Magala, Arizmendi ikastolak duela urtebete martxan jarri zuen espazioa da.

 

Arrasateko Uribarri auzoaren bazterrean, goizero, haur txikien barreak eta gurasoen solasaldi lasaiak uztartzen dira Magala espazioan. Arizmendi ikastolak duela urtebete jarri zuen martxan espazio hau, herriko familiei arnasa, laguntza eta topagunea eskaintzeko asmoz. Zainketatik eta komunitatetik abiatu zen ideia, eta gaur egun, erreferentzia bihurtzen ari da Debagoieneko familientzat.

 

Amaia Arrieta da Magala espazioaren arduraduna eta proiektuaren bultzatzaileetako bat. Ongi gogoratzen du nola hasi zen guztia: “Duela urte batzuk, familiek hainbat behar helarazten zizkiguten. Herrian ia ez zegoen ume txikientzako estalpedun espaziorik: bakarra, oso txikia eta adin tarte zabalerako. Horrek zailtasunak sortzen zituen: haur oso txikiak baldin bazeuden, eta, aldi berean, haur handiagoak ere bertan baldin bazeuden, espazio hori ez zen erosoa izaten familientzat. Neguan, familiek kafetegietara joatea beste aukerarik ez zuten”.

Bestetik, gero eta gehiago ikusten zuten haurdunaldi garaian, erditu osteko uneetan eta haurraren lehen urteetan familiek jakin-min handia zutela. Prestakuntza, laguntza eta elkarrekiko truke beharra aipatzen zuten, eta kezkak edo zalantzak partekatzeko gune bat nahi zuten. “Hori ikusita, zerbait egin genezakeela pentsatu genuen. Espazio batzuk libre genituen, eta gure artean pentsatu genuen: 'Zergatik ez eskaini halako espazio bat familiei?'. Animatu egin ginen, eta proiektua abiatu genuen. Ez genuen nahi ikastolarako soilik izatea, baizik eta herrira eta bailarara zabaltzea”, azaldu du Arrietak.

Magalak, beraz, komunitatearen beharrekin bat egin zuen sorreratik. Eskolatu gabe dauden haurrei —adibidez, bi urtera arte eskolara eraman nahi ez dituztenei— aukera ematen die goizetan edo arratsaldetan egoteko leku bat izateko. Hasieratik, espazioa guztiz irekia izan da, hala planteatu baitzuten: nahi duten familiek libreki parte har dezakete, adin, ohitura edo eskolatze egoerarik kontuan hartu gabe.

 

Izenaren esanahia: besarkadaren sinboloa

Magala hitzak berotasuna eta babesa iradokitzen ditu, eta horixe da espazioaren izenak adierazi nahi duena: “Haurra gure gainean edo besoetan dugunean sentitzen den toki goxo hori da magala. Espazio honek hori bera eskaini nahi du: harrera, zaintza eta lasaitasuna, familientzat eta haur txikientzat”, azaldu du Arrietak. Izena aukeratzean, batez ere emozioetara eta sentimenduetara jotzea bilatu zuten: gurasoek eta haurrak une atseginak bizitzeko espazio bat sortzea, non denek babesa eta konfiantza sentituko dituzten.

 

Herriarentzat zabalik dagoen gunea

Magala ez da Arizmendi ikastolaren barruko proiektu bat soilik; hasieratik, herriko eta bailarako espazio gisa pentsatu zuten, edonork parte har dezan, ikastolako familia izan ala ez: “Arrasatek ez zuen adin txikikoentzako halako gunerik, eta guk hutsune hori bete nahi izan dugu”, dio Arrietak. Espazioaren jarduerak parte-hartzaileen interesetatik eta beharretatik abiatzen dira. Badago oinarrizko egutegi bat, baina saioak malguak dira: “Saio baten ostean, adibidez, bi aita gerturatu ziren aitatasunaren gainean gehiago hitz egin beharko litzatekeela adieraziz. Ideia hori jaso genuen eta aitatasuna lantzeko dinamika bat sortu genuen, psikologo eta pedagogo baten gidaritzapean. Orain jarraipena egingo dugu, bikotekideei zuzendutako saio baten bidez, eta ondoren saio bateratua egingo dugu, familiek adierazten dituzten beharretatik abiatuta”, azaldu du Arrietak.

Magalaren helburu nagusia komunitatea ehuntzea da: “Askotan gurasoak bakarrik sentitzen dira. Haurra jaiotzen denean, bizitza hankaz gora jartzen da: emozioen eztanda, zalantzak, presioak… Magalan, familiek haien kezkak, emozioak eta zalantzak partekatzeko espazio bat dute. Hori guztia taldean bizitzeak bidea errazten du”.

Espazioa 0-2 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, haurra eskolatua egon ala ez: “Egunero egon ohi da norbait Magala espazioan. Batzuk eguneroko erabiltzaileak dira, beste batzuk tarteka erabiltzen dute espazioa. Erabiltzaileen gehiengoa auzoko jendea da, baina bailarako herrietatik ere jendea etortzen da”.

