‘BERTSOLARIEN IZEBERG-A. ZAINTZAREN BEGIRADATIK BERTSOLARIEN BIZITZEN AZTERKETA’ IZENEKO MASTER AMAIERAKO LANA AURKEZTU DU AKIZUK, ZAINTZAREN EKONOMIAREN ETA KULTUR SORKUNTZAREN ARTEKO PAREKOTASUNAK MAHAI GAINEAN JARRIZ.

Zein izan da, zehazki, master amaierako ikerketaren abiapuntua?
Nik bertsolaritza barrutik ezagutzen dut eta master amaierako lana bertsolaritzatik egin nahi nuen. Tutorea, berriz, zaintzaren ekonomian aditua da, eta bertsolaritzari zaintzatik begiratzea erabaki genuen, bertsolaritza eta kultura aztertzeko ikuspuntu berri bat izan zitekeelako. Bertsolari bizitza nola sustengatzen den jakin nahi izan dugu, hain jardun anomaloa izanik.Kultura bera enplegu bezala hartzen zaila da, erritmo desberdinetan mugitzen da eta hori bizitzako beste esparruekin nola uztartzen den jakin nahi izan dugu.

Ekonomia feministatik bertsolarien zaintza-lanei begiratzeko, zein dira aldagaiak?
Bata generoa, zalantzarik gabe. Adin- tartea mugatu egin genuen, eta baita bertsolaritza-esperientzia ere, ibilbidean zehar erritmoak ezberdin bizi baitira. Bestetik, sorkuntza ogibide duten bertsolari batzuk hautatu genituen eta beste batzuk afiziotzat daukatenak.

Zein izan dira ikerketa-lanaren ondorio nagusiak?
Teorikoki ikusi dugu kulturak eta zaintzak antzekotasun handiak dituztela, batetik zaintza ere enplegu bilakatu nahi dugu, baina era berean, zenbateraino nahi dugu merkatuaren parte izatea? Kulturak ere badauka dikotomia hori: duintzeko modua izan daiteke lan horri prezio bat jartzea, baina ez dugu nahi beste enplegu bat gehiago izatea. Nola izan sistemaren parte, sistema bera aldatu nahian ari zarenean? Zaintzak ere hori dakar: zaintza-lana monetizatu behar dugu? Argi dago zaintza-lana duindu behar dugula, emakumeen bizkar gelditzen baita. Kultura oso zaila da 8etatik 15etarako jarduera gisa mugatzea eta zaintza ere oso zaila da ordu horietan sartzea. Emakumeen presentziari dagokionez ere, bi esparruetan antzekoa gertatzen da: presentzia bikoitza daukagu zaintzaren esparruan, zaintzaz gain beste lan batzuk egiten ditugu, eta kulturan ere presentzia bikoitza daukagu. Teorikoki elkar-puntu batzuk dituzten gaiak direla ikusi dugu.

Estrategia oso desberdinak garatu dituzte belaunaldien arabera edo generoen arabera, bertsolariek sormena eta zaintza uztartzeko? Esan liteke gurasotasunak arrakala eragiten duela bertsolarien artean?
Bai. Guraso diren bertsolariak aztertu ditugu batik bat. Ikusi dugu emakume bertsolariek estrategiak bilatu beharra izan dituztela zaintza eta bertsoak uztartzeko, bertso saio bat onartu aurretik gauza asko lotu behar izan dituzte; edo jarduna eten beharra izan dute; edo haurra saioetara eraman eta lagunen bat edo bikotea ere eraman beharra izan dute; saio bati baietz esan aurretik estrategia oso bat lotu beharra izan dute. Gizonezko bertsolariek, aldiz, saio bati edo sorkuntza proiektu bati baiezkoa eman ondoren kudeatzen dituzte zaintza- lanak. Diferentziak badaude bai.