NEREA URBIZU | Musikaria

Ez da oholtzaren erdian agertzen delako ezaguna, baina berak eta Urko 
Oskozek sortutako ikuskizuna bai dela benetan ezaguna eta arrakastatsua. Nerea Urbizu lekunberriarra 'Ene kantak' proiektuaren kantuen sortzailea da eta baita aurtengo Korrikan ahoz aho ibili den 'HitzEkin' kantuarena ere.

Bakoitzak bere gaitasunak edo dohainak ditu. Edo estrategiak edo entrenamendua. Eta Nerea Urbizuk argi dauka ez zaiola batere erraza egiten helduentzako abestiak egitea. Txikiekin kontaktu gehiago izan du irakasle izan delako, ama delako edo beti umez inguratuta egon delako. Umeen beharrak ikusi ditu eta haien mundura gerturatzea errazago izan du. Eta hurbildu, abestien bitartez hurbildu da, kantuen bidez erantzun die umeen galderei eta beharrei, euskarazko hitzekin jantzi ditu haurrentzako melodiak.

Zuri entzuna da kasik derrigorrez edo ezinbestean hasi zinela musika ikasten, eskolaz kanpoko beste eskaintzarik ez zegoelako Lekunberrin pelota kenduta. Hura izan al zen musikarekin izan zenuen lehen harremana ala etxetik ere bazetorkizun?
Gure aitak beti esaten du musikari frustratua dela txikitan musika ikasteko aukerarik izan ez zuelako. Abesbatzan kantatu zuen Zegaman, koruan-
edo, baina instrumentu bat ikasteko aukerarik ez zuen izan. Hori arrastaka zeraman eta seme-
alabok ikastea nahi zuenez, halaxe hasi ginen. Lehenengo Gorka anaia; ni baino zaharxeagoa da eta hari “zuk akordeoia ikasiko duzu” esan zion. Gero niri “zuk pianoa ikasiko duzu” esan zidan 8 urte nituela eta Richard Clayderman-en kasete bat erosi zidan. Anaiari Enrike Zelaiarena erosi zion. Maitane ahizpa gazteena zeharkako txirularekin hasi zen eta gero bateriarekin, trikitixarekin eta abar esperimentatzen aritu zen. Testuinguru horretan urtebete egin nuenean pianoa ikasten, piano bertikal bat erosi zidaten. Eta horrela hasi nintzen. Baina ez pentsa gogo handirik nuenik. 

Musika eskolan hasi aurretik, etxean batez ere kantua ikusi genuen. Ama oso kantaria zen, beti zebilen kantuan. Artazukoa da, Gares ondokoa, eta gaztelerazko errepertorioa zeukan: Chiquillo no tires piedras, Ines, Inesita, Ines eta elizako kantak. Hori zen errepertorioa: nafarra eta gaztelarra. Aitak, berriz, Binbili-bonbolo eta horrelakoak. Bi horietatik edan dut.

Giro horretan, etxean elkarrekin jotzeko edo abesteko ohiturarik bazenuten?
Bai, bai, aitak instrumentua joarazten zigun haren anai-arrebak etortzen zirenean, “ea Nerea, jo ezazu pieza bat” esanez. Ez genuen gogo handirik izaten. Gorkak akordeoia jotzen zuen eta hark agian errepertorio egokiagoa zuen akordeoia kaleko instrumentua delako. Baina nik pianoarekin... Ez da kaleko instrumentua, serioagoa da, intimoagoa, eta nik sufritu egin nuen, batez ere errepertorioarekin. Zer jo behar nien 14-15 urterekin, pianoko 7. mailan ikasten ari nintzen kantu bat?


Oso-oso polita da inspirazioarekin lan egitea, hegan pasatzen zaizu melodia harrapatzea


Grina handirik gabe hasi zinen, eta hara non, musikan murgilduta eta hortatik bizitzera iritsi zaren. Uneren batean aldaketaren bat egongo zen.
Bai, nik uste dut motibazioa izan zela. Pianoko 6. mailan nengoenean, Barañainen 15-16 urterekin, irakasleak nirekin asmatu zuelakotz. Nire onena atera zuen, errepertorioarekin asmatu zuen eta pila bat motibatu nintzen. Oso emaitza ona lortu nuen eta ilusionatu egin nintzen. Horri heldu eta musikara bideratu nituen nire ikasketak eta ibilbidea. Piano ikasketak egin nituen Donostian eta musikako irakasle ikasketak Iruñean. Aldi berean, Lekunberriko musika eskolan hasi nintzen 4-7 urteko umeei musika irakasten eta 24 urtera arte jarraitu nuen.

Ikasketak amaitutakoan dena utzi eta kazetaritza lanetan aritu nintzen Tolosaldeko Hitzan. 2009tik 2018ra, berriz, musika irakasle gisa jardun nintzen Nafarroan eta 2011. urtean Ene Kantak proiektua sortu genuen Urko Oskozek eta biok. Bi lanak uztartuz ibili nintzen 2018ra arte eta urte horretan EITBrekin hasi ginenez, irakasle lanak utzi eta horretan nabil orain. Beraz, bai, musikatik bizitzen bukatu dut.
 

