Libe Garmendia | Dietista eta nutrizionista

FURGONETARAKO MENUA

Eguraldi onarekin asteburu-pasa asko ateratzen gara furgonetarekin, eta bertan sukaldetxoan makarroiak eta arroza jaten dugu ia astebururo. Gisa horretako irtenaldietarako menu osasuntsuagorik proposa al diezagukezu?

LEHENIK ETA BEHIN, furgonetarekin ateratzen garenean, prestatzeko eta kontserbatzeko zein baliabide izango ditugun kontuan izan beharko dugu. Askotan kozinatzeko su txikia izaten dugu baina hozkailurik ez. Horrelakoetan momentuan prestatuko ditugun elikagaiak bakarrik kontsumitu beharko ditugu.Toxiinfekzioak ekidite aldera elikagaiak mikroorganismorik ez izateko 1-4 gradu artean mantendu behar izaten dira eta neguan agian baldintza horiek lortu ditzakegu baina gainerako garaietan zaila izango da. 
Horrelako kasuetan, arroza, pasta, eta, poteko lekaleak, barazkiak eta patatak elikagai egokiak izaten dira. Proteinetan aberatsak diren elikagaiak jateko kontserbetan egoten diren arraina, muskuiluak, soja texturizatua edota poteko lekaleak prestatu daitezke. Barazki freskoak jateko entsaladako tomatea aukera egokia izaten da. Tomatea osorik dagoenean ongi kontserbatzen baita kanpoan.
Sobreko zopak eta barazkiak ere aukera egokiak izan daitezke, baina horien etiketak ongi begiratzea komeni da. Horrelako produktu asko gatzetan aberatsak izaten dira eta. Brikean datozen barazki krema edo zopen etiketak ere ongi begiratu behar dira, kalitate baxuko olioak, almidoia, azukrea… eduki baitezakete. 
Gosariei dagokionez, gosaritan esnea edatea gustatzen zaionarentzat esne brik txikiak daude. Hori olo edo arto malutekin edo paketetan saltzen dituzten ogi xigortuarekin jan daiteke. Fruta, fruitu lehorrak, txokolate beltza…. gosaritarako aukera egokiak izan daitezke.
Hona hemen hozkailu gabe prestatu ditzakegun plater adibide batzuk: 
- Makarroiak tomatearekin eta soja testurizatuarekin. 
- Arroz edo pasta entsalada arrain kontserbarekin.  
- Lekaleak (garbantzuak, lentejak, ilarrak….) eta kontserbako barazkiak.
- Kontserbako barazkiak patatarekin. Kontserbako arraina.
- Prestatu baina zerbait lehenago erosten badugu, elikagai freskoak erabili ditzakegu: entsaladak, barazkiak (piperrak, txanpinoiak, kalabazina…), oilaskoa, haragia, arrautzak… 
Hozkailua edukiz gero plater gehiago prestatu ditzakegu. Aurrez etxean prestatu eta 2-3 egunetan jango ditugun platerak ere eraman ditzakegu hozkailuan. Modu horretan, furgonetako sukaldean elikagaiak berotzearekin nahikoa izango da. Askotan espazio txikia izaten da kozinatzeko eta horrek asko erraztu dezake.


FRUTAREN AZALA

Badakigu berez fruta azalarekin jatea hobe dela, baina gaur egungo frutaren kalitatea ikusita, asko ikusten ditugu azala kenduta jaten. Zer gomendatzen diguzu zuk?

FRUTA BITAMINETAN, mineraletan, antioxidatzaileetan eta zuntzetan aberatsa den elikagaia da. Horiek frutaren azalean eta mamian aurkitzen dira. Fruta gehienen kasuan, azala zuntz disolbaezinetan aberatsa da. Zuntz horiek hainbat funtzio betetzen dituzte gure gorputzean. Bitaminei eta mineralei dagokienez, fruta motaren arabera, mamian edo azalean kantitate ezberdinak aurki daitezke. Esaterako, sagarraren azalak sagar zuritu batek baino maila altuagoan ditu K, A, C bitaminak eta kaltzioa eta potasio mineralak. Baina frutaren azalak nutrienteak izateaz gain, komenigarriak ez diren beste hainbat substantzia eduki ditzake: zikinkeriak, lur zatiak, mikrooganismoak (bakteriak, birusak), parasitoak, kutsatzaile kimikoak (pestizidak, herbizidak) edo ingurugiro kutsatzaileak. Horregatik, fruta ondo-ondo garbitzea garrantzitsua da. 
Hortaz, gomendioa fruta azalarekin jatea izango litzateke, baina horretarako fruta garbia dagoela ziurtatu beharko genuke.  


IRTEERETARAKO PROPOSAMENAK

Haurrak txangoetara joaten direnean ogitartekoa jarri ohi diegu, normalean patata tortillarekin, baina  askotan bueltan ekartzen dute ukitu ere egin gabe. Termoan makarroiak edo eraman dituztenean ere antzera, hotzak gelditzen direla eta ez dute apenas jaten. Eskurtsioetarako aproposa izan daitekeen proposamen bat egin 
diezagukezu?

HAURREK IRTEERETARA hainbat elikagai eraman ditzakete. Haurrak gustura jango duen bazkaria izan dadin, egokiena haurrari proposamen ezberdinak egitea eta berarekin adostea izango da. Horrelako irteeretan haur asko janarira baino jolasera egon ohi izan dira eta gustura jango duten platera eramanez gero, haurrak eramandakoa jateko aukera gehiago izango da.
Bero jaten diren platerak hotz jan ez ditzaten, tupperrean hotzean jan ditzaketen platerak eraman ditzakete. Horrelakoetan entsalada eramatea aukera oso ona izaten da: barazkiak oinarri bezala jarri eta pasta, arroza, patata, oilaskoa, atuna eta garbantzuak bezalako elikagaiak gehitu daitezke. Adibidez, tomatea, azenario birrindua, artoa, pasta eta atunarekin entsalada ederra osatu daiteke. 
Ogitartekoetan ere gauza hotzak jarri ditzakegu: tomate xerrak, letxua, urdaiazpikoa, atuna, garbantzu humusa…
Plater beroak jatea gustatzen zaienentzat beroa ongi isolatzen duten termo bereziak badira.