Asko eta asko dira biloben zaintza-lanetan gurasoei laguntzen ari diren aitona-amonak. Familia egitura askotan funtsezko zutabeak dira. Belaunaldien arteko zaintza obligazio ez bihurtzeko eta gozagarri gertatzeko, baina, neurria hartzea funtsezkoa da. Biloben zaintza-lanetan laguntzen duten sei amonarekin bildu da HAZI HEZI. Seitik bost  alargunak dira, eta euren esperientzien eta bizipenen berri ematen dute. 

Gaur egun familia askoren bizitza erritmoa dela eta, asko dira bilobak sarri zaintzen dituzten aitona-amonak. Gaur egungo familia egitura askotako pieza garrantzitsuak dira, funtsezko euskarriak. Berezia izaten da hiru belaunaldiren arteko harreman hau. Adituen arabera, haurrek aitona-amonen ezagupenak eta maitasuna jasotzen dituzte eta aitona-amonak aktiboago eta alaiago sentitzen dira beraien denbora bilobekin pasatzean.

Jakina denez, gozamena beharko luke bientzat, eta ez obligazioa. Adin batetik aurrera ez baita garai batean adinako energia kopurua izaten. Eta badakigu haur txikien atzetik ibiltzea nekagarria ere izaten dela batzutan, hain daude energiaz kargatuta haurrak.

Biloben zaintza-lanetan laguntzen duten sei amonarekin bildu da HAZI HEZI, Nieves Gabilondo, Maria Jesus Burgos, Paki Aboitiz, Kontxita Martija, Maria Jesus Arregi eta Hilari Irastorzarekin, hain zuzen. Aboitiz izan ezik, alargunak dira guztiak eta eurak dira beraien seme-alabei bilobekin laguntzeko euren etxeko esku bakarra.

Kontxita Martijak hiru biloba ditu, bata jada adinez nagusia, 18 urtekoa eta beste biak 11 eta 9koak. Goizero joaten da biloba txikienen etxera gosaria eman eta ikastolarako prestatzen laguntzera. “Alabak 6:30eko autobusa hartzen du lanera Donostiara joateko, eta suhia, berriz, 7:00etan ateratzen da etxetik lanera joateko”. Goizean goiz jaikitzen da Martija egunero eta umorez kontatzen du horrela mantentzen dela, gero: “gazte-gazte!”. Bilobek izugarri ematen diotela dio: “Bizipoz handia ematen didate haurrek. Eta esango nuke zeregin hori izanda hobeto mantetzen garela. Etxean geratuta, burua ere mantsotu egiten da. Burua landu egin behar da eta niretzat bizitasun handia da bilobak zaintzea”.

Maria Jesus Arregik ere antzeko lana izaten du egunero. Hiru biloba ditu, 6, 8 eta 14 urtekoak, “hiru mutil-kozkor zoragarri”, dio. “Goizero hirurei ikastolarako prestatzen laguntzen diet. Gosaria eman, janzten lagundu eta autobusera laguntzen diet. Ez nuke utziko alabari horretan laguntzea inolaz ere, baina egia da lana dela, eta hori errekonozitu behar diogu geure buruari”. Arregik argi du gustura egiten duen lana den arren, ardura dela bilobak bere kargu izatea.


Burua ere landu egin behar da eta niretzat bizitasun handia da bilobak zaintzea
 

Kontxita Martija


Nieves Gabilondok ere bat egiten du umeak hazteak “ardura handia” dakarrela esatean, eta gaineratzen du “kezkaz” ere bizitzen dutela askotan. Iruñean bizi dira bere bi bilobak, eta bera Azpeitiko bizilaguna izanda, tarteka zaintzen ditu. “Gustura egiten den lana da niretzat ere bilobak zaintzea eta alabari laguntzea. Baina egia da ardura eta kezka ere izaten dela. Nik beti esaten dut nire bilobak etortzen direnean, ezer ez gertatzea espero dudala. Nirekin daudenean behintzat ez daitezela erori edo ez dezatela minik hartu”.

Kontatzen dutenez, egiten duten lanarengatik baloratuak sentitzen dira beraien familiengandik, baina Gabilondoren arabera, gizarteak, oro har, obligazio gisa ikusten du aitona-amonek euren bilobak zaintzea. Horren harira, inguruko zenbaitengandik kritikak ere jaso dituela aitortzen du Martijak. “Batek edo bestek esan izan dit tokatzen ez zaizkigun lanak egiten ari garela. Ondo bizi besterik ez eta lotura hori hartzeak merezi ote duen. Lasai egoteko erantzun izan diet hori esan didatenei; loturak badira, nireak direla, eta ez bereak. Bakoitzak bere tokitik ekin behar du familian. Eta nik garbi daukat aitaren edo amaren paperik ezin dugula eduki, amonak garelako. Baina elkar laguntzeko gaude familia barnean”.

