KRISTINA GOÑI | BAZTAN HAUR ESKOLAKO HEZITZAILEA ETA BIDELAGUNA 

Ziur nago, aunitzi izenburua irakurri eta berehala, sudur gorri maitagarri bat etorri zaizuela burura; nik behintzat, Porrotxi entzun izan nizkiolako lehenbiziko aldiz aipatutako hitzak. Zer-nolako mezu sakona hain hitz gutxitan, zer-nolako hitz-joko xarmangarria.

Esaldia entzun nuen egunetik, aunitzetan erabili izan dut egunerokoan; hezkuntza komunitatean ez ezik, bai alabei, bai lagunei... zuzenduz. Bizitzako sekretutxo bat kontatzen ari naizen sentsazioa izan ohi dut, eta niretzat hainbertzeko balore eta mami duen esaldia nire ingurukoekin elkarbanatzea plazer hutsa da, hitzetara mugatzetik urrun, praktikan jarriz.

Duela gutxi, hiru eguneko formakuntza bat ematen egon nintzen eta, beraz, ezin izan nintzen haur eskolara azaldu. Laugarren egunean, ordea, egunerokoari eutsi nionean, bizipozez bete ninduen harrera izan nuen haur eskolan. Haurrak, familiak, lankideak... ikaragarri aberastu ninduten, norberak bere modura; irribarreekin, begiradekin, besarkadekin, hitz goxoekin... Etxera iritsi eta sentitutakoari buruz hausnartzen ari nintzela, lagun on baten hitzak etorri zitzaizkidan burura: “Badakizu Kristina, emanez gero, jasoko dugu... eta zuk aunitz ematen duzu”. Buruan klik egin eta horra hor, Porrotxi aspaldi entzun nion esaldia: eman eta jaso, jaso eta eman.

Erabat maitemintzen nauen hitz-jokoa da eta erraterako, egoera aunitzetan hausnartzera eramaten nau, alde batetik, nire buruari buruz, eta bertzetik, haur eskolari buruz.

Ikerketa aunitzek diote, lehenbiziko inpresioak eragin handia duela gure jendartean eta nonbait, zorionez edo zoritxarrez, gure lanean jendearekin egon behar dugunok, gure gorputz-espresioa, gure jarrera, portaera, begiradak, hitzak... zaindu beharra ditugula pentsa-tzen dut.

Aipatutakoa kontuan hartuz, nire hausnarketaren hazira iritsi gara: harrera momentura. Eguneko lehen inpresioa izan ohi da eta baliteke, kasu aunitzetan, eguna baldintzatzea. Pentsa dezagun, nola egiten dugu egunero harrera? Prest ote gaude haurrak eta familiak agurtu eta eskolan ongi etorria emateko? Nola prestatzen gara eskolara joan baino lehen? Nolakoa da nire portaera haurrarekiko zein familiekiko? Zer adierazten dut nire gorputzarekin? Irekia al nago heldu diren egoera ezberdinei erantzun edota aurre egiteko? Nire hitzak, begiradak, ukimena... zaintzen al ditut? Harrera momentua epaitu gabe egiten al dugu? Familiei, haurrei... entzuten al diegu? Hurbiltasuna eta goxotasuna transmititzen al dugu?

Azken finean, eta laburbiltzearren, ezagutzen al dut nire burua? Lanketa pertsonal ikaragarria zor diogu haurtzaroari, baita ingurukoei eta bizitzari ere. Norberak bere burua ezagutu ezean, kostata ulertu, entzun... eta izango delako haurren bidelagun. Eta azken finean, kostata ulertuko dugulako “eman eta jaso, jaso eta eman” esaldiak gordetzen duen sekretua.