Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua da Antoni Zabala i Vidiella, eta Prestakuntzarako Baliabideen eta Ikerketaren Institutuko (IRIF) zuzendaria. ‘Guix’ aldizkariaren, Hezkuntza Berrikuntzarako ‘Aula’ aldizkariaren eta beste hainbat proiekturen sortzaileetako bat da, eta liburu ugari idatzi ditu. Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Ministerioari, Andorrako Gobernuari, Madrilgo Hezkuntza Ministerioari eta Espainiako Estatuko beste administrazio batzuei aholku eman izan die curriculum diseinuak eta irakasleen prestakuntza planak prestatzeko. Berritzeguneek ekainean curriculumaren gainean antolatutako jardunaldietan, hitzaldi bat eman zuen eta, Begoña Burgoa Berritzeguneko Curriculumeko Talde Iraunkorreko kideak gidatuta, konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzak dakarren eraldaketaz eta, oro har, eraldaketak egiteko zailtasunez eta aukerez aritu zen.
Curriculum berria ezarriko da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ikasturte honetan, eta, besteak beste, konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzari emango zaio indarra. Zuk 2007an argitaratu zenuen 11 ideas clave. Cómo aprender y enseñar competencias (11 ideia gako. Nola ikasi eta irakatsi konpetentziak) liburua. Hainbeste urte behar al dira aldaketak egiteko?
Zenbat denbora behar da , zuen ustez, errekuntzan oinarritutako autotik elektrizitatean eta elektronikan oinarritutakora pasatzeko? Eta aldaketa hori gertatzeko, zer beste aldaketa gertatu behar dira? Erraza da egin behar diren aldaketak zein diren paperean idaztea; eraldaketa horiek gertatzeko behar diren bitartekoak jartzea da zaila.
1990ean, LOGSE legeak aldaketa ekarri zuen Espainiako Estatuan; diktaduratik zetorren irakaskuntzari buelta eman zitzaion, eta eskolaren helburua pertsonen prestakuntza integrala zela idatzi zen, hau da, eskolaren funtzioa ez zela ezagutzak ikastea soilik, baizik eta bizitzarako gaitasunak, jarrerak, prozedurak, kontzeptuak... jasotzea.
Garai hartarako, aldaketa oso garrantzitsua izan zen, baina ez zuen kontuan izan eraldaketa horrek zer zekarren berarekin. Ez ziren kontziente izan errekuntzan oinarritutako autotik auto elektriko-elektronikora pasatzeak zekarrenaz.
Horrez gain, denok oso barneratuta daukagun ideia bat dago azpian: Haur Hezkuntzaren funtzioa Lehen Hezkuntzarako prestatzea dela, Lehen Hezkuntzarena Bigarren Hezkuntzarako prestatzea, Bigarren Hezkuntzan Batxilergorako prestatzen dela eta, Batxilergoan, selektibitateko proba egiteko. Eta ideia horrek ondorioak ditu irakaskuntza jardueran. 90eko curriculumean, modu esplizituan esaten da derrigorrezko hezkuntzaren amaieran ikasleek gai izan behar dutela hainbat komunikazio asmotako mezuak, ahozkoak zein idatzizkoak, ulertzeko eta sortzeko. Hau da, oinarrizko lau konpetentzia linguistikoak jakin behar dituztela: irakurtzen, idazten, entzuten eta hitz egiten. Eta zergatik ez da hitz egiten irakusten Euskal Herriko, Kataluniako edo Espainiako Estatuko eskoletan? Selektibitatean ez dagoelako ahozko probarik.
Aldaketak konplexuak dira, eta planifikazioa eskatzen dute. Arazoa da planifikaziorik ez dela egiten edo ez dela ongi egin izan
Selektibitatea traba gisa ikusten duzu. Ez al duzu ikusten hori aldatzeko modurik?
