Libe Garmendia | Dietista eta nutrizionista
BELAR DENDAKO GOXOKIAK
Herriko belar dendan goxokiak eta txupatxusak saltzen dituzte. Ba al dakizu nolakoak diren? Komenigarriak dira ala besteen antzera hobe ez jatea?
GAUR EGUN ohikoa da belar dendetan goxokiak saltzea. Goxoki horien etiketei erreparatzen badiegu, orokorrean, kanabera azukrea, glukosa jarabea, siropeak, eztia, aroma naturalak, fruten edo barazkien kontzentratuak eta azido zitrikoa bezalako osagaiak izaten dituzte. 100 gramotik bataz besteko 75 gramo azukre izaten dute. Hortaz, goxoki horien osagai nagusia azukrea izaten da. Edozein saltokitan saltzen dituzten goxokiekin alderatzen baditugu, saltoki horietakoek koloratzaile eta kontserbatzaile gehiago izaten dituzten arren, azukre kantitate berdinak izaten dituzte. Gogoratu behar dugu, azukrea, nahiz eta siropetik, eztitik edo jarabeetatik etorri, azukre horiek gure gorputzean berdin eragiten dutela.
Horregatik, belar dendetan saltzen dituzten goxokiak ere ez dira osasungarriak eta gainerako goxokien modura, ahalik eta gutxien kontsumitzea gomendatzen da.
NEGUKO ELIKADURA
Gure etxean ohitura izan dugu babarrunak, lentejak edo garbantzuak janez gero plater bakarra egitekoa; aldiz, nire bikotekideari gutxi iruditzen zaio eta bigarren platera (normalki haragia) jartzen du. Zer deritzozu? Nolako menua egin genezake eltzeko horrekin?
LEKALEAK NUTRIZIONALKI oso elikagai aberatsak dira. Proteinetan, karbohidratoetan eta bitamina eta mineraletan aberatsak dira. Lekaleak jaten ditugunean, kasu gehienetan proteina beharrak lekaleekin aseko ditugu, horregatik ez da beharrezkoa haragia, arraina edo arrautzarekin osatzea. Garbantzuak, soja eta babarrun mota batzuek ez bezala, gainerako lekaleek ez dituzte aminoazido esentzial guztiak kantitate egokietan. Ondorioz, lekale horiek ez dituzte “proteina osoak”. Lehen proteina osoak lortzeko otordu berean zerealak eta lekaleak kontsumitu behar zirela pentsatzen zen, gaur egun aldiz, badakigu ez dela beharrezkoa. Beste otordu batean kontsumitzearekin nahikoa da. Bestetik, lekaleak burdinean aberatsak dira, baina lekaleek duten burdin mota gure gorputzak ongi xurgatzen ez duenez, C bitaminan aberatsak diren elikagaiekin konbinatzea gomendatzen da, horrela burdinaren xurgapena hirukoiztu daiteke eta.
NERABE GOSETUAK
Gure seme nerabeak (15 urte) izugarri jaten du eta kosta egiten zaio betetzea. Eta behin janda, berriro ere berehala gosetzen da. Adinari dagokion aldaketa dela uste dugu eta beldurrik gabe ematen diogu jaten. Halere, zer-nolako jakiak ematea gomendatzen diguzu? Zer eman diezaiokegu beldurrik gabe eta zerekin eduki behar dugu arreta gehiago edo murriztu?
NERABEZAROAN GERTATZEN DEN hazkuntzaren azelerazioak eta garapen fisikoak behar energetikoen handitzea eragiten du. Behar energetiko horiek nutrizionalki aberatsak diren elikagaiekin asetzea gomendatzen da; zereal integralak, patata, fruitu lehorrak, fruta lehortuak, gantz osasungarriak… Aipaturiko elikagai horietatik, energiaz gain, garai horretan beharrezkoak izango dituzten bitaminak eta mineralak ere lortuko dituzte.
Kantitateei dagokienez, nerabe bakoitzak behar energetiko ezberdinak izango ditu. Bere behar energetikoak, pisua, luzera, aktibitate maila eta hazkuntza abiaduragatik baldintzaturik egongo dira. Horrelako kasuetan behar energetikoak handitzearen adierazleetako bat gosea izango da. Hortaz, kasu horietan nerabeari eskaintzen zaiona erreparatu eta kantitate handiagoak eskaini edota aipaturiko elikagai horiekin otorduak osatzea gomendatzen da.
Hala ere, adin horietan sarritan energia beharrak oso prozesatutako elikagaiekin asetzeko joera dago (opil industrialak, freskagarriak…). Izan ere, elikagaien aukeraketan gero eta autonomia handiagoa hartzen den aldia da nerabezaroa. Inguruak gaztearen elikagaien hautuan eragin handia izaten du. Gizartean zabaldutako mezuek, lagunartean jarraitzen diren elikadura ohiturek eta ordura arte etxean jarraitu izan diren elikadura ohiturek baldintzaturik egongo dira nerabearen jateko ohiturak.
Nahiz eta etxetik kanpo berak aukeratuko dituen elikagaiak, etxean jaten duenaren eta etxetik kanpora eramango duenarekin lagun diezaiokegu. Esaterako, etxetik kanpo dagoenetarako fruta, fruitu lehorrak, esne brik txikia, ogitartekoak… aurrez prestaturik eraman ditzake. Horretarako, nerabeak aurrez bere ordutegiak, entrenamenduak… zein izango diren kontuan hartu eta aurretik antolatzea komeni da. Modu horretara litxarreriak edota opilak erosteko aukera gutxiago egongo da. Etxean horrelako produktuak ahalik eta gutxien edukitzea gomendatzen da, eta lehen aipaturiko elikagaiak (fruta, fruitu lehorrak…) eskura jartzea komeni da. Horrela, goseturik dagoenean elikagai horiek aukeratuko ditu.