Libe Garmendia | Dietista-Nutrizionista

LISTERIOSIA

Haurdun egonik zalantzak ditut zer jan dezakedan eta zer ez, listeriosia dela-eta... batzuek gauza bat esaten dute eta bestek bestea. Adibidez, haragia eta arraina izoztu behar ditut jan aurretik? Urdaiazpikoa, york urdaia eta enbutidoak jan ditzaket? Gazta? Esan zeniezadake zer neurri hartu beharko nituzkeen (zer ezin dudan jan).

LISTERIOSIA, L. MONOCYTOGENES bakteriaz kutsatzean sortzen den gaixotasuna da. Bakteria honek hainbat girotan bizitzeko gaitasuna du (hotzean, epelean, ur gazian...). Horregatik, beste bakteria batzuk baino zailagoa da saihesteko. Egosketak bakteria akabatzen du; horretarako, tenperatura altua (65 °C >) denbora batean mantendu behar da. Izozkailuan (-18 °C) bakterien ugalketa ekiditen bada ere, ez dira akabatzen.

Listeria ingurunean oso zabaldurik dago; uretan, lurrean, pentsuan...bizi da. Ondorioz, animalien hesteetan egon daiteke, baita horien haragi eta esnetan ere. Jateko prest saltzen dituzten janarietan ere, listeria agertu ohi da; horien produkzio katean kutsatu ohi dira. Horregatik, listeria kantitate altuak izan ditzaketelako, haurdunaldian ondorengo elikagai hauek ez kontsumitzea gomendatzen da: pasteurizatu gabeko esnearekin eginiko produktuak (gazta Feta, Brie, Camembert…), haragiz eginiko pateak, arrain ketuak, enbutidoak…  Enbutidoen kasuan ez kon-tsumitzea gomendatzen bada ere, horiek ongi berotzen badira jan daitezke.
Listeriaz kutsatzea ez da oso ohikoa ,baina kutsatuz gero, ondorio larriak ditu  haurdun dauden emakumeetan. Beraz, listeriosia ekiditeko zenbait neurri hartzea komeni da:

• Hozkailuko tenperatura egokia den begiratu: Hozkailuak 4 °C azpitik eta Izozkailuak -18 °Cra egon behar dute.

• Hozkailuan edo izozkailuan gorde erraz gal daitezkeen janari eta sukaldatutako jakiak. Kontsumitu behar direnean ongi berotu.

• Ez jan 2 ordutik gora hozkailutik kanpo mantendu diren jakiak. 32 °C  baino gehiagoko giroetan; ordubete baino lehenago kontsumitu.

• Jateko prest saltzen dituzten janariak (arraina, haragia, gazta…) lehenbailehen kontsumitu.

• Hozkailua garbi mantendu eta barazkiak zein frutak jan aurretik ahalik eta ondoen garbitu. Eta iraungitze-data ongi begiratu.


GLUKOSA

Glukosaren proba egin dut seigarren hilabetean eta positibo eman dit. Azukrea eta glukosa duten elikagaiak ez jateko esan dit medikuak. Gozo (gaileta, txokolatea...) aldetik badakit zer ezin dudan jan, baina, adibidez, barazkien, fruten, zerealen eta lekaleen artean zerk dauka azukrea edo glukosa? Esnekiek eta fruitu lehorrek ba al dute glukosarik?

HAURDUNALDIKO DIABETESEAN, glukosa maila egokietan mantentzeko, elikadura zaintzea ezinbestekoa da. Elikadura ongi zainduta eta ariketa fisikoa eginaz, orokorrean, medikazioa hartzea ekidin daiteke. 
Elikaduran hartu beharreko neurrietako bat, azukretan aberatsak diren elikagaiak ekiditea izango da: eztia, azukrea, freskagarriak... Horiek azukre sinpleetan aberatsak dira (glukosa, fruktosa, sakarosa...) eta odoleko azukre mailaren igoera azkarra eragiten dute. Diabetesa duen pertsona batentzako azukre igoera azkarrak edukitzea arriskutsua izan daiteke. Beraz, azukre edo karbohidrato sinpleetan aberatsak diren elikagaiak ekidin behar dira.
Frutak nahiz eta azukre sinpleetan aberatsak diren (fruktosa) zuntzetan ere aberatsak direnez, orokorrean ez dituzte eragiten azukre igoera hain azkarrak. Esnekiekin ere gauza bera gertatzen da. Azukre sinpleak dituzte (laktosa) baina proteinak direnez, asimilazio mantsokoak dira. Ondorioz, haurdunaldiko diabetean frutak eta esnekiak jan daitezke.
Lekaleak, zerealak, barazki eta patatak karbohidrato konplexuetan aberatsak dira (almidoia, zelulosa...). Almidoi batzuk oso erraz liseritzen dira (patata egosia).  Beste batzuk aldiz (lekaleak, zereal integralak, barazkiak) mantsoago asimilatzen dira. Horiek dira nagusiki kon-tsumitu behar diren karbohidratoak, glukosaren igoera gehiago atzeratzen baitute. 
Hortaz, haurdunaldiko diabetea denean, behar energetikoen % 45-55 karbohidrato konplexuetan aberatsak diren elikagaiekin osatzea komeni da. Eta horiek, 5 edo 6 otordutan banatzea. Modu honetara, glukosa maila egokietan mantentzea errazagoa izango da. Bestetik, gantz saturatuetan aberatsak diren elikagaiak ekidin behar dira. 


