Emozioak identifikatzea, izendatzea eta kudeatzea da hezkuntza emozionalaren funtsa, Rafael Bisquerra Bartzelonako unibertsitateko adituaren arabera. Haurraren ongizate osorako funtsezko jotzen du ongizate emozionala, eta horretarako, hiztegia eta baliabideak behar dituzte ume-umetatik. 

Denbora azkarregi doan garaiotan ia luxu bihurtu zaigu gelditzea. Alta, haurren heziketak beste abiadura bat eskatzen du, sosegua eta pausa behar baititu. Eta helduok ez baldin bagara haurrak behatzera gelditzen, euren erritmora jaisten ez baldin bagara, tarteka-marteka behartu egingo gaituzte gelditzera eta behatzera. Batzuetan, urte gozo hauetan, hitzez esango digute seme-alabek edo ikasleek gelditzeko eta laguntzeko, gertatzen ari zaiena kudeatzeko laguntza behar dutela, baina, beste batzuetan, kasketa, negar-saio, kolpe, edo haserrealdi forma har dezake haurraren laguntza oihuak. Emozioak dira, haurrari berari ez ezik, ondoan dituen gurasoei eta hezitzaileei ere mezuak bidaltzen dieten emozioak dira: “Adi, arreta jarri!”.

Emozioak geurekin ditugu jaiotzen garenetik (oinarrizko emozioak bederen, hala nola, beldurra, amorrua, poza, tristura, nazka eta ezustekoa) eta uste da gizakia gizaki denetik ez direla aldatu. Alabaina, haur zein heldu, barnebiltzen gaituzte emozioek eta uneka, kontrolatzen ez dugun egoeretara eraman gaitzakete: lotsagorritzen gara, urduritasunaren aurrean izerditzen dugu, egoera atseginetan irribarre egiten dugu, haserretzean oihu egiten dugu… Emozioak gorputzaren seinale elektrikoak eta fisikoak dira, eta garunari zerbait gertatzen dela adierazten diote, emozioen helburua komunikatzea, eguneroko egoerei aurre egitea, borrokarako edo iheserako prestatzea, mina saihestea edo plazera bilatzea baita. Beraz, oihu, jo, negar, barre, egiten digun ume hori emozioak bizitzen ari da, eta helduon esku dago emozio horiek modu egokian edo desegokian kudeatzen ikasten laguntzea.

Rafael Bisquerra Bartzelonako unibertsitateko katedradun emeritoa da eta 90eko hamarkadatik emozioen ikerketara bideratu du bere ibilbide akademikoa. Haren ustez, haurrari hizketan, irakurtzen, idazten edota matematiketan ikasteko laguntza eman behar zaion neurri berean, emozioetan hezten lagundu behar zaio. “Emozioak funtsezkoak dira; emozioetan dagoelako gure bizitzako onena eta txarrena, hala nola, beldurra, antsietatea, larritasuna, estresa, depresioa, tristura, amorrua, sumindura, bortizkeriarako joera… baina baita, poza, maitasuna, bozkarioa, alaitasuna, lasaitasuna, oreka, baretasuna, sosegua, elkartasuna, harmonia, barne bakea eta, funtsean, zoriontasuna; bizitza honetan bilatzen dugun horixe, azken batean”. Kontua da, ordea, Bisquerraren arabera, “analfabetismo emozionalean” heziak izan garela urtetan, eta orain guraso edo hezitzaile izatean, lehendabizi helduok ikasi behar dugula "emozioen alfabetoa", ondoren haurrei erakusteko: “XIX. mendean hezkuntza soilik eliteen esku zegoen, eta XX. mendeko erronka hezkuntza demokratizatzea izan da eta lortu dugu, XX. mendearen bukaeran hezkuntza orokortu egin baita. Baina hezkuntza garapen kognitiboan soilik oinarritu da XX. mendean, eta orain, XXI. mendeko erronka dugu hezkuntza kognitibotik dimentsio emozionalera igarotzea”.

Zergatik hezi haurrak emozioetan? 
Bisquerrak argi dauka, “pertsonaren ongizate integralerako funtsezkoa delako ongizate emozionala zaintzea. Ez dago ongizate fisikorik, mentalik, ez dago garapen sozialik eta profesionalik, ez dago ikasketarik emozionalki ongizaterik ez baldin badaukagu, edo bederen, asko kostako da”. Adibide argia jartzen du, “sumindurak hartuta dagoen haurrak garuna okupatuta dauka haserrean eta ezin du ikasketan arretarik jarri. Emozioak kudeatzen ikastean bizitza honetako leziorik garrantzitsuenetakoa geureganatuko dugu”. Baina pertsonaletik harago, "bizikidetzaren mesedetan" ere garrantzitsua da heziketa emozionala: "Eskolan, familian eta herrian hezi behar dira haurrak eta helduak emozioetan, hori bizitza osorako irakaspena baita”.  

Lehen haurtzaroan hasi beharko luke, Bisquerraren aburuz, hezkuntza emozionalak. Baina urte gozoen garaia ere funtsezkotzat jotzen du, haurrak bizi dituzten emozioez jabetzen hasteko: “Haurrei emozioen kontzientzia hartzen ikasten lagundu behar diegu; lehendabizi, bizi dituzten emozioez jabetzen lagundu behar diegu, eta, horretarako, hiztegi emozional bat osatzen lagunduko diegu. Aurretik ere badakite zer den amorrua, tristura edo alaitasuna, baina izendatzen lagundu behar diegu”. Nola? “Lehenik eta behin, eredu izanaz, eta geure emozioen berri emanaz”. Horrez gain, Bisquerrak ontzat jotzen ditu emozioak izendatzeko dauden baliabide eta joko ugariak: “Hiztegi aberatsa edukitzeak emozio bakoitza identifikatzen eta horrek dituen korrelatu neurologikoez jabetzen lagunduko dio haurrari”.

Haurrak, demagun, identifikatu duela adiskidearen ezezko baten aurrean, bihotza azkartu zaiola, muskuluak tenkatu zaizkiola... haserrea sentitzen duela eta laguna jotzeko eskua altxatzen duela... “Haurrak jakin behar du gustukoa ez duen jokabide baten aurrean haserretzeko eskubidea duela, bere amorrua ateratzeko eskubidea duela, baina horrek ez dio baimenik emango inori min emateko”. Bisquerraren arabera, horixe da erregulazio emozionala lortzeko lehen urratsa. Bisquerrak erregulazioa eta ukazioa bereizten ditu: “Ez diogu haurrari emozioa ukatuko; ez diogu ‘ez zaitez haserretu’ esango, baina ez diogu haserre hori beste norbaiti min emanaz kanporatzen utziko”. Emozioaren ukazioa deskontrola bezain kaltegarria izan daiteke, Bisquerraren ustez: “Helduak mugak jarri behar dizkio, emozioak kanporatzeko moduak eskaini behar dizkio, min emateko jokabideak mugatuz”. Eta berriro, nola? Izan ere, emozioak modu egokian kanporatzea da hezkuntza emozionalaren bigarren gako garrantzitsuetako bat. “Teknikak, baliabideak, tresnak aurrez landu behar dira, izan arnasa lasai eta sakon hartzea, izan mugimendua, marrazki bidez amorrua kanporatzea, edo lasaitzeko beste teknika batzuk aurrez entrenatu behar dira, leherketa uneak ez dira teknikak proban jartzeko momentuak”.

Emozioez jabetzea, identifikatzea, izendatzea eta modu egokian kanporatzen ikastea izango litzateke hezkuntza emozionalaren funtsa. Bisquerrak hezkuntza emozionala biolentziari aurre hartzeko estrategia gisa ikusten du: “Bizi dugun biolentzia mota ia guztien iturburuan amorrua dago, modu egokian erregulatzeko gai ez garen amorrua. Amorrua diogunean, emozioen familia bati buruz ari gara, hira, sumindura, haserrea edota gorrotoa barnebiltzen dituena. Banaka eta taldeka emozio horiek modu egokian bideratzen ikasiko baldin bagenu, biolentzia kasu asko prebenituko genituzke”. Bisquerraren arabera, beste helburuetako bat “frustrazioarekiko tolerantzia igotzea” izango litzateke. “Haur batek frustrazioarekiko tolerantzia txikia baldin badauka eta inpultsibitate eta oldarkortasun maila handia baldin badu, erregulatzeko tresna aproposak eskuratu ezean, nerabezaroan leherkari koktel handi bat izango du bere baitan”.

