Nerabezaroa garai zail gisa bizitzen da jendartean, baina Elorri Garat psikologoak dio gurasoek bizitzen dutela horrela, nerabeek ez. Nerabeentzat leiho irekitze bat den bitartean, gurasoengan leihoa ixteko gogoa eragin dezake. Psikologoak harreman berrian ongi kokatzeko aholkuak ematen ditu.

Nerabezaroan, 0-3 urte bitartean bezala, hiru aldaketa nagusi bizitzen dira: aldaketa psikologikoak —indentitatearen eraikuntzan eta esperimentazioan— aldaketa fisikoak eta aldaketa sozialak. Aldaketa guztiek desoreka eragiten dute familian, Elorri Garat psikologoak azaltzen duenez: “Gure haurrekin harreman bat genuen, eta aldatzen doazen heinean, harremana ere aldatzen da eta horrek beldurrak sorrarazten dizkie helduei eta gurasoei”.

Norberaren identitatearen eraikuntzan garrantzi bera izan arren 0-3 urteek eta nerabezaroak, Garatek dioen moduan, “jendartean nerabezaroak beldur anitz eragiten ditu eta guraso gisa hastapenetako urteak baino kezka eta urduritasun gehiagorekin pasatzen da nerabezaroa. Zeren haurra handitzen ari denez, gero eta momentu gehiago pasatzen ditu gu gabe —normala den bezala— eta ‘huts egiten’ ditugun momentu horiek edo ikusten ez ditugun une horiek gure kontroletik desagertzen dira. Beharbada lehenago genuen kontrola ilusioa baizik ez zen, baina orain, ez garenez hor, iduritzen zaigu arrisku gehiago dela”.

Aldiz, nerabeek urte horietan intentsitate handiko emozioak eta poz handiak bizitzen dituzte, “eta aski baikorki deskribatzen dituzte bizitzen dituzten momentuak”. Plazerak eta lagunekin partekatzen dituzten momentuek sekulako tokia hartzen dute, “eta biziki baikorra den garai bat ere bada”, eransten du Garatek. “Erran daiteke biziari irekitzen zaion leiho bat zeharkatzen dutela eta dena posible den momentu bat dela. Sekulako proiektuak, ideiak eta gogoa dituzte eta ilusioa sortzen dien garaia da: nor diren xerkatzen edo ikertzen dute, esperimentatzen dute... Badira dudakoak eta irrigarriak diren momentu batzuk, baina biziki on egiten duten estimulazioak dira”.

Gurasoak, leihotik zeharkaldiari begira
Nerabeek leihoa ireki eta zeharkaldia egiten duten bitartean, gurasoak so gelditzen dira, eta beste begi batzuekin ikusten dute garai hori. Ondorioz, hitz eta portaera batzuetan tronpatu egin daitezke gurasoak, eta egoera horietaz ohartarazten du Garatek, zein jarrera eta hitz diren egokiak eta zein ez argituz.

- Esperientziak kontatu vs bizitu: nerabezaroan bizi den garapen psikologikoa eta identitate xerkatzea ez da aldatu gurasoen garaitik gaur egunera, prozesua berbera da. