasai eta positibo batean, mehatxurik gabe eta gehiegi tematu gabe, lortuko duzu haurrak arraina jatea. 
Horretarako hona hemen ideia batzuk: 
-Hainbat arrain mota eman proba-tzeko. 
-Prestaketa anitz erabili: frijituta, labean, plantxan, arrautz-irinetan pasata...
-Hainbat osagairekin konbinatu: tomate saltsa, barazki saltsa, patata egosia, arroza, artatxikia...
-Errezeta ezagunetan erabili: hanburgesa, pizza, lasagna, kroketa, arrain-zopa, paella...
-Arrain-kontserbak eskaini.


FRUTA

Frutarekin borroka izaten dugu etxean. Gurasook ohitura dugun arren, ez dago modurik gure semeek fruta piezarik jan dezaten. Hain garrantzitsua da fruta jatea? Ze beste elikagaik izan ditzakete fruten propietateak?

FRUTA EGUNEROKO ELIKADURAN egon behar duen elikagaia da. Izan ere, frutek,  osasunerako oso garrantzitsuak diren propietateak dituzte. Fruta mota batetik bestera aldatu daitezkeen arren, orokorrean hauek dira frutaren ezaugarriak: 
• Karbohidratu sinpleak dituzte nagusiki eta zuntzetan aberatsak dira.
• Ura osagai nagusi izatean eta  koiperik ia ez izatean (kokoa eta ahuakatea izan ezik) kaloria gutxiko elikagaiak dira. 
• Bitamina eta gatz mineraletan aberatsak dira (C, A eta B bitaminak, potasioa, magnesioa...). Gero eta gehiago bariatu, bitamina eta mineral gehiago lortzen dira.
• Sustantzia fitokimiko ugari dituzte. Horiek gaixotasun askoren prebentzioan eta tratamenduan sendagai modura lan egiten dute.
Fruta kontsumoaren garrantzia zuntz, bitamina, gatz mineral eta sustantzia fitokimikoetan datza. Horiek kantitate egokian gureganatu ahal izateko, egunero, gutxienez 3 fruta anoa jatea gomendatzen da. Frutarik jaten ez den kasuetan, barazki gehiago eta barietate handiagoan jatea komeniko litzateke. Zereal integral eta lekaleak ere, eguneroko menuan egon beharko lukete. 
Hala ere, ez da ahaztu behar haurrek jateko ohiturak haurtzaroan hartzen dituztela. Horregatik, oso garrantzitsua da etxean fruta beti izatea eta zuek gurasook, egunero fruta jaten ikustea. Horrela, egunen batean fruta jatera animatuko dira. Hala ere, inolaz ere ez dira behartu behar fruta jatera.