Libe Garmendia | Dietista eta nutrizionista

GIZENTZEKO JOERA

Gure 11 urteko alabak gizentzeko tendentzia dauka… Neure antzera, ez da bereziki kirol zalea gainera… Jangelan jaten du eta hor ezin naiz sartu. Ez dut pisuarekin gehiegi kezkatu nahi, baina nola lagundu diezaioket gehiago zaintzen bere elikadura? 

GIZENTZEKO JOERA duten haurrei modu askotara lagundu diezaiekegu. Lehenik eta behin, etxean zein elikagai ditugun erreparatu behar dugu. Azukretan eta gantz ez osasungarrietan aberatsak diren elikagaiak ahalik eta gutxien edukitzea komeni da. Eta fruta, jogurta eta fruitu lehorrak bezalako elikagaiak jarri behar dira eskura. Modu horretara, haurrak gosea duenean asko prozesatutako elikagaiei heldu beharrean, aipaturiko elikagaiak jateko aukera gehiago izango du. Gosarian ere, elikagai horiekin gosari ugari prestatu daitezke. Etxean ez edukitzean, debekuan erortzea ekidin dezakegu, debekuak haurrari ez baitio lagunduko. Kasu gehienetan, horiek jateko nahia handitu egingo zaio eta elikagai horiekin erlazionatzeko moduan negatiboki eragingo dio.  
Familian egiten diren otorduek ere garrantzi handia dute. Horiek barazki, zereal integral, fruta eta  proteinetan aberatsak diren elikagaiez osatzea gomendatzen da, protagonismo handiena barazkiei emanaz. Osagai horiekin famili guztiarentzat gustuko izan daitezkeen afariak prestatu daitezke. Horretarako, zer prestatu daitekeen elkarrekin erabakitzea eta janariaren prestaketan haurraren parte-hartzea bultzatzea lagungarria da. Prestatuko diren janariak orokorrean denentzat berdinak izatea gomendatzen da. Haurrak ez du sentitu behar gainpisua duelako bestelako platerak prestatzen zaizkionik. Etxean elikatzeko ohitura osasungarriak familiari zuzenduta egitea gomendatzen da, eta ez soilik haurrari. Etxean ohitura ez osasungarriak jarraitzen baldin badira, zaila izango baita haurraren elikatzeko ohiturak sakonki aldatzea.Bestalde, afaria ahal den neurrian giro onean eta lasaian burutzea gomendatzen da, haurrarekin harremana sendotzen laguntzeaz gain, elikagaiekin harreman ona edukitzen lagunduko baitio. Amaitzeko, ez dugu ahaztu behar gainpisua hainbat faktorek sortu dezaketela: aktibitate maila baxuak, arazo emozionalek, elikadura desegokiak, deskantsu faltak… Horiek guztiak kontuan hartzen eta gure gain daudenak zaintzen saiatu behar dugu.


OLOA

Gure seme-alabek oloa gosaltzen dute goizero. Zereal gisa egokia iruditzen zaizu ala beste zerbaitekin osatu edo txandatu beharko genuke?

OLOA NUTRIZIONALKI aberatsa den zereala da. Gehien kontsumitzen diren zerealekin alderatzen baldin badugu, arroza edo gariarekin, energia, zuntz, proteina, gantz eta B1 bitamina kantitate altuagoak ditu. Mineralei dagokienez, magnesioa, burdina eta zinka bezalako mineralez osaturik dago. Saltokietako zereal gehienak zereal finduetan eta azukretan aberatsak izan ohi dira. Oso prozesatutako elikagaiak dira. Oloaren kasuan, zereala da kontsumitzen dena, ez du beste osagairik gehituta. 
Oloa liserigarrigoa egiteko, aurreko gauean esnetan edo uretan beratzen jar daiteke, modu horretara zereala bigunagoa geratzen da. Oloak hainbat modutara kontsumitzeko aukera eskaintzen du: esnearekin edota jogurta eta frutarekin nahastuta, porridge moduan (esnetan egosita), muesli moduan… Errezeta ugari ere prestatu daitezke: gailetak, zereal barritak, platanozko tortitak…
Arrazoi horiengatik, oloa egunerokoan gosaltzeko aukera egokia da.


HAURREN MENUA

7 urteko alabak jaki asko ez ditu jaten eta jaten duena berari gustatzen zaion moduan prestatzen diogu. Ondo egiten ari gara ala gainerakoentzat prestatzen duguna janarazi beharko genioke berari ere?

LEHENIK ETA  BEHIN, garrantzitsua da garbi edukitzea haurrak ez direla behartu behar jatera. Haurrak jatera behartzen ditugunean, elikagai horrekiko harremana okertu egiten da eta elikagai hori ekiditeko joera izaten dute. Gure haurrek askotariko elikagaiak probatu eta denetarik jatea nahi baldin badugu, elikagai berriak ere eskaini behar zaizkie. Gustukoa duena bakarrik eskainiz gero, zaila izango baita haurrak janari berriak probatzea. Ahal den neurrian etxeko guztiei elikagai berak jartzea gomendatzen da. Hala ere, platerak haurraren gustura egokitzeko aldaketa txikiak egin ditzakegu. Kantitate txikian eta gustuko elikagai baten ondoan jartzen ditugunean errazago animatzen dira.
Probatzera animatzeko bere denbora eman behar zaie. Ez baldin bazaio gustatzen, beste momentu batean beste modu batera prestaturik eskaini diezaiokegu. Horretarako testura, itxura… ezberdinak lortzeko errezeta berriak probatzea lagungarria izan ohi da.