Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
HIZKUNTZAREN KALITATEA
Herri txiki batean guraso naiz, eta kezkatuta nago gure haurrek erabiltzen duten euskararekin; aditz nahiz egitura okerrak, batuaren gero eta antza handiagoa duen entonazioa nahiz ahoskera, erdarakadak... Uste dut batetik gurasook ez dugulako transmisioa ondo egin gertatu dela, baina baita kanpoko euskarak ‘kutsatu’ dituelako ere. Zer egin dezakegu gurasook egoera horri aurre egiteko?
NORMALTZAT HAR DAITEKE gure seme-alabek eta guk euskara modu berean ez erabiltzea eta batzuon euskaratik besteenera aldea egotea, guk ere ez dugu gure gurasoen modu bere berean erabiltzen.
Euskara jasotzeko bideak hainbat dira (komunikabideak, eskola, kalea…). Egitura okerrak hortik ere bereganatu ditzakete. Sozializazio-prozesu batean daude, eta bide horretan hainbat iturritatik edaten dutenez, hizkun-tzan ere islatzen da hori. Gaur egun, gainera, batuaren eraginez euskalkien arteko aldeak murriztuz doaz. Batua beharrezkoa dugu eta hainbat egoera eta eremutarako beharrezkoa da, baina badu eragina euskalkiengan.Horrek ez du esan nahi euskalkiak desagertuko direnik edo zaindu behar ez ditugunik.
Gurasoon eragina mugatua da, baina nahiko handia ere bada. Zuek zuen euskara erabili eta saiatu seme-alabei ahalik eta euskara aberatsena eskaintzen: abestiak, esaerak, esapideak… Ikus dezatela zuek euskalkia maite duzuela eta zaintzen duzuela. Hori jasoko dute, eta beraien euskara agian guk nahi bezalakoa ez izan arren, ziur aberatsa izango dela. Patxadaz hartu, eta gozatu hizkuntzarekin.
MUGIKORRAREKIN
15 urteko alabak idazkera oso berezia darabil mugikorretik ari denean. Uste duzu horrek eraginik izan dezakeela beste erregistro batzuetan idazten ari denean?
MUGIKORRETAN ERABILTZEN DEN HIZKETA hizkuntzaren beste erregistro bat da. Ez da txarra ezta kaltegarria ere. Mugikorretan aritzeko erregistro egokia garatzea, berez, abantaila bat da: laburdurak erabiltzea, irudiak… Horiek modu eraginkorrean erabiltzea tresna aproposa da mugikor bidezko komunikaziorako.
Ez dugu hizkuntza modu berean erabiltzen lagunartean, bikotekidearekin, lan bileretan edo beste hainbat egoeretan. Hitz egiteko modua egokitu egiten dugu. Idazteko modua ere bai. Hizkuntza aberatsa izatearen adierazleetako bat da erregistro ezberdinak erabiltzeko gai izatea. Mugikorretako hizkera ere horietako bat da.
Zuen alabak eregistro bat erabil dezake mugikorrean, beste bat lagunartean, beste bat eskolan jendaurrean aurkezpenak egiterakoan... Eta guztiak zuzen eta egoki erabiltzeko gai izan daiteke.
Zuen kezka erregistro formalak behar bezala erabiltzeko gai izango ote den baldin bada, eta bereziki idazterakoan akatsak egingo ote dituen, horretan lagundu: irakurtzeko zaletasuna sustatu, zuzen idazten ote duen galdetu irakasleei, ahalegina eskatu… Baina mugikorreko hizkerak ez luke eragin berezirik izan behar prozesu horretan.
ERDI-PURDIKO EUSKARA
Bikoteak eta biok ez dugu oso euskara ona. Ez al da hobeto gure semeari erdi-purdiko euskara batean hitz egin baino gazteleraz aritzea? Bestela gaizki ikasiko du euskaraz... Kasu horretan, zer baliabide eskaini behar dizkiogu euskara ikas dezan?
EUSKARA ONA ETA TXARRA ZER DEN bereizten hastea baino, bi ideia kontuan hartzea proposatuko nizueke: zuen seme-alabentzat euskara eta gaztelania zer izatea nahi duzuen pentsatzea, eta euskara komunikaziorako oztopo izan ez dadin zaintzea.
Ikasten ditugun hizkuntzak gure egiten ditugu, baina harreman ezberdina izaten dugu bakoitzarekin: pertsonekin eta egoerekin lotzen ditugu hizkuntza horiek, eta horrek bakoitza guretzat ezberdina izatea ekartzen du. Zuen seme-alabek euskararekin nolako harremana izatea nahi duzue? Aita eta ama euskararekin lotzea nahiko zenukete? Etxea? Horrela bada, ahalegindu ahal duzuen euskara guztia erabiltzen eta zuekin harremana euskaraz izan dadin finkatzen.
Bestalde, zuzentasunari baino komunikazioari begiratu. Euskarak ezin du zuen seme-alabekin duzuen komunikazioan oztopo izan. Beraz, euskaraz aritu zaitezkete arazorik gabe, baina egoera batzuetan gaztelaniaren beharra sumatzen baduzue, hori ere erabil dezakezue. Arrisku handiena gaztelaniari gero eta leku gehiago ematea da, eta bide horretatik seme-alabekin harremana batez ere gaztelaniaz izatea. Beraz, zaindu euskararen erabilera baina ez dadila komunikaziorako oztopo izan.
Azkenik, zuzentasunari dagokionez, zaindu baina ez kezkatu gehiegi. Ahalegindu gero eta euskara hobea erabiltzen, baina zuek akatsak egiteak ez du esan nahi zuen seme-alabek akats horiek errepikatuko dituztenik. Beste hainbat bidetatik ere ari dira euskara jasotzen: eskola, eskola orduz kanpoko jarduerak, lagunak, kalea, telebista… Eta gainera, hizkuntzak modu natural batean eta erabileraren bidez bereganatzen dituzte. Beraz, seguruenik, guk egiten ditugun akatsak errepikatu baino, gu zuzentzen hasiko dira.
Zuen seme-alabek euskara aberatsa izatea nahi baduzue, zuek eskaintzen diezuen horretaz gain, aipatutako bide horiek zaindu eta euskara entzuteko eta erabiltzeko egoera asko eskaini: kalean, lagunartean, telebistan…
Erabili euskara beldurrik gabe, eta eskaini ahal duzuen guztia zuen seme-alabei.