Bi kontu nagusi daude. Bata, orain dituen baino bitarteko gehiago behar dituela unibertsitateak hautaproba on bat egiteko, egiten diren probak aldatzea eskatzen duelako. Pertsona batek zer gaitasun dituen jakitea askoz ere zailagoa da ez dakit noren obrarik garrantzitsuenak zein diren galdetzea baino.
Bigarren kontua zera da: unibertsitatearen autonomiaren ideia onartua daukagu eta, beraz, Hezkuntza Ministerioak probak nola egin behar diren esatea ez da gustukoa.
Lobbyak ere hor daude, beste edozein lekutan bezala, eta egiten dena ez ukitzeko presioa egiten dute.
Selektibitatea aldatzeak unibertsitate eremuan lanbide aldaketa ere badakar, zeren gauza bat da ikasgai batzuetako diziplina edukiak irakastea, eta beste bat profesionalak sortzea. Beraz, hainbat zailtasun daude selektibitatea aldatzeko, baina, halere, aldaketa egin behar da, ezinbestekoa da. Ez ditugu arkitekto onak soilik nahi, hiritar onak izatea ere nahi dugu eta konpromiso soziala edukitzea.
Aldaketari diogun erresistentzia ere ez da aintzat hartu izan. Konbentzituta al gaude?
Eraldaketa oztopatu duten faktoreetako bat bitartekoak jarri ez izana dela aipatu duzu. Hemendik aurrera jarriko direla iruditzen al zaizu? Akats bera ez dela egingo, alegia?
Ez gara benetan kontziente eraldaketak zer inplikatzen duen, eta hori ez bada ongi ulertzen, ez dira bitarteko egokiak jarriko. Aldaketak konplexuak dira, eta planifikazioa eskatzen dute. Arazoa da planifikaziorik ez dela egiten edo ez dela ongi egin izan.
Horrez gain, aldaketari diogun erresistentzia ere ez da aintzat hartu izan. Konbentzituta al gaude? Sistemaren aldetik, inbertsio bat egin behar da irakasleak konbentzitzeko, eta baita gizartea ere. Izan ere, askok esaten dute hau guztia oso polita dela, baina guraso askok seme-alabek selektibitatea gainditu dezaten eskatzen digute. Hori helburu bat da, noski, baina hezkuntza integralaz hitz egiten dugunean, hori baino gehiagoz ari gara, eta adierazi egin behar zaie.
Hainbat zailtasun daude selektibitatea aldatzeko, baina, halere, aldaketa egin behar da, ezinbestekoa da
Eraldaketaren planifikazioaren barruan, zein egiteko edo fase ikusten dituzu?
Lehenengo eta behin, argi eduki behar da erakunde edo sistema baten eraldaketa ez dela erakundearena, baizik eta pertsonena. Ez da sistema aldatzen, pertsonak baizik. Eta pertsonak aldatzeko, beharrezkoa da baldintza batzuk gertatzea, hau da, fase batzuk pasatzea. Lehen fasea da, norbera konbentzituta egotea sistemak aldatu egin behar duela. Bigarren fasea, norbera aldaketa horren protagonista dela pentsatzea, konbentzituta egotea eraldaketaren protagonista izan behar duela norberak. Eta hirugarrenik, trebatzea.
Nik Matematikako, Fisikako eta Kimikako eskolak ematen nituen Batxilergoan, eta ez nuen pentsatzen hezten ari nintzenik
Eraldaketa prozesuak galdera eta zalantza asko sortzen ditu eguneroko praktika profesionalean. Zein dira oinarrian eduki beharreko erreferenteak edo ideiak, kateatuta ez geratzeko?
Nagusiki bi direla esango nuke. Bata, zein den irakaskuntzaren funtzio soziala eta helburua. Nire ustez —eta hala defendatzen dut nik ere duela 40 urtetik eta aurreko mendeko pedagogo handiek defendatzen zuten modura—, irakaskuntzaren eta eskolaren funtzioa ikasleen prestakuntza integrala da, heztea.
Nik Matematikako, Fisikako eta Kimikako eskolak ematen nituen Batxilergoan, eta ez nuen pentsatzen hezten ari nintzenik. Nire funtzioa Matematika, Fisika eta Kimika irakastea zen. Gustatzeko moduan irakasten saiatzen nintzen, ikasleek “zein ondo erakusten duen” esan zezaten, baina ez neukan argi nire funtzioa heztea zenik. Haur Hezkuntzako hezitzaileek, “hezitzaileak al zarete?” galdetzen diezunean, “jakina” erantzuten dizute. Lehen Hezkuntzakoei galdetu, eta gehienek “jakina” erantzuten dizute. Bigarren Hezkuntzan galdetu, eta askok zera esan dezakete: “Ez iraindu ni, ni ikasgaiko irakaslea naiz”. Ikasgai bateko irakaslea hezitzailea baino hobea denaren ideia dago horren azpian.
Hezkuntzaren edo eskolaren funtzioa zein den erabakitzea hautu ideologikoa da. Hezi egin nahi dugu ala ez? Bizitzako eremu guztietan trebeak izateko hezi nahi al ditugu neska-mutil euskaldunak eta herritarrak? Eremu profesionalean ez ezik, pertsonalean, pertsona artekoan eta sozialean ere hezi nahi al ditugu? Galdera horiek baiezko edo ezezko erantzuna izan dezakete, eztabaidagarria da. Ados egon gaitezke edo ez, baina nazioartean kontrastatua eta oinarritua dago hezkuntzaren funtzioa heztea delako ideia.
Eraldaketan, ezagutza zientifikoak dioena da kontuan hartu beharreko bigarren ideia. Hau da, pertsonok nola ikasten dugun. Hori jada ez da eztabaidagarria, zientziak egiaztatutakoa baita. Badakigu pertsonok erritmo eta estilo desberdinetan ikasten dugula eta irakaskuntza pertsonalizatu egin behar dela ikaskuntza egokia izan dadin. Ikasgelan ez ditugu 25 edo 30 ikasle, baizik eta Ane, Maddi eta Eneko, bakoitzak bere beharrak ditu, eta hartu behar diren neurri didaktikoek ezagutza zientifikoarekin bat etorri behar dute.
Irakaskuntzaren eta eskolaren funtzioa ikasleen prestakuntza integrala da, heztea
Gaur egun, irteera profila zehaztean, berori lortzeko deskriptoreak zehazten dira, eta baita horiei lotutako konpetentzia espezifikoak ere. Horrek eraldaketa bidean lagundu dezake? Euskarri izan daiteke?
Nik esango nuke teknikoki modu orokorrean esaten dena zehaztea oso ona dela. Irteera profila zehazteak ildo nagusi bat edukitzea dakar, eta horrek erabakiak koherenteak izatea dakar. Abantaila batzuk ditu, teknikoki lagundu diezagukeen tresna baita. Eskolan ekiten dugunean, ikasle bakoitzarekin zer lortu nahi dugun pentsatzen ari gara beti, ideia bat izan ohi dugu. Irteera profilak ideia hori eta berori lortzeko funtsezko konpetentziak zehazten ditu, ikasgai bakoitzean landu beharreko konpetentzia zehatzak. Beraz, oso tresna ona iruditzen zait, baina baita utopikoa ere.
Hezkuntzaren helburua utopikoa izan daiteke, medikuntzan bezala
Zer esan nahi duzu utopikoa dela diozunean?
Helburua bera utopikoa izan daitekeela, medikuntzan bezala. Medikuntzak helburu utopiko bat duelako funtzionatzen du; hau da, medikuntzaren helburua gu inoiz ez hiltzea da, beti sano egotea. Hil ez gaitezen laguntzen digute, baina badakigu hil egingo garela. Hezkuntzan, irteera profilak eta konpetentziek ortzi muga markatzen digute, eta gure helburua da xede horretara ahalik eta gehien hurbiltzea, jakinik inoiz ez garela iritsiko.
Helburu horrekin batera, zientziak eransten diguna daukagu, eta hori ere beste utopia bat da. Zientziaren arabera, behar duena eman behar diogu ikasle bakoitzari. Non bukatzen da ikaskuntzaren pertsonalizatzea? Beti pertsonaliza dezakegu gehiago, beti ezagut ditzakegu gehiago ikaslea, haren testuingurua eta abar. Non bukatzen da?
Ikuspegi globalizatzaileak esan nahi du eskolaren ikerketa xedea edo aztergaia errealitatea dela
Hainbat hamarkada daramatzazu proiektu globalizatzaileak proposatzen konpetentzietan irakasteko tresna gisa. Zer da zuretzat ikuspegi globalizatzailea izatea?
Ikuspegi globalizatzaileak esan nahi du eskolaren ikerketa xedea edo aztergaia errealitatea dela, eta errealitateak arazoak planteatzen dizkigu. Arazoak matematikatik, fisikatik edo hizkuntzatik konpon daitezke, baina aztergaia errealitatea da beti, eta beti abiatzen gara errealitatetik sortutako galderetatik, helburuetatik, gai interesgarrietatik eta abarretatik zerbait konpontzeko edo ebazteko.
Guk denok ikasi genituen zatikiak, denok dakigu zer den bostena, erdia edo herena, eta denok dakigu zatikiak erabiltzen. Nondik hasi zen gure irakaslea zatikiak erakusten? Nondik hasten dira mundu guztiko Lehen Hezkuntzako irakasleak zatikiak irakasten? Tarta batetik — Mallorcan ensaimada izan daiteke, eta Gaztela-Mantxan gazta—. Denak egoera erreal batetik abiatzen dira, eta, gainera, motibagarria den egoera batetik: tarta bat banatu behar da, ez paper bat. Irakasleak tarta zati berdinetan nola banatu daitekeen galdetuz hasten dira, eta, ikasleen erantzunetatik, hipotesietatik eta iritzietatik abiatuta, hainbat modutan probatuz, azkenean zati berdinetan banatzera iristen dira. Ondoren, irakasleak ondorioa adierazten du: “Zortzi zati berdinetan moztu dugu, eta zati bakoitza zortzirena da; horri matematikan zortzirena deitzen zaio”. Denbora guztian tartaz hitz egiten da, aztergaia tarta da, eta prozesu konstruktibo batetik abiatuta —ikasketa prozesuari buruzko ezagutza zientifikoarekin bat eginez—, kontzeptua eraikitzera iritsi dira denak. Ondoren, tartaren testuingurutik ateratzeko ariketak egiten dira, tartarako ez ezik, zati berdinetan banatu nahi den gauzatarako ere balio duela ikusteko. Ariketak egin, memorizatu eta testuinguru desberdinetan aplikatu.
Bi hilabete geroago, irakasleak zatitzaile komun handiei buruz hitz egin zigun, baina sekuentzia didaktikoa desberdina izan zen. Ez zuen tartarik hartu, eta zera esan zuen: “Zatitzaile komun handia da, entzun mesedez, oso garrantzitsua da, zatitzaile komun handia da…”. Kontzeptua deskribatu zuen, eta behin hori eginda, ariketak egin genituen. Baina inork ez genuen ulertzen zertarako balio zuen. Ez zuen ikasketa prozesuari buruz dugun ezagutza zientifikoa aintzat hartu, eta, gaur egun, Matematika ikasi dutenek salbu, inork ez du ulertzen zertarako balio duen zatitzaile komun handi horrek.
Beraz, ikuspegi globalizatzailea edukitzea errealitatetik abiatzea da; ikuspegi metadiziplinarioa da. Zeren abiapuntu horretatik, tartatik abiatuta adibidez, galdera asko sortzen dira: gustatzen zait ala ez?, nondik dator?, zer osagai behar dira tarta egiteko?, nondik datoz osagai horiek?, nolakoak dira herrialde horiek eta zer egoeratan bizi dira?, nola garraiatzen dira elikagai horiek? eta abar. Ikasgai batetik haragoko galderak sortzen dira, ikuspegia metadiziplinarioa da eta erantzunak aurretiko ezagutzaren araberakoak dira.
Proiektu globalizatzaileetan errealitatetik sortutako galderetatik, helburuetatik, gai interesgarrietatik eta abarretatik abiatzen gara zerbait konpontzeko edo ebazteko
Eta ikuspegi horretatik eratortzen dira proiektu globalizatzaileak.
Hala da. Arazoak dituen errealitate batetik abiatzen dira, zerbait eraikitzeko edo egiaztatzeko, eta, egoera erreal batetik abiatuta, hainbat ikasgaitatik datozen askotariko tresna metodologikoak erabiltzen dira. Modu horretara, egindako analisiaren ondoren, errealitatea hobeto ezagutzen dugu.
Beti egon dira gelan zer egin behar dugun gure ordez erabaki dutenak
Hezkuntza berrikuntzarako Aula aldizkarian (Aula de Innovación Educativa) idazten duzu, liburuak idatzi dituzu… Zuk uste duzu benetan gaur egun irakasleek irakurtzen dituztela lanbideari eta prestakuntzari lotutako artikuluak eta liburuak?
Zoritxarrez, nik uste dut irakasleen % 5ek baino gutxiagok sinesten dugula etengabe eguneratzea beharrezkoa den lanbide batean ari garela. Liburuarekin eta aldizkariekin gertatzen den gauza bera pasatzen da bitarteko digitalekin ere. 35.000 artikulu baino gehiago ditugu digitalizatuta, eta horietako askok sarrera librea dute unibertsitateetako irakasleentzat eta hezitzaileentzat.
Baina ulergarria da egoera. Kontuan hartuta zer eredutatik gatozen, beti egon dira gelan zer egin behar dugun gure ordez erabaki dutenak. Horren ondorioz, pentsamendu aplikatzailea daukagu. Hasteko, beste batzuk erabaki dute irakaskuntzaren eta eskolaren funtzioa zein den, administrazioko adituek. Haiek esaten digute zer irakatsi behar dugun, konpetentzietan oinarrituta irakatsi behar dugula, zein irteera profil lortu behar dugun. Gero, irakatsi behar dugun hori zer mailatan eta zer hiruhilekotan irakatsi behar dugun esaten digun beste aditu kolektibo bat dago; horiek argitaletxeetan daude. Irakasleen ekintza hezitzailea planifikatzen dute. Eta azkenik, gu gaude, besteek esan duten guztia aplikatzen dugunak.
Ez gaituzte pentsamendu estrategikoa izateko trebatu, diagnostikoaz eztabaidatzeko konpetentzia profesionalak falta zaizkigu, eta zer modutan lan egin behar dugun erabakitzeko ere bai. Zatitzaile komun handia irakasten dugunean, zergatik irakasten dugun orain eta ez lehenago edo beranduago galdetzen badigute, ez dakigu erantzuten, “orain tokatzen delako” esaten dugu, edo “beti horrela egin delako”. Baliabideak falta zaizkigu erabaki horiek defendatzeko. Aplikatzaileak izateko hezi gaituzte, eta aplikatzaileak ez du irakurri beharrik.
Aplikatzaile izateko hezi gaituzte, eta aplikatzaileak ez du irakurri beharrik
Zer egin daiteke irakasleek pentsamendu estrategikoa eduki dezaten?
Dantzatuz ikasten da dantzan, eta errezetak erabiliz ere bai. Baina errezetek nutrizionistaren ikuspegia eduki behar dute, eta ez sukaldariarena. Hots, zertarako balio duen eta zer zentzu duen jakin behar da, ez aplikatu soilik. Errezetak ulertu egin behar dira, eta testuinguru bakoitzean dagokion moduan aplikatu. Eta aplikatuz eta aplikatuz, praktikatu. Praktikatzea ezinbestekoa da. Estrategak eta aplikatzaile handiak izan beharko dugu, gauza biak.