 


Haurra gure gain edo besotan dugunean sentitzen den toki goxo hori da magala. Espazio honek hori bera eskaini nahi du: harrera, zaintza eta lasaitasuna, familientzat eta haur txikientzat

Amaia Arrieta, Magala espazioko arduraduna


 

Eguneroko dinamika: entzutea eta partekatzea

Magalan saio bakoitzak bere ardatza du. Hilabete bakoitzean gai bat lantzen dute, adibidez: “mugak eta arauak”, “erasorako jokabidea", “mugimendu askea” eta “aitatasuna”. Arrasateko Udal Liburutegiarekin elkarlanean aritzen dira, eta bertan gai bakoitzari lotutako “liburuen maleta” prestatzen dute. “Hilabete osoan zehar familiek liburuak eskura izaten dituzte, etxera eramateko eta hausnarketari jarraipena emateko,” dio Arrietak.

Saioek parte-hartzaile aktiboak dituzte: gurasoak haien esperientziak eta zalantzak partekatzen dituzte, eta hezitzaileek entzun eta lagundu egiten dute: “Askotan elkarrizketa naturaletik sortzen da laguntza. Guraso batek esaten du ‘ez du lorik egiten, ez dakit zer egin’, eta hortik abiatuta hitz egiten dugu, orientazioa emateko edo irakurgai bat gomendatzeko”.

 


Magalan, familiek beren kezkak, emozioak eta zalantzak partekatzeko espazio bat dute. Hori guztia taldean bizitzeak errazten du bidea

Amaia Arrieta, Magala espazioko arduraduna


 

Ikuspegi pedagogikoa: behaketatik eta jolasean oinarrituta

Magalaren oinarri pedagogikoa anitza da, baina argia: haurra erdigunean dago, eta bere erritmoa da jardunaren gidaria, Arrietak adierazi duenez: “Behaketa, jolasa eta erritmoaren errespetua dira gure lanaren hiru ardatz nagusiak. Behaketak ematen dio zentzua gure jardunari; haur bakoitzaren garapen prozesua ulertzea da gakoa. Jolasa, berriz, ikaskuntzaren eta hazkuntzaren oinarria da. Adin bakoitzean zer jolas mota egiten duten ere arreta handiz behatzen dugu, haur bakoitzaren garapen-erritmoa eta beharrak errespetatuz”.

Erreferentzia pedagogiko nagusien artean, Pikler ikuspegia aipatzen du, baita konfiantzaren pedagogia eta hezkuntza komunitarioaren printzipioak ere: “Iturri asko ditugu, eta bat egiten dugu Hik Hasi aldizkarian sarri jorratzen den ikuspegiarekin,” aitortu du Arrietak irribarrez.

 

Giro hurbila eta errespetuzkoa

Magalan ez da presarik, ezta epairik ere, Arrietak dioenez: “Familia bakoitza bere etxetik dator, bere ohiturekin, eta guk hori guztia errespetatzen dugu. Ez dugu interferentziarik egiten, ez bada laguntza eskatzen dutenean”. Giro horrek konfiantza eta lasaitasuna sortzen ditu.

Iaz Magala goizez bakarrik irekitzen zuten 9:00–12:30ak bitarte, baina familien eskaerei erantzunez, aurten ordutegia 16:30ak arte zabaldu dute: “Familiek eskatu zuten, eta azarotik aurrera arratsaldez ere zabalik egongo da. Helburua da ahalik eta familia gehienengana iristea”.

 


Behaketa, jolasa eta erritmoaren errespetua dira gure lanaren hiru ardatzak

Amaia Arrieta, Magala espazioko arduraduna


 
Herriarentzako ekarpena

Arrietaren iritziz, Magalak hutsune bati erantzun dio Arrasaten: “Espazio fisiko bat eskaintzeaz gain, topagune bat sortu dugu, guraso-eskola baten antzeko komunitatea, baina askoz ere irekiagoa eta biziagoa. Askotan familiek esaten digute: ‘Hau lehenago jakin izan banu…’. Begirada aldatzeak gatazkak beste modu batean kudeatzea ekartzen du.”

Etorkizunari begira, Arrietak argi du ametsa: “Gure nahia da Magalak bere bidea egiten jarraitzea eta behar duen edonorengana iristeko aukera izatea. Horretarako, inguruko profesionalekin elkarlana indartu nahi dugu —fisioterapeutak, pediatrak, haurdunaldiarekin edo jaioberriekin lan egiten dutenak—, eta sarea zabaldu. Epe ertainera, gustatuko litzaiguke Magala erreferentzia bihurtzea, bai oinarri pedagogiko sendoengatik, eta baita komunitatean sortzen duen bizitasunagatik ere”.