BIODANTZA ESKOLAN
Eskolan Biodantza lantzeko dinamika ezberdinak proposatzen dituzte Elen Kortaxarena eta Eider Zuriarrain Biodantza emaileek. Edozein alderdi eta mailatan lantzeko proposamenak egiten dituzte, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino. Diotenez, gorputz adierazpena lantzearekin batera, garapen pertsonalerako ere balio duelako Biodantzak.
Hezkuntza prozesuak esanguratsuak izan daitezen, pertsona osatzen duten hiru oinarriak bateratzea ezinbestekoa da Elen Kortaxarena eta Eider Zuriarrain Biodantza emaileen ustez. Sentitu, pentsatu eta egin aditzak eskutik helduta ulertzen dituzte, alegia, emozioak, pentsamenduak eta gorputza bateratzea ezinbestekoa iruditzen zaie irakaskuntza prozesuak –eta bizi prozesuak oro har– esanguratsuak izateko. Hori lortzeko Biodantza erreminta oso aberatsa delakoan daude eta gorputza irakaskuntza-prozesuan txertatzeko baliabideak eskaintzen dizkiete ikastetxeei. Edozein alderdi eta mailatan lantzeko proposamenak egiten dituzte, bai Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta baita Batxilergoan ere. Azpimarratzen dutenez, “irakaskuntza prozesuan gorputzaren presentziak edozein arlotan egon behar du. Gauden lekuan gaudela, ez baikara gorputzetik banatzen”. Ikasleekin gorputz esperientziatik abiatzen diren prozesuak lantzeko oinarri metodologiko modura ulertzen dute Biodantza beraien zereginean. Baina zertan oinarritzen da Biodantza? Eider Zuriarrainek azaltzen duenez, “gorputz adierazpen sistema bat izateaz gain, garapen pertsonalerako ere bada Biodantza; talde testuinguru batean, musika eta mugimendua, eta ariketa antolatuaren bitartez, gure gaitasun naturalak garatzeko aukerak eskaintzen dizkigun teknika bat da Biodantza”. Izan ere, bizi dugun jendartean “pentsamenduaren garrantzia” gailendu dela aipatzen dute Kortaxarenak eta Zuriarrainek, “gorputzaren eta emozioen kontzientzia eta adierazpenaren gainetik”. Hori dela eta, gorputz esperientziatik abiatzen diren ikaste-irakaste prozesuak berreskuratu nahi dituzte eta bizipenetan oinarritutako ikasketa esanguratsua sustatu. Zuriarrainen arabera, “inoiz baino gehiago bizi gara kanpora begira, eta gure arlora ekarrita, oinarrizko hezkuntzan norbere barrura begiratzeko lanketa egitea behar-beharrezkoa dela uste dugu, oinarri-oinarrizkoa. Gainera, etorkizuna ziurgabea den aldi honetan, are gehiago”. Alderdi fisikoa, psikikoa eta emozioanala gogoan hartuz, haien arteko sintonia bilatu nahi dute, “organismoari bere osotasunean heltzeko” dio Kortaxarenak eta honakoa gaineratzen du: “Organismoa behar bezala koordinatuta eta sintonizatuta dagoenean, oso emankorra da bere ekintzetan. Aldiz, gorputzak, pentsamenduek eta emozioek, bakoitzak bere aldetik jotzen dutenean, edo beraien arteko borroketan dabiltzanean, organismoa erdibitu, indargabetu eta ilundu egiten da”.
Ikastetxeen beharretara
Biodantza oinarri hartuta, harremanen kalitatean gorputzaren garrantzia lantzeko era askotako proposamenak egiten dituzte, hasi Haur Hezkuntzatik eta Batxilergoraino. Egiten duten baliabideen eskaintza, dena dela, ikastetxe bakoitzaren beharretara egokitzen dutela aipatzen dute: “Bakoitzaren beharrak entzun eta ondoen egokitzen zaizkien saioak prestatzen ditugu”. Kopuruari dagokionez ere behar bakoitzaren arabera egokitzen dira, nahiz eta beraiek sei saiotako proposamen egituratu bat garatuta daukaten. “Proposamen orokor bat egina daukagu, sei saiorekin. Astero saio bat egiten da eta aste horretan zehar saioan izandako bizipenak txertatzen joaten dira”. Proposamenean jasotzen denez, lehen bi saioak norbera bere buruarekin erlazionatzeko dira; hurrengo bi saioetan norberak besteekin dituen harremanei erreparatzen zaie; eta azken bi saioak norbera taldearekin edo munduarekin erlazionatzeko dira. Biodantzaren bidez ikasleekin gorputzetik landu daitezkeen gaiak, berriz, ugariak izan daitezke. Besteak beste, honakoak proposatzen dituzte Kortaxarenak eta Zuriarrainek: zehar konpetentziak gorputzaren bidez lantzeko saioak, bullying-ari aurre hartzekoak, hezkidetza lantzekoak, talde giroa hobetzekoak, sexualitateari buruzkoak, drogomendekotasun prebentzioaren ingurukoak, nerabezaroa eta identitatea lantzeko saioak, zentroko elkarbizitza-planeko helburuak bizipenetara ekartzeko saioak, edota irakasleei eta gurasoei zuzendutakoak. Kortaxarenak aipatzen duenez, biodantza oinarri duen proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak indarrean dituen hainbat egitasmo lantzeko garaian osagarri izan nahi du. Berak dioenez, “hain zuzen ere, Heziberriko oinarrizko konpetentzietan, Hezkidetzako 2019-2023 planean eta bullying-aren aurkako Bizikasi proiektuan jorratzen diren hainbat helburu lantzeko erreminta gehigarria izan nahi du gure proiektuak”. Gorputza eta mugimendua, guztiok sortzetik bertatik geure geureak ditugun elementuak dituzte lanabes. “Hori guztia norbere buruaren ezagutzan sakontzeko eta besteekin eraikitzen ditugun harremanetan trebetasunak eskuratzeko, taldean elkarlana sustatuz eta konfiantza berreskuratuz”. Dantzaren bidez gorputza mugituz, baina bizitzaren erritmoan.
Biodantza eskolan txertatzeko proposamena
Harremanetarako: Elen Kortaxarena Gesalaga Telefonoa: 653 709 924 E-posta: biodantza.elen@gmail.com Eider Zurriarain Bergara Telefonoa: 649 108 698 E-posta: biodantza.eider@gmail.com
Hezkuntza arlorako eskaintza: Biodantza oinarri metodologiko gisa hartuta, edozein alderdi lantzeko proposamenak Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino.