Ez da ohiko kontzeptua gure artean ‘familia-gunea’-rena, baina beste hainbat lekutan bai. Katalunian ‘espai familiar’ gisa ezagutzen dira, eta Frantzian, Italian eta ipar Europan ere ohikoak dira. Eskolatu gabeko 0-3 urteko haurrak dituzten gurasoei euren umeekin egoteko eskaintzen zaien espazioa da, non beste gurasoekin eta laguntzaileekin bizipenak partekatzen dituzten.
Bartzelonan udalerenak diren 9 espai familiar daude eta horietako bat bisitatu eta ezagutu zuten Hik Hasiren bidaia pedagogikoan Euskal Herritik joan-dako hainbatek: El Raval auzoko espai familiar Raval, hain zuzen ere. Bartzelonako erdigunean, etxe altuz inguratutako patio batean kokatuta dagoen oasi txiki bat da familia-gune hau. Txukun eta egoki prestatutako kanpoko espazio bat du, eguraldiak laguntzen duenean bertara ateratzeko. Barruko guneak, berriz, goxotasuna eta lasaitasuna eskaintzen ditu. Haur txikiei eta gurasoei egokitutako materiala eta giroa ditu ardatz.
Gune horretan elkartzen dira familiak. 14 familiaz osatutako hiru talde biltzen dira, talde bakoitza astean bitan. Eta horrez gain, ume jaioberrien gurasoekin osatutako beste talde bat dute, astean behin biltzen dena. Talde bakoitzarekin hiru hezitzaile-laguntzaile egoten dira. Taldeak itxiak dira; hau da, behin izena emandakoan urte osoan partaide berak mantentzen dira. Familiaren batek ezin badu etorri lanera hasi direlako, umeak 3 urte bete dituelako edo beste arrazoi batengatik, beste familia bat sartzen da haren ordez. Horretarako, beti irekita dagoen itxaron zerrendara jotzen dute.
Urtean 22,70 euroko kuota ordain-tzen dute, eta jaioberrien taldea doan da. Auzoko bizilagunek dute lehentasuna eta horrez gain, plaza batzuk hainbat elkartetatik bideratzen dituzten familientzako gordeta daude (pediatrek, gizarte zerbitzuetatik, arreta goiztiarreko zentrotik, emakumeen arreta zentrotik eta abar).
Zertarako dira familia-guneak?
0-3 urteko eskolatu gabeko umeak dituzten gurasoei zuzendutako guneak dira. Familiak elkartzeko eta elkarrekin bizipenak partekatzeko eta bakardadeari aurre egiteko balio duten espazioak dira. Ana Zafón laguntzaileak eta zuzendariak dio gaur egun guraso askok bakardade handia bizitzen dutela: “Asko etorkinak dira eta urrun daukate familia. Pentsa Australiatik etorritako batek zein urrun duen bere familia. Beste batzuk pisu batean bizi dira umearekin eta ez dute beste inor inguruan. Beste batzuk gainezka eginda sentitzen dira ume txikiarekin. Liburuetan asko irakurri arren, segurtasun falta izaten dute, sena galduta egoten dira. Orduan, espazio honek elkarri gauzak kontatzeko balio du eta aldamenekoaren esperientziak lasaitzeko balio ohi du: ‘gaur gauean ez dut lorik egin’, ‘bada guk astebete daramagu lorik egin gabe’. Batzuek umeak gurasoekin lo egitea gauza berritzaile modura ikusten dute eta horretaz hizketan aritzen dira, horren inguruko kezkak azaleratuz; eta aldamenean Bangladesheko ama batek ez du ulertzen gai horrek sor-tzen dien kezka, han umeek 7 urte bete arte gurasoekin egiten baitute lo. Titi-uztea ere kezka iturri izaten da askorentzat; musulmandarrek, berriz, argi dute umeak 2 urte bete arte ez diotela emateari utziko”. Hori guztia partekatzeko espazioa da familia-gunea.
Laguntzaileen funtzioa
“Gure lana laguntzea da” dio argi Zafónek. “Hau ez da haur-eskola bat eta gu ez gaude umeekin gauzak egiteko. Hona umeak aitarekin, amarekin, aitonarekin, amonarekin, zaintzailearekin... etortzen dira eta gu bigarren mailan kokatzen gara, atzean, umil, ia ikusezin. Protagonistak eurak dira”. Hori izugarri azpimarratzen du: “Uste dugu familiak abilak direla, badakitela umeak hazten eta errespetatzen. Beraiengandik, beraien egiteko modutik sortzen dena ez dugu moztu behar. Horretarako segurtasuna behar dute, seguru sentitu behar dute eta horretan laguntzen diegu. Beraiek asko dakitela sentiarazi nahi diegu”. Ama eta aita horiek gai direla eta egin dezaketela sinesten dute, horretan konfiantza osoa dute laguntzaileek. Horregatik, falta zaienetik abiatu beharrean, daukatena bilatzetik hasten dira, horrela aurrera egiteko aukera baitago.
Familia-eredu anitz elkartzen dira, jatorri, kultura, bizipen eta egoera desberdinetakoak. Denei berdin begiratzen diete laguntzaileek, denei tratu bera ematen diete, “pentsa-tzen baitugu familiei beste modu batera begiratzen zaien espazio bakarra dela”. Begirada horrek izugarrizko garrantzia duela jabetuta daude, esperientziak hala erakutsi baitie. David Aparicio laguntzaileak kontatzen duenez, “Filipenetako zaintzaile batekin etortzen ziren bikiak geneuzkan eta umeak oso bortitz zaintzen zituela ohartzen ginen. Ez zuen asko parte hartzen elkarrizketetan eta besteengandik aldenduta zegoen. Nola lagundu pentsatzen eta aztertzen hasi ginen. Konturatu ginen beti bikiei buruz galdetzen geniola, eta inoiz ere ez berari buruz. Hala, ’zu zer moduz zaude?’ galdetzen hasi ginen eta bere historioa kontatzen hasi zen. Orduan, gainerakoak konturatu ziren asko sufritzen ari zela eta beste begirada batekin begiratzen hasi ziren. Horrek aldaketa nabarmenak ekarri zituen”.
Egunero bakoitzak dakarrena har-tzen dute. Guraso batek “nazkatuta nago” esaten badu, “ba bai, zaila da” erantzuten diote. Hori esateko eskubidea duela uste baitute. Ez diote esaten “ez da ezer gertatzen, ohikoa da, hemendik bi hilabetera pasata egongo da”. Ez. “Umeekin 24 ordutan egotea erotzekoa da. Ez zaiei inoiz gertatu beraien bizitzan eta horiei entzutea eta laguntzea nahi dugu, bakoitza une horretan bizitzen ari denarekin eta bakoitzak une horretan dakarrenarekin. Hartu eta aldamenean egon”.
Jokatzeko modu horren azpian ideia garbi bat dago: pertsonak zaintzea. Oinarri-oinarrizkoa baita pertsonak zaintzea. Zenbat eta zainduago eta lasaiago egon, orduan eta hobeto egongo da aita edo ama umearekin egoteko eta umea hazteko. “Galdetzen diegunean ‘zer nahi duzu? Kafea, infusioa... prestatuko dizut’, batek baino gehiagok erantzun izan digute ‘niri? Aspaldian inork ez dit galdetu zer nahi dudan’.”
Familiekin egon ondoren, lagun-tzaileak beste ordutebetez elkar-tzen dira euren artean hitz egiteko. Izugarri baloratzen duten unea da, behar-beharrezkoa irizten dutena. Familiekin bizitutakoa kontatzeko eta partekatzeko beharra daukate, denen artean erabakitzeko familiei nola lagundu, zer esan, nola esan eta abar. Eta horrez gain, hilean behin kanpoko aholkulari batekin elkartzen dira euren lan egiteko modua eta esku-hartzeak aztertzeko.
Familia-gune hauek ongizate espazio bat dira, begiraden tokia: umeei begira heldu asko daude, begirada asko, 14 gurasoak gehi laguntzaileak. Umeak begiratuak eta zainduak sentitzen dira. Lasai. Lasaitasun handia dago, eta horrek gauza bat adierazten du: ongizatea.
3 urtetik aurrera, zer?
Astean bitan joaten dira familia-gunera eta hirugarren egun batean parkean piknik bat egiteko elkartzen dira. Edo ama batek umea sukarrarekin duela eta haren etxera joaten dira laguntzera. Taldekideen artean harreman estua sortzen da, komunitate zentzua hartzen du, familia handi bat bihurtzen dira. Horrek bermatzen du, umeek 3 urte betetakoan, familia-guneko garaia bukatutakoan, elkartzen jarraituko dutela. Urte horietan indarra eta boterea hartzen dute familiek. Badakite zer nahi duten, horretaz hitz egin dutelako eta partekatu dutelako. Eta hori lorpen handia da. Familia-guneak prebentzio-lana ere egiten du, gerora sor litezkeen arazo asko saihesten baitira horrelako indar eta segurtasunarekin.
Udalaren apustua
Bartzelonako Udalak apustu sendoa egin du familia-guneen alde. Denbora askoan hiru gune bakarrik zeuden eta azkenaldian asko ireki dira. Gaur egun 9 daude. Udalak zaintzaren aldeko apustua egin du. Raval familia-gunean udaletik jaso zuten aurkezpen gutunak hala zioen: “Herritarrak zaindu nahi ditugu eta badakigu zuek hori egiten duzuela. Horregatik, guk zuek zaindu nahi zaituztegu”. Zaintza inportantea da. Garestia da baina udalak badaki prenbetzio-lana egiten dela eta etorkizunera begira merkeagoa dela. Gainera, prebentzio-lana ez ezik, heziketa-lana ere egiten da. Azken finean, familia-gune hauek zaintza soziala bermatzen dute.