Emozioak izendatzeko hiztegi zabala ezagutarazteaz gain, emozioak kanporatzeko modu mingarriak saihesteko tresnak erakusteaz gain, ongizate emozionala dakarten esperientziak sustatzea gomendatzen du Bisquerrak, ongizate emozionala dakartenak, harmonia, oreka, sosegua, barne bakea, eta funtsean zoriontasuna dakarten emozioak. “Ongizate emozionala zoriontasunetik gertuen dagoen egoera da, baina alaitasuna eta poza ez bezala, barnetik eraiki behar da, autoezagutzatik eta barnera begiratzetik eraikitzen da, gure jarreren gaineko erabakiak hartzeak ekarriko digu, eta hori txikitatik elikatu behar dugu”.


Emozioak kudeatzeko teknikak

Teknika ugari daude emozioen bulkadak kontrolatzen ikasteko. Izan poz handia edo haserrea, emozio bulkadaren une gorena ez da egokia izango ezelango erabakirik hartzeko. Adibidez, parkean laguntxo berria ezagutu eta poz-pozik, sabelean tximeletak sentitzen dituen haurrak, panpin maiteena oparitu nahi dio ezagutzen ez duen lagun berriari; bada, apur bat lasaituz gero, sosegatuta, oparituko al lioke hainbeste maite duen panpina? Une horretan, akaso, gurasoaren hitzek balioko dute haurra lasaitzeko, baina haserrealdiak, sumindurak edo hirak gain hartu dionean, bestelako tresnak baliagarriago izango zaizkio, Rafael Bisquerraren arabera. Ugariak dira haurrekin erabil daitezkeen teknikak: mindfulnessa, yoga, botila lasaigarriak; mugimendua, dantza edo kirola; marrazkia, arte espresioa… Bisquerrak Dortokaren Teknika proposatzen du. “Haur txikiekin eta ez hain txikiekin ongi funtzionatzen duen teknika da dortokarena. Aurrez dortokaren historia ezagutu behar dute haurrek:
"Dortoka txikiari bakarrik edo lagun minekin jolastea gustatzen zitzaion, marrazkiak egitea ere gustatzen zitzaion. Baina eskolan ez zuen beti ongi pasatzen. Eserita eta isilik egon behar hori ez zitzaion erraza egiten, eta gelakideek berak nahi zuen jostailua hartuz gero, edo nahi gabe bultza egiten bazioten, dortoka ikaragarri haserretzen zen eta askotan jo edo oihu egiten amaitzen zuen. Horregatik, bere gelakideek ez zuten berarekin jolastu nahi izaten. Dortoka triste zegoen, ez baitzekien haserretzen zenean nola lasaitu. Behin batean, 300 urte zituen dortoka zahar eta jakintsu batekin egin zuen topo, eta hark lagundu zion: 'Soluzioa zeure baitan dago. Haserretzen zarenean eta lasaitu ezin duzunean, sartu zeure oskolean eta hor lasaituko zara. Ni oskolean sartzen naizenean, hiru gauza egiten ditut: 1) gelditu egiten naiz, 2) arnasa sakon hartzen dut gutxienez bost aldiz eta 3) arazoa zein den pentsatzen dut eta konponbidea bilatzen dut. Bi dortokek behin eta berriz praktikatu zuten, eta hurrengo egunean dortoka txikiak eskolan praktikan jarri zuen bere gelakide batek bultza egin zionean. Sentitu zuen eskuak berotzen ari zitzaizkiola, bihotza azkartzen… eta  oskolaren barruan sartu zen gelditu, arnasa hartu eta kanpora ateratzeko prestatzeko. Oskoletik atera zenean, andereñoak irribarre egin zion, haserretuagatik ez baitzien, ohi zuen bezala, lagunei jo”.

Ikasgelan edo etxean dortokaren espazioa ezartzea proposatzen du Bisquerrak. Eta beste teknikaren bat erosoago izango bada, horri berorri lekua egitea proposatzen du: “Amorrua sentitzen dutela ohartzen direnean, dortokarena egitera joatea gonbidatuko ditugu, eta oskola barruan sartzeak erlaxatzea, lasaitzea eta norberak bere oldarkortasuna kontrolatzea esan nahi du. Haurrek tresnak behar dituzte".