Maria Jesus Arregik dio “umeak gozatzeko” daudela beraiek, baina seme-alabei laguntzeko ere bai. “Gaur egun lana edukitzeko, eta lana mantentzeko, norbaiten laguntza behar dute gurasoek. Eta nola ekarriko dute kanpotik norbait laguntzera gu hor egonda? Nik behintzat ez nuke nahiko. Egia da zenbait kasutan, biloba asko izatera, edo ordu asko pasa behar badituzu haurren zainketa-lanetan… Horrelako kasuetan neurria ere ipintzea komeni da”.

Neurria hartzea gakoa

Gakoa neurria hartzea dela uste dute, biloben zaintza gozagarri gertatzeko, eta obligazio ez bihurtzeko. Gurasoen lana dela, haurren adina dela, bizilekua dela… Familiaren egoera segun eta nolakoa den, batzuk denbora gehiagoz eta beste batzuk gutxiagoz baina sei elkarrizketatuek laguntzen dute biloben zainketa lanetan. Inguruari erreparatuta denak beraien antzera ikusten dituztela diote. “Batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, baina gure inguruan amonak eta aitonak ikusten dira erabat biloben zaintza-lanetan. Aitonak ere bai. Garai batetik gizonezkoak asko hasi dira laguntzen txikien zaintza-lanetan. Gure garaian gizonezkoak lotsatu egiten ziren ume-kotxearekin ibiltzen. Orain aitona egin direnean ikusten dituzu ume-kotxea hartuta, baina garai batean ez”, kontatzen du Martijak.

Ezagutzen dituzte neurriz kanpoko egoerak ere bilobak zaintzen dituzten aitona-amonen artean. Gabilondoren esanetan, badaude esplotaziora hurbiltzen diren kasuak ere: “Nazkatuta eta oso nekatuta dauden aitona-amonen kasuak ere badaude”.


Egia da lana dela bilobak zaintzea eta hori errekonozitu behar diogu geure buruari
 

Maria Jesus Arregi


Oreka topatzea eta neurria hartzea, jakina denez, ez da erraza izaten askotan. Hasteko, neurria bera ere oso norberarena izaten delako. Alegia, baten neurria puntu batetara arte iritsiko da, baina beste baten neurria lehenaren pare-parean ez da egongo. Osasunak laguntzen badio, berak beste urtebete behintzat segitzea gustatuko litzaiokeela kontatzen du Martijak. Eta aitortzen du tristura sortzen diola zeregin hori bukatuko dela pentsatzeak, “amamak zaintzeko beharrik” ez dutelako izango eta bere gusturako “ordu gehiegi” geldituko zaizkiolako “libre”.

Maria Jesus Burgos 6 bilobaren amona da, eta adin aniztasuna ezaugarri berezia da bere biloben artean. Izan ere, zaharrenak 25 urte ditu eta gazteenak, berriz, 5. Bere senarra orain gutxi hil da eta bere gogo-aldartean asko eragin dio horrek, pentsa daitekeenez. “Oso ondo nago, baina badaramat denboraldi bat baxualdiekin. Momentu horietan bilobekin egoteak asko laguntzen dit, egia esan. Barre asko egiten dut eta behintzat tristuratik ateratzeko beste lan bat izaten dut”.

Beraiek guraso ziren garaietatik gauzak asko aldatu direla aipatzen dute, “ikaragarri”. Hilari Irastorza lau bilobaren amona da eta aipatzen duenez, garai batetik hona izugarri aldatu dira gauzak. “Lehen beharbada umeak hazteko garaian zenbait lan nekezagoak izaten ziren. Arropa guztia eskuz garbitu behar izaten genuen eta orduan ez zegoen gaur egungo pardelik haurrentzat”. Zentzu horretan hobera egin dugun arren, aitortzen du lehen lasaitasun handiagoarekin hazten zirela umeak. Gaur egun pertsonen artean dagoen bekaizkeria edo inbidia da bere ustez horren erantzulea: “Lehen ez zegoen inbidiarik. Eta orain beti gaude albokoari begira, beti nahi dugu gehiago. Gure gurasoek esaten ziguten aurrekoari ez begiratu, begiratu atzekoari. Gaurko egunean inbidia handia dago”. Ildo beretik, Nives Gabilondok ere gaur egun lasterketa batean bezala goazela aipatzen du: “Zuk hau eta nik pixka bat gehiago”.