DIGESTIO TXARRAK

6 urteko haurrak oso digestio txarrak izaten ditu, eta haize asko. Zer barazki, lekale, fruta... saihestu beharko genituzke haizeak gutxitzeko? 

ELIKAGAIAK SAIHESTEN HASI AURRETIK, haurraren jateko moduari erreparatu behar zaio. Jateko moduak digestioan eragiten du; azkar jatean, edatean edo ahoa beteta hitz egitean haize gehiago irensten baita, urdailean eta hesteetan pilatuz. Ongi ez mastekatzeak, elikagaia behar bezala ez asimilatzea eragiten du haize gehiago sortuz. 
Bestetik, janaria prestatzerakoan erabiltzen dugun koipe kantitateari begiratu behar diogu. Frijituek eta olio askoko saltsek, digestio txarrak sortzen baitituzte. 
Karbohidratoetan aberatsak diren elikagaiek  haize asko sortzen dituzte. Hauek dira orokorrean gehien sor-tzen dituztenak: lekaleak (babarruna, baba…) barazkiak (bruselaza, azalorea, orburua…), zerealak (ogi egin berria, gutxi edo gehiegi egindako pasta, oloa, artoa…), patatak, frutak (udarea, sagarra, arana…). Freskagarriek eta edulkoratzaileetan aberatsak diren elikagaiek ere haizeak sortzen dituzte.

Haize gehien sortzen duten elikagaiak ekidin daitezke baina ziurtatu beharko dugu, haurraren menuan ez dela faltako lekale, barazki, zereal eta frutarik.
Laktosari intolerantzia zaion kasuetan, digestio txarrak eta haize asko sortzen dira. Hori dela eta, badaezpada, medikuari intolerantzia froga egiteko eska dakioke.


NOLA KOZINATU

Elikagai berdina labean, egosita, lurrunetan, plantxan... egiteak propietateak galtzea edo mantentzea dakarrela entzun izan dut, adibidez, hobe dela barazkia gordinik edo lurrunetan jatea egosita baino. Sukaldatzeko erak nola eragiten die elikagaien propietateei? Zer sukaldatzeko modu litzateke egokiena? Berdina al da barazki, haragi eta haragiaren kasuan?

MODU BATERA EDO BESTERA sukaldatzeak elikagaien propietateak gehiago mantentzea edo galtzea eragiten du. Elikagai bakoitzak zein propietate dituen begiratu eta horien galera ahalik eta txikiena izateko, sukaldatzeko modu egokiena aukeratzea komeni da. 
Bitaminak oso erraz galtzen diren mantenugaiak dira; ph-a, argia, oxigenoa eta beroarekiko sentsibilitate handia dute. Beroarekin bitamina hidrosolubleak (C eta B taldeko bitaminak) eta A bitamina dira gehien galtzen direnak. Mineralak uretan disolbatzen direnez, horien galera elikagaiaren garbiketa prozesuan eta egosketa prozesuan gertatzen da. Beraz, bitamina eta mineralen galera ekiditeko, tenperatura ahalik eta denbora txikienean eta ahalik eta ur gutxien erabiltzea gomendatzen da.
Barazkiak eta frutak, bitamina eta mineraletan oso aberatsak dira. C, B1, B6 eta azido folikoa dira tenperatura altuekin gehien galtzen direnak. Barazkiak sukaldatzeko modurik egokiena, lehen esan bezala, tenperatura altua ahalik eta denbora txikienean eta ahalik eta ur gutxien erabiltzeko aukera eskaintzen digun teknika da. Presio-eltzeak adibidez, horretarako aukera ematen du. Otartxoarekin lurrunetan presta-tzen denean, janaria ez dago urarekin kontaktuan eta modu honetara, bitamina eta mineral gutxiago galtzen dira. 
Haragi eta arrainen kasuan ere, mantenugaiak aprobetxatu ahal izateko (B taldeko bitaminak, A eta D), denbora txikienean berotu eta ahalik eta zuku gutxien galtzea eragingo duen sukaldatzeko modua aukeratu behar da. Baina barazkiekin gertatzen ez den bezala,  jaki hauek ondo ez badira sukaldatzen, toxiinfekzioak sor ditzakete. Horregatik,  haragi edo arrainaren barrualdea, 65-70 °Ctara iritsi behar da.