Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista

ARRAIN URDINA ETA HEZURRAK

Arrain urdina ematen hasi nahi nuke gure haurrari, baina hezurrek kezkatzen naute. Handiak kentzen dizkiot, baina beti gelditzen da hezur txikiren bat bueltaka, eta beldurra ematen dit haurrari horietakoren bat trabatuko ote zaion eztarrian. Nola prestatu niezaioke arraina hezurrek ahalik eta arazo gutxien sortzeko?

HEZURTXO GUTXIAGO dituenez, arrain urdina baino, arrain zuria da txikienek gehien kontsumitzen dutena, baina arrain urdina kontsumitzea garrantzitsua da. Beste elikagaietatik lortzea zaila den mantenugai bat baitu: omega 3-a.

Merkurio kantitate altuak direla eta, ez da komeni ezpata-arraina, lutxoa, hegalaburra eta marrazoa ematea 3 urte bete arte. Adin horretatik aurrera, astean anoa erdia edo bi astetik behin anoa bat bakarrik kontsumitu beharko lukete. Gainontzeko arrain-urdinak lasai jan ditzakete.

Arrainaren hezurrak ekiditeko, xerratan prestatzea da egokiena. Trontzotan moztuz gero, hezur gehiagorekin aurkituko gara. Arraina mozten oso trebeak ez bagara, arraindegikoari eska diezaiokegu prestatzeko. Hala ere, haurrari eskaini aurretik tentu handiz begiratzea komeni da, beti geratu baitaiteke hezurtxoren bat.

Adinean aurrera doazen heinean, haurrak hezurrak kentzen ikastea garrantzitsua da. Horretarako, pixkanaka eta pazientzia handiz, hezurrak kentzen erakutsi beharko diegu. Hori ikasten ez badute, arraina ez jateko motibo bihurtu daiteke eta.


DIGESTIOA ETA URA


Uda datorren honetan, beti entzun izan dugu bazkaldu ondoren ezin dugula 2 orduz uretara sartu, digestioa moztu dezakeelako, baina haurrentzat zaila izaten da, berehala sartu nahi baitute uretara. Benetan, zenbat denboran zehar galarazi beharko genieke uretara sartzea? 

BAZKAL ONDOREN URETARA SARTUZ GERO, digestio-etendura sor daitekeela beti esan izan da. Baina digestio-etendura terminoa gaizki erabiltzen da, uretara sartu ondoren gertatu izan diren ezbeharrak ez baitira digestioa etetean gertatzen. Horrelakoak, gorputza urarekin kontaktuan jartzeak sortzen duen txoke termikoaren ondorio izaten dira eta egoera horri, hidrokuzio-sinkopea deitzen zaio. Horren ondorioak konorte-galera eta, ba-tzuetan, bihotz-geraldia izaten dira.

Eguzkipean denbora luzez edo intentsitate altuko aktibitateak egiten direnean, gorputza eta uretako tenperaturaren arteko aldea handitzen da. Ondorioz, hidrokuzio-sinkopea izateko arriskua areagotzen da.

Digestioa egitean ere, uretara murgilduz gero, hidrokuzio-sinkopea izateko arriskua handitzen da. Horregatik, otorduen ondoren, orokorrean 2-3 orduz uretara ez sartzea gomendatzen da. Jandakoa oso arina izan bada ordubete inguru itxarotea nahikoa da. Aldiz, janaldi oparoa eginez gero, 4 orduz itxarotea gomendatzen da.

Garrantzitsuena hala ere, uretara poliki-poliki sartzea da. Gorputzeko atal ezberdinak pixkanaka-pixkanaka bustiaz. Honez gain, eguzkitan ordu gehiegi ez da pasa behar eta tarteka freskatzea komeni da. 


GOSEA UDAN

Udan, beroarekin, gosea galtzen du 12 urteko semeak. Nola estimulatu dezakegu bere apetitua? Zein janari lirateke gomendagarrienak jateko gogoa pizteko? 

UDAKO TENPERATURA ALTUEKIN ekintzak aurrera eramateko ez dugu motibaziorik izaten. Honekin batera apetitu-falta ere izaten dugu,  batez ere haurretan eta adinekoetan. Guraso askoren kezka izaten da haurrek udan agertzen duten jateko gogo falta. Behar adina ez dutela jaten iruditzen zaie eta haurraren hazkuntzan eragina izango duen beldur dira. Baina hori, oro har, ez da horrela izaten. Haurrak bere gosea autoerregulatzeko gaitasuna du eta, beraz, jateko gogorik ez badu, oso garrantzitsua da ez behartzea.

Elikagai osasuntsuak edukiko ditugu etxean, eta litxarreriak ekidingo ditugu. Modu honetara, haurrak gosea duenean, elikagai egokiak jango ditu. Otorduetan, plater erakargarriak prestatzen saiatuko gara. Koloretsuak badira, hobe. Bi plateretan prestatu beharrean, plater bakarrarekin osatu dezakegu bazkaria, bakoitzetik pixka bat jarrita. Horrela, talde guztietako elikagaiak jateko aukera izango du. Bestetik, beroari aurre egiteko, plater freskoak prestatzen saiatuko gara: askotariko entsaladak, baraz-ki krema hotzak... Hidratazioari ere garrantzia handia emango diogu. Ura izango da lehenengo eskaini behar zaiona haurrari, baina, horrez gain, irabiakiak, zukuak...eman diezazkiokegu noizbehinka.


ZILARREZKO PAPERA


Alabaren otartekoa biltzeko zilarrezko papera erabiltzen dut normalean, baina kaltegarria izan daitekeela esan didate. Horrela al da? Kasu horretan, zer gomendatzen duzu otartekoa biltzeko?


ZILARREZKO PAPERA deitzen bazaio ere, ogitartekoak biltzeko erabiltzen den papera, aluminiozko xaflez osaturik dago. Aluminioa gure ingurunean oso present dagoen metala da; lurrean nahiz uretan aurkitzen da. Haatik, elikagaiek naturalki dute. Honez gain, modu artifizialean ere aurki dezakegu: elikagaietan (gehigarri moduan), sukaldeko tresnetan, janari eta edarien ontzietan...

Aluminio gehien, oro har, elikagaien bitartez irensten dugu. Kantitate altuak irensteak osasunean kalteak eragin ditzake: kalte neurologikoak, hezurretako gaixotasunak. Orain arte, aluminioa ez zen toxiko eragile garrantzitsu bezala kontsideratzen. Gaur egun, aldiz, azkeneko ikerketen arabera, aluminio gehiago irensten dugula baieztatu da.  Aluminioarekin kontaktuan dagoen elikagaiaren arabera, metalaren migrazioa handiago edo txikiagoa izan daiteke. Elikagaia azidoa bada edo saltsa azidoz osaturik badago (tomatea, olio-ozpina, limoi zukua, eskabetxea…), aluminio gehiago pasatzen da.

Elikagaietatik modu naturalean datorren aluminioa ekiditea zaila da. Tresnerietakoa eta paperekoa, aldiz, ekidin daiteke. Horregatik, aluminio paperaren kasuan, beste material batzuk erabiltzea komeni da. Oraindik bilgarrien merkatua txikia den arren, oihal eta silikonaz-ko bilgarriak aurki ditzakegu, esaterako.