Zentzu horretan, garai batean orain baino lasaiago bizi zirela diote Irastorzak eta Gabilondok, eta gurasoak bezala baita umeak ere. “Orduan ez zeuden orain ikusten ditugun arriskuak eta beldurrak. Gu bizi ginen tokian gure haurrak solte, askatasun handiarekin hazi ziren. Egun guztia kalean pasatzen zuten, ikastolatik atera eta kalean jolasean ibiltzen ziren. Patinetearekin ez bazen, bizikletan edo mila gauza ezberdin egiten”, kontatzen du Gabilondok.


Gizarteak, oro har, obligazio gisa ikusten du aitona-amonek euren bilobak zaintzea
 

Nieves Gabilondo


Kalea ere aldatu da

Garaiak aldatu dira eta horrekin batera baita auzoak, herriak eta hiriak ere. Horrek haurrak hazterako garaian ere eragin handia duela aipatzen dute elkarrizketatuek. Nieves Gabilondoren alaba Iruñean bizi da bere familiarekin, eta kontatzen duenez, Nafarroako hiriburutik herri txikiago batetara aldatzea pentsatzen egon ziren, herri batean haurrak lasaiago haziko zituztelako. “Gero ez zuten aurkitu gustuko bizitokirik eta Iruñean jarraitu zuten bizitzen, baina aldatzekotan egon ziren”. Hirian beste egoera bat bizi dutela dio Gabilondok, herriekin alderatuta. “Etxearen aldamenean haurrentzako parke ikaragarri handi bat daukate, baina ez daukate ohiturarik haurrek han jolasean bakarrik ibiltzeko. Beldurra ere badago. Ni hara joaten naizenean bilobekin joaten naiz parkera eta han ibiltzen dira, baina bakarrik ez”.

Paki Aboitiz egun Azpeitiko bizilaguna bada ere, Bilbon jaiotakoa da. Ama azpeitiarra zuen Aboitiziek baina lan kontuak tarteko Bilbora joan ziren bizitzera, eta han pasa zuen bere haurtzaroa. Gerora berriro itzuli zen familia Azpeitiara eta Pakik bertan hazi ditu bere bi semeak. Lau biloben amona da. Kontatzen duenez, berak haurrak lasaiago hazi zituen Azpeitian bere amak bera Bilbon baino. “Gogoratzen dut eskolara hasi aurretik neska bat edukitu zutela ni zaintzeko. Gure etxea Bilboko Erribera merkatuko plazatik gertu zegoen, eta mugimendu handiko eremua zen hura. Gaixotzen nintzenetan etxepekoren batekin gelditzen nintzen, nire amak lana izaten zuelako. Zentzu horretan, ni askoz lasaiago bizi izan naiz nire ama baino”, dio.

Maria Jesus Arregik bere jaiotetxearen inguruko plazaren oroitzapena gordeta dauka. “Azpeitiko Pilotalekua deitzen zitzaion kalean bizi ginen eta gogoratzen naiz gure ama eta beste hainbat emakume nola elkartzen ziren gure etxe ondoko iturriaren petrilean. Arropak garbitzen zituzten, mundua konpondu ere bai beraien berriketekin, eta han inguruan ibiltzen ginen haur guztiak jolasean”.

Herrietan, oro har, haurrek askatasun handiagoa daukatela diote. Arregirentzat hemen ere segun eta zein tokitan haurrek badute askatasunez jolasteko aukera. “Nire alaba bizi den auzoan adibidez, plaza zabala daukate etxepean eta toki lasaia daukate haurrek jolasteko”. Baina badira beste zenbait eremu arrisku gehiago dutenak, bere ustez. “Azpeitiko plaza, adibidez, duela urte gutxi arte kotxez beteta egoten zen, eta han haurrek ez zeukaten libre ibiltzerik. Plaza kotxez beteta, arrisku handia zen hori. Guk, aldiz, pilotalekuan toki ikaragarri zabala genuen lasai jolasteko. Zorionez, Azpeitiko plaza ere oinezkoentzat jarri da eta izugarri irabazi du leku horrek. Baina herria ezin daiteke konparatu hiriburu handi batekin. Oso bestelakoa da giroa”.