‘Ene kantak’ proiektu arrakastatsuan zure lana abestiak sortzea eta konposatzea izan da. Nondik abiatzen zara kantu bat sortzeko?
Hasieran abiapuntua Urkorena izaten zen. Hitza eta melodiatxo bat ekartzen zizkidan grabatuta eta nik hori garatzen nuen, doinua ahalik eta gehien errespetatuz. Pianoaren aurrean jarri eta akordeak jartzen nizkion. Oso hitz motzak ziren eta nik pixka bat gehiago gehitzen nituen, errepikatu, egitura pixka bat zehaztu, harmonizatu, moldaketak egin... Azkenean lan matematiko bat bezala da: nota bakoitzari zer doakion ikustea. Normalean oso barneratuta ditugu hainbat melodia eta melodia segida. Gure belarria kanon batzuetara egina dago eta horra jotzen dugu. Abestia hortik asko aldentzen bada, utzi egiten dugu. Nik beti esaten dut abesti batek oinarrian gauza ezagun bat izan behar duela sorpresa batekin.


Nire kantuak ume gehienek kantatu ditzakete, tonua umeentzat egokia da; hori asko zaintzen dut


Telebistan egunero saio bat egiten duzue eta urtean 18 abesti. Sortze prozesua desberdina da?
Nire lana, EITBn, urtean gai eta balore batzuen inguruko 18 abesti sortzea da. Antolaketa honekin, orain egiten ditudan kantuak laborategikoagoak dira. Lehenago, irakasle nenbilenean, gaueko 12etan melodia bat etortzen zitzaidan, paper batean idazten nuen eta hurrengo egunetan garatzen nuen. Orain, goizeko 8:00etan esnatzen naiz eta “gaur kantua egitea tokatzen da; ea ba nola”.

Azkenaldian hitzetatik abiatzen naiz, badakidalako zeri buruzko kantua izan behar den eta horrek eramaten nau kantua egitera. Hitz edo gai horrekin zer esango dut? Zerbait gertatuko da? Jolas bat izango da? Moraleja eduki behar du? Zer funtzio izango du kantu horrek?

Hori argitutakoan, hitz gako bat hartu eta sonoritate aldetik behatzen dut: hitz hori esateko moduak erritmo bat ematen dit, azentuazio bat, eta horrek leloa egitera eramaten nau. Gero, pianoaren aurrean esertzen naiz eta akorde segidak jotzen hasten naiz eta baita erritmoak probatzen ere. Bateria entzuten saiatzen naiz, abestiak zer abiadura eta zer patroi izango dituen erabakitzeko eta horren gainean melodia segida bat osatzen dut hiru-lau akorderekin jolastuz eta bosgarrenean sorpresa efektua sartuz: abiadura aldaketa, melodia aldaketa, geldiune bat espero ez denean...

Nola sentitzen zara laborategiko kanta bat egiten edo askeagoa den beste bat?
Alde batetik, pribilejiatua sentitzen naiz musika egiteagatik ordaintzen didatelako. Hori sekulakoa da, denek ez baitute aukera hori. Kantuak egiteagatik soldata izatea amets bat da. Baina egia da freskotasuna galdu egiten dela. Epe edo muga batzuk dituzu kantua egiteko eta ez zara horren aske. Beste modura, gaueko 12etan ohean zaudenean, melodia bat etorri, flexoa piztu, papera hartu, bost marra egin, idatzi eta kito, biharko ez zait ahaztuko. Hori oso-oso polita da, inspirazioarekin lan egitea da, hegan pasatzen zaizun melodia hori harrapatzea. Beste modura ere inspirazioa etortzen da, baina ez beti.


”Paperean irakurrita baino errazago gelditzen da buruan abesti bidez ikasitakoa” 


Nola definituko zenituzke umeentzat egiten dituzun kantuak?
Gehienetan beharrei erantzuteko jo dut abestiak sortzera. Adibidez, alaba batek ilargiaz galdetu zidan eta ilargiari kantu bat egin nion. Kantu asko eskolan erabil daitezkeenak dira: zenbakiak, koloreak, formak, animalienak, sinonimoak eta antonimoak... Hitzen leloak errazak dira errepikapena dutelako. Motzak eta sinpleak dira, eta oso-oso zaila da gauza sinple on bat egitea, oso. Musikalki tesituragatik ume gehienek kantatu ditzakete, tonua umeentzat egokia da, hori asko zaintzen dut.
 

Ilargiaz galdetu eta hitzezko azalpen bat eman ordez abesti bat sortu zenuen. Adierazteko bitarteko bat da zuretzat musika?
Bai. Musika tresna bat da, adierazteko eta ikasteko tresna bat bezala ikusten dut. Ume guztiak desberdinak direla eta desberdin ikasten dutela ikusten dut. Musika beste adimen bat da, buruan daukagun beste zaku bat eta loturak egiteko beste tresna bat. Ikasteko lagungarri eta osagarri izan daiteke, abestiaren bitartez modu ludikoagoan ikas daitekeelako. Imanol Urbietak Erdi Aroari buruzko abesti bat egin zuen eta kantu hori entzunda betirako gogoratzen dira zalduntxoa, mahastigintza eta abar. Nik uste dut paperean irakurrita baino errazago gelditzen dela buruan abesti bidez ikasitakoa. Eta adin guztietarako balio beharko luke. Ez da erraza zatiketei buruzko kantu bat egitea, baina lanketa egin beharra dago. Hizkuntzak lantzeko, hainbat esapide barneratzeko, esaera zaharrak lantzeko... balio dezake musikak.

Alabekin autoan zoazenean, zer entzuten duzue umeen musika ala helduena?
Denetik, txandatu egiten dugu. Gure gustukoa jartzen dugunean, saiatzen naiz irizpide batekin jartzen, ez diet edozer gauza jartzen. Melodiak asko gustatzen zaizkit, ahotsak mugitzea. Emakumeen ahotsetara asko jotzen dut, ikaragarri gustatzen zaizkit, adibidez, Adele, Amy Winehouse, Nina Simone, Zea Mayseko Aiora, Anari... Belarria hezteko eredu onak direla iruditzen zait.