Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista
FRUTA UDAZKENEAN
Uda partean barazki eta fruta ugari eman diegu jateko gure haurrei, baina udazkenean aniztasun gutxiago dago. Zein barazki eta fruta gomendatzen dizkiguzu udazkenerako?
GAUR EGUN SALTOKIETAN mota guztietako fruta eta barazkiak aurki ditzakegu urte guztian zehar. Baina fruta eta barazki bakoitzak bere sasoia du, orduan egoten baita bere puntuan, ongi heldurik. Sasoiko produktuek natura errespetatzen dute, eta, gainera, nutrizionalki aberatsagoak dira. Bere sasoian ekoitzi eta jasotzen direnean, horien kualitate organoleptikoa (kolorea, zaporea, testura...) mantendu egiten dira eta mantenugaietan aberatsagoak dira.
Udazkenean udan baino aukera gutxiago badago ere, udazkenak gure inguruko fruitu eta barazki interesgarriak eskaintzen dizkigu. Frutari dagokionez, sagarra, udarea, kiwia, mizpira eta mahatsa ditugu. Barazkien kasuan, azenarioa, aza, azalorea, brokolia, bruselaza, borraja, erremolatxa, eskarola, letxuga, mihilua, porrua, txikoria, zerba, espinaka, apioa eta arbia.
Udazkenaren hasieran, udan aurki ditzakegun elikagai asko jan daitezke oraindik ere: muxika eta nektarina, kalabaza, kalabazina, leka, tomatea, berenjena, pepinoa eta piperra. Kanpoko frutei dagokienez, hor ditugu naranja, pomeloa, granada, fruitu gorriak…
Urtarokoa errespetatzen badugu, fruta kalitate hobean jango dugu, bere punttuan, eta nutrizionalki ere aberatsagoa izango da. Horregatik, garaiko fruta kontsumi-tzea gomendagarria da. Urtaro bakoitzak fruitu eta barazki ezberdinak eskaintzen dizkigu. Hori da urtaroen berezitasuna. Naturak badaki zein fruta eta barazki komeni zaizkigun. Garaiko elikagaiak jaten ditugunean, ekologia errespetatzeaz gain, edo natura errespetatzeaz gain, gorputzari behar dituen mantenugaiak emateko aukera handitzen da.
AKNEA
Nerabezarora hurbildu ahala, gero eta akne gehiago dauka gure alabak. Zein elikagai dira lagungarri arintzeko, eta zein elikagai ez zaizkio komeni?
NERABEZAROAN ALDAKETA HORMONALAK gertatzen direnez, gazte askori aknea agertzen zaie. Aldaketa hormonalei faktore genetikoak eta bizitza estilo desegokia gehitzen zaienean (estresa eta elikadura desorekatua batez ere), aknea izateko arrisku handiagoa izaten da.
Gizartean elikagai jakin batzuek (txokolatea, txorizoa…) aknea okertzen dutelako ustea oso zabaldua dago. Azken ikerketen arabera, elikagai zehatz ba-tzuek baino gehiago, gluzemia-karga altuko elikadura jarraitzea da aknea okertzearen arrazoietako bat. Edo hobeto esanda, gluzemia-karga baxuko dieta jarraitzean, aknearen egoera hobea izaten da. Ondorioz, freskagarriak, gozoak eta zereal finduak ekiditeak eta lekale, fruta, barazki eta zereal integraletan aberatsa den elikadura jarraitzeak, aknearen egoera hobetzen lagun dezake.
Esnekiek, gorputzak hormonak sintetizatzeko erabil-tzen dituen substantziak dituztenez, aknearen egoera okertu dezakete. Hala ere, horrelako kasuetan, elikadura gomendio pertsonalizatuak edukitzeaz gain, dermatologo batengana zuzentzea gomendatzen da.
TXANTXARRA
Zein elikagaik sortzen dute txantxarra? Nola prebenitu daiteke?
TXANTXARRA HORTZETAKO PLAKAREN parte diren mikroorganismoek sortutako azidoen eraginez gertatzen den infekzioa da. Ahoan aurkitzen diren bakteria batzuek, hortzetan itsatsirik geratzen diren janari zatiak jan eta azidoa sortzen dute. Sortutako azidoak hortzen esmaltea hondatu eta txantxarra sortzen du.
Sakarosan aberatsak diren elikagaiek (azukrea, gozokiak, freskagarriak, zukuak...), obesitatea edota diabetea izateko arriskua handitzeaz gain, txantxarra sortzeko gaitasuna dute. Almidoietan aberatsak diren elikagaiek ere (ogia, zerealak, patata) azidoak sortzen dituzte, hortzei eraginez.
Janari zatiak hortzetan erraz itsasten direnean, bakteriek azidoa sortzeko denbora gehiago dute, eta, ondorioz, hortzetako desmineralizazioa handiagoa izaten da. Honetaz gain, elikagai horiek zein maiztasunekin kontsumitzen diren eta eguneko zein momentutan jaten diren garrantzi handia du. Izan ere, janari azukretsuak otorduz kanpo kontsumitzen direnean, listu gutxiago jariatzen da eta txantxarra sortzeko aukera handiagoa dago.
Txantxarra ekiditeko, jateko ohitura egokiak jarrai-tzeaz gain, hortzak ongi garbitu eta fluorra erabiltzea funtsezkoa da.
GAZTAINAK
Udazkenean haurrekin gaztainak biltzera joateko ohitura dugu. Osasuntsuak al dira? Zein urtetatik aurrera jan ditzakete?
HAURREKIN GAZTAINAK BILTZERA JOATEAN, plan egokia izateaz gain, elikagai osasuntsua jasotzen duzue. Gaztainak, beste fruitu lehorrak ez bezala, karbohidratoetan aberatsak dira. Ur asko eta koipe gutxi edukitzean, kaloria gutxien duten fruitu lehorrak dira. Propietate erregulatzaileak dituzte, potasioan eta azido folikoan aberatsak baitira. Azala eta sistema kardiobaskularra babesten dituzten antioxidanteak (polifenolak) dituzte.
Ohikoena gaztainak erreta jatea da, baina gordinik edo egosita ere jan daitezke. Erreta jatean, proteina eta zuntz gehiago eskuratzen ditu gorputzak, baina kaltzio, potasio eta magnesio gutxiago.
Egosita edo erreta jatean, errazago digeritzen dira eta, bigunagoak geratzen direnez, mastekatzeko errazagoak dira. Beraz, haurrek gaztaina zatitxoak beste fruitu lehorrak baino lehenago jan ditzakete. Gogoratu, orokorrean, fruitu lehorrak 3 urte baino lehenago osorik ez ematea gomendatzen dela. Oro har, oraindik mastekatze-mugimenduak ez dituzte koordinatzen eta, ondorioz, kontrako eztarrira joateko arriskua dago.
Hamaiketakoan, askarian edo beste platerekin batera jan daitezke eta errezeta goxo ugari prestatu daitezke gaztainekin.