Libe Garmendia | Dietista nutrizionista
ZELIAKIA
Gure 6 urteko semeak tripako min handiak izan ohi ditu. Zeliakia izan daitekeela aipatu digute. Medikutara joan aurretik, hainbat kontu argitu nahiko genituzke: zer da zehazki zeliakia? Bizitza osorako da ala baretzen da? Zer elikagai saihestu behar ditugu?
GAIXOTASUN ZELIAKOA elikadura intolerantzia iraunkorra da eta predisposizio genetikoa duten pertsonetan agertzen da. Glutenak immunitate sistemaren ezohiko erantzuna eragiten du, eta, ondorioz, heste meharraren mukosa kaltetu eta RNA molekuletan aldaketak eragiten ditu. Erreakzio horrek heste meharreko mukosaren hantura kronikoa eragiten du, eta, pixkanaka, osasuntsu mantentzeko behar diren mantenugaiak xurgatzeaz arduratzen diren hesteetako biloetan kalteak eragiten ditu. Gorputzeko beste hainbat sistematan ere eragin dezake.
Gaur egun, gaixotasun zeliakorako tratamendu posible bakarra bizitza osoan glutenik gabeko elikadura zorrotza jarraitzea da. Modu horretara, heste meharreko mukosa pixkanaka birsortu eta gehienetan kalteak desagertu egiten dira.
Glutena zerealen hazian aurkitzen den proteina bat da. Konkretuki, garian, garagarrean, zekalean, tritikalean, zenbait olo barietateetan eta zereal horien deribatuetan aurkitzen da. Glutenak ez du nutrizio balio handirik, bainai irin masaren elastikotasunaz arduratzen denez, ogi eta oreak harrotzen eta sendotzen laguntzen du.
Glutenik gabeko dieta egokia egiteko, aipaturiko zerealak ekiditeaz gain, honako aholkuak jarraitzea gomendatzen da:
• Glutenik gabeko zerealak aukeratu: arroza, artatxikia, artobeltza, artoa, kinoa eta horien deribatuak.
• Elikagai naturalak edota gutxi prozesatutakoak aukeratu.
• Ez da gomendagarria solteko produktuak
kontsumitzea, kutsadura gurutzatua izateko arrisku handiena duten produktuak baitira.
• Ez dira kontsumitu behar” glutenean oso baxua” adierazten duten produktu etiketatuak; “glutenik gabekoa” dela adierazi behar du. Horretarako, ziurtagiriei erreparatzea komeni da.
• Kontu handiz ibili behar da tabernetan, jatetxeetan eta jantokietan janariak aukeratzerakoan.
• Etxean kutsadura gurutzatua gertatu ez dadin, ez erabili glutenarekin kontaktuan egon diren sukaldeko tresna edo gainazalak (aurrez ez badira ongi garbituak izan).
• Ongi begiratu sendagaien osagai zerrenda.
FRUTA
Frutarekin beti borrokan ibiltzen gara. Sagarra eta platanoa besterik ez ditu nahi gure semeak. Egunero bi horiek janda nahikoa litzateke? Nola lortu fruta ugariagoak jan ditzan?
EGUNEAN GUTXIENEZ hiru pieza fruta jatea gomendatzen da, horiek eskaintzen dizkiguten bitamina, mineral, substantzia fitokimiko eta zuntzek osasuntsu mantentzen laguntzen baitigute.
Haurrak fruta ezberdinak probatu eta fruta gehiago jatera animatzeko fruta-dendara haiekin joan eta haiekin aukeratzea lagungarria izaten da. Fruta erraz hartzeko moduan jarriz gero eta etxean litxarreriak ekidinez, gosea dagoenean fruta jateko aukera gehiago izaten da. Moztuta jartzea edota gustuko duten elikagaiekin batera eskaintzea ere, jatera animatzeko beste gomendio bat da.
Bestetik, azukretan aberatsak diren elikagaiak neurrian jateak, osasunean modu positiboan eragiteaz gain, zapore ez hain gozoak errazago onartzeko aukera ematen du.
Honetan guztian, jakina, gurasoak eredu izatea oso garrantzitsua da. Haurrak heldua fruta jaten ikustean haurrak elikagai hori probatzeko interes handiagoa izango du.
PLATER OSASUNGARRIA
Eskolan elikaduraren piramidea lantzen aritu dira haurrak, eta zerealei pisu handia ematen zaiela ikusi dugu. Guk etxean ez daukagu zerealak jateko ohitura handirik (pasta eta arroza astean behin). Jakin-mina sortu zaigu dieta orekatu batean zenbat zereal behar den, eltzekariak ere kontatzen diren. Behar horiek ikusita, asteko menua prestatzeko gomendiorik?
ELIKADURA PIRAMIDE askotan zerealak oinarrian ikusten baditugu ere, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, proportzioan gehien kontsumitu beharko genituzkeen elikagaiak barazkiak eta frutak izan beharko lukete. Australiako eta Belgikako piramideetan, esaterako, horrela agertzen dira.
Elikadura osasungarria ongien irudikatzen duen tresna Harvard-eko Plater Osasungarria dela esan genezake. Bertan plateraren irudia oinarritzat hartuz, barazkiak eta fruta % 50ean kontsumitu beharko genituzke, % 25ean proteinak eta % 25 zereal integralak. Hortaz, zerealak ez genituzke kontsumitu beharko proportzio handienean. Batez ere funtzio energetikoa betetzen dutenez, gure aktibitate mailaren arabera gehiago edo gutxiago kontsumitu beharko genituzke. Eltzekariak edo lekaleak, berriz, proteinetan aberatsak diren elikagaien taldean sartuko genituzke. Horiek astean 2-4 aldiz jatea gomendatzen da.