Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista
LEHEN ELIKAGAIAK
8 hilabeteko haurrak bere pureak baino nahiago izaten du guretik jan. Eta ia denetik uzten diogu hartzen, baina arrautzarekin, esnearekin... kontuz ibiltzen gara. Zer beste elikagairekin ibili behar dugu kontuan urtea bete arte?
GARAI BATEAN, ALERGIAK EKIDITEKO, arrautza edo arrain urdina bezalako elikagaiak haurraren elikaduran beste elikagaiak baino beranduago sartzea gomendatzen zen. Gaur egun, aldiz, elikagai horiek haurraren elikaduran lehenago sartzean, haurrek elikagai horiekiko alergia izateko arriskua txikitu eta prebenitu daitekeela ikusi da. Beraz, urtebete baino lehenago talde guztietako elikagaiak jatea komeni da.
Hala ere, badira salbuespen txiki batzuk. Elikagai ba-tzuek dituzten substantziak haurrentzat kaltegarriak izan daitezke. Hona hemen urtebete baino txikiagoko haurrek ekidin beharreko elikagaien zerrenda:
- Behi-esnea: behi-esnearen proteinek hesteetako odol galera eragin diezaiekete.
- Zerbak, espinakak eta borrajak: hosto berdeko barazki horiek nitratoetan aberatsak dira eta, kantitate altuan kontsumituz gero, metahemoglobinemia izeneko gaixotasuna sor diezaiekete txikienei. Horregatik, ez ematea edo, ematekotan, plateraren % 20 baino gutxiago izatea komeni da.
- Arroz-edaria: artseniko kantitate altuak izatean, ez ematea gomendatzen da.
- Gatza eta gatzetan aberatsak diren elikagaiak (hestebeteak, gazta, kontserbak...): urtebete baino gutxiagoko haurren giltzurrunak ez daude prestaturik gatz gehiegi hartzeko.
- Azukrea edo azukretan aberatsak diren elikagaiak (zukuak, freskagarriak, gozokiak...): horien kontsumoak txantxarra edota luzarora obesitatea sor diezaiekete.
- Eztia eta infusioak: Urtebete baino txikiagoko haurren digestio-aparatua oraindik ez dago C. botulinum esporei aurre egiteko prestaturik. Ondorioz, Botulismoa izeneko intoxikazio larria sor diezaiekete.
- Ezpata-arraina, lutxoa, marrazoa eta hegalaburra: metil-merkurioan aberatsak izatean, 3 urte baino gutxiagoko haurrei ez ematea gomendatzen da.
- Krustazeoen buruak, karramarroa eta antzekoak: kadmio kantitate altuak dituzte.
- Plomudun munizioarekin ehizatutako haragiak: 6 urte baino txikiagoko haurrei ez ematea gomendatzen da.
- Itotzeko arriskua eragin dezaketen elikagaiak: fruitu lehorrak, mahatsa, olibak...(Xehatuta jan ditzakete).
BURDINA
Sei hilabete arte bularra soilik hartu du haurrak eta orain bestelako janariekin hasi gara, baina oso mantso goaz, bularrak jarraitzen du elikagai nagusia izaten. Pediatrak esan dit garai honetan bularra soilik hartuz burdin falta izan dezakeela umeak, eta hartzen dituen elikagai gutxi horiek izan daitezela burdinan aberats. 6-7-8 hilabeteko haur batek hartu ditzakeen zein elikagai dira burdinan aberats?
6-12 HILABETE BITARTEKO HAURREK, bularragandik jasotzen duten burdin kantitatea ez dute nahikoa izaten. Ume bakoitzak burdin erreserba ezberdinak izaten ditu. Batzuek, 6. hilabetean burdin behar handiagoa izaten dute, beste batzuek aldiz, 8. hilabete arte elikagai solidorik ez dute probatzen eta ez dute burdin falta izaten.
6. hilabetetik aurrera, haurraren elikagai nagusia bularra izaten jarraitzea komeni da. Baina pixkanaka, haurraren garapen egokirako, jateko prest eta gogoz agertzen denean, elikagai ezberdinak jatea garrantzitsua da. Hasiera batean, gehiegi ez badute jaten ere, orokorrean, jaten dituzten elikagai gutxi horiekin, burdin beharra asetzea lortzen dute.
Burdinan aberatsak diren elikagaiak eskaintzean, haurrak burdin falta ekiditea errazagoa izango da. Haragia, arraina, gorringoa, hegaztiak, zereal integralak (oloa, quinoa), lekaleak, fruitu lehorrak xehatuta… burdinan aberatsak dira. Elikagai horiek, batez ere landare jatorrikoak, C bitaminan aberatsak diren elikagaiekin (brokolia, laranja, kiwia... ) kontsumitzen badituzte, burdina hobeto xurgatuko dute.
EDOSKITZE- GARAIA
Edoskitze-garaian, amak jaten dituen elikagai batzuk haurrarengana pasatzen direla entzun izan dut eta beste batzuk ez. Kafeina adibidez bai, ostera, haizeak dakartzatenak ez ( babarruna…). Hala da? Zer elikagairekin ibili behar dut kontuz haurrari ez kalterik egiteko?
HALA DA, BAI. ELIKAGAIEK SORTUTAKO haizeak bularrera pasatzen direnaren kontua, gizartean oso zabaldurik egon da, baina ez da horrela. Haizeak ez dira odolera pasatzen eta, ondorioz, amaren esnera ere ez.
Kafeina eta teina, aldiz, odolera pasatzen diren substantziak dira. Horregatik, kantitate altuegietan ez hartzea gomendatzen da, haurrari urduritasuna edota sumingarritasuna sor diezaiokete eta.
Alkohola, edoskitzaroan ez kontsumitzea komeni da. Kontsumitzekotan, noizean behin eta kantitate txikitan izan behar du eta ondorengo orduetan haurrari bularra ematea ekidin beharko litzateke.
Edoskitzaroan ere, metil-merkurioan aberatsak diren arrain urdinak ez kontsumitzea gomendatzen da; hegalaburra, ezpata-arraina, lutxoa eta marrazoa. Gainontzeko arrainak, lasai jan daitezke.