Argi dago, urte berriari elkarren arteko tratu onak eskatu behar zaizkio. Hazi Haziren zenbaki honetako erreportaje eta artikulu batean baino gehiagotan antzematen da horren beharra. Adierazpen batek baino gehiagok azaleratu dute eskubideak ez direla aitortzen eta errespetatzen. Pilar Kaltzada Save The Children erakundeko lehendakariak elkarrizketa nagusian haurren eskubideak ez direla aintzat hartzen aipatzen du, ez zaielako entzuten: "Haurren eskubideak giza eskubideak dira, beren egoera berez ahularengatik tratamendu berezia behar dutenak; baina ez dira bigarren mailakoak. Aldiz, gizarteak, orokorrean, noizbait eskubidedun izango diren gizaki bihurtzeko bidean dauden dela delako horiek bezala ikusten ditu haurrak!". Eta ezetz dio ozenki, hezkuntza eskubidea izateaz gain, entzunak izateko eskubidea ere badutela. "Eta hori ez da ondo badatorkigu egin behar dugun zerbait, ez, lehen mailako eskubide bat da".

Antzeko aldarrikapena egiten dute Mintzoa atalean Haurrak Ere Bai familia sareko kideek. Konfinamendu garaian 42 egunez, 1.008 orduz, etxetik atera gabe egon ziren Hego Euskal Herriko haurrak, eta horregatik diote Haurrak Ere Baiko kideek: "Bigarren mailako hiritartzat kontsideratu zituzten eta euren garapenari loturiko premiak ez ziren kontuan hartu neurri hain gogorrak ezartzean”.

Konturatuta gaude ez gaudela ongi zainduak —eta jada batek baino gehiagok esan digu—, ez dugula elkar ongi zaintzen eta horrek egunerokoa asko zailtzen eta zamatzen duela. Arnasa falta da, ito sentsazioa sumatzen da, eta aurrera egiteko, arindu beharra dago. Eta arintze hori, erreportaje nagusian Arremanitz kooperatibako kideek dioten bezala, ezin da banaka egin, elkarrekin baizik; familian, eskolan, auzoan, herrian, komunitatean: "Interdependenteak gara, elkarren beharra daukagu. Elkarrekin partekatuz gure beharrak ase ditzakegula pentsatzen badugu, askoz arinago, gozamen handiagoarekin eta aberastasun handiagoarekin biziko gara".

Horri deitzen diote tratu onak izatea. Tratu txarrak esanda irudi batzuk etortzen zaizkigu burura. Tratu onak esanda, berriz, orri zuri baten aurrean aurkitzen gara maiz. Arremanitzeko kideek orri hori jada margotuta dagoela ikusarazi digute, egunero tratu on pila bat daudela gure inguruan, elkar zaintzeko gauza txiki-handi asko egiten ditugula. Horiek bistaratu, aitortu, zoriondu, eskertu eta ospatuz, bide horri jarraitu behar diogu. Horrek eramango gaitu benetako zaintzara, zaintza erdigunean jartzera eta tratu onen kulturan bizitzera 2021ean.