Lehen etxepean elkartzen ziren bezala, orain kafetegien inguruetan elkartzen da jendea Arregiren esanetan. Nieves Gabilondok aipatzen du beraien auzoan oraindik egiten dela “tertulia”. Bankuetan elkartzen da jendea eta kontu-kontari egoten dira. Lehen aldean gutxiago egiten dela dio, hala ere.


Lehen lasaitasun handiagoarekin hazten ziren haurrak
 

Hilari Irastorza


Auzoko giro hori, oro har, aldatu dela uste dute. Orain eskolaz kanpoko ekintzak ere badituzte euren bilobek, garai batean ia esistitzen ez zen fenomenoa. Gabilondori ez zaizkio gehiegi gustatzen, “inoiz ez zaizkit gustatu, umeek jolastu egin behar dutelako, eta ez hara eta hona ibili eskolaz kanpoko ekintzak direla eta. Nire alaba txikia zenean ere ingelesera bakarrik joan zen eskolatik kanpo, eta beste denbora guztia kalean jolasteko zeukan”.

Hala ere, eskolaz kanpoko ekintzen eskaintzetan gaur egun dagoen aukera zabala ezin ukatu. Arregik kontatzen duenez, aukerak asko zabaldu dira gaur egun. “Gure biloba zaharrena futbolean aritzen da gelditu ere egin gabe. Niri poza ematen dit horrek, kirola egitea ona delako, baina hainbesteko beharra edukitzea ere ez dakit oso ona den”.

Mugikorraren erabilerarekin kezkatuta

Bada biloben zainketan kezka handia sorrarazten dien praktika bat. Elkarrizketatu guztiak kezkatuta daude gaur egungo gaztetxoek mugikorrekin egiten duten erabilerarekin. Nieves Gabilondo bereziki kezkatzen du gai honek. Kontatzen duenez, “badira ume batzuk mugikorrarekin lokartzen direnak eta mugikorrarekin esnatzen direnak, eta hori ikaragarria da. Datuak oso gogorrak dira”. Egoera horrek haurraren jolasari zuzenean eragiten diola uste dute. “Gaur egungo gaztetxoek kalean jolasten ez dakite. Orain eseri eta mugikorrarekin ibiltzea da jolas nagusia”. Maria Jesus Arregiri ere “gogorra” egiten zaio egoera. Bere ustez, “mugikorra aurrean dagoenean beste jolasik ez dute ikusten”.


Baxualdietan bilobekin egoteak asko laguntzen dit tristuratik ateratzeko
 

Nieves Gabilondo


Gurasoen tokian jarrita ez bada erraza erabileraren arauak kudeatzea, pentsa aitona-amonen lekutik. Aipatzen dutenez, gurasoen lana da erabileraren inguruko arauak ezartzea. Hala ere, aitortzen dutenez, helduak ere ez gaude erabilera gehiegizko horretatik salbu. Hilari Irastorzak aipatzen duenez, edonori tokatzen zaio taberna batetara joan eta bikotea elkarri hitzik egin gabe eta mugikorrarekin jo eta su aritzea. Edo gurasoak eta seme-alaba elkarrekin egon eta guztiak mugikorrarekin ikustea.

Gutxien gustatzen zaien alderdia mugikorrena dela diote. Biloben zainketak ere badituelako alderdi gozoak, baina baita zailagoak diren beste batzuk ere. Etorkizunari begira jarrita daude batzuk; beste batzuk, aldiz, nahiago dute momentua bizi. Gabilondok dio aurki beraiek zaintzen hasi beharko dutela seme-alabek, “jada zaharrak gaudelako”, dio. Arregik, berriz, itxaroteko esaten dio lagunari, ez dagoela presarik, eta elkarrizketa bizia sortu da bien artean. Gabilondok denbora ez dagoela beraien alde, baizik eta kontra. Eta etorkizunaz ere pentsatu behar dutela. Arregik, bere aldetik, momentuaz hizketan ari direla, eta etorkizuna etorriko dela bere momentuan: “Gaur ondo gaude, laguntzen ari gara eta kito. Gero gerokoak”.

Bilobak zaintzen ez ezik beraien burua zaintzeko hain preziatua izaten den tartetxoa ere ateratzen diote emakume hauek beraien egunerokoari. Arratsaldero elkartzen dira, hizketan egin eta karta-jokoan aritzeko. Eta horrela elkar zaintzen jarraitzeko. 


Ni askoz lasaiago bizi izan naiz nire ama baino
 

Paki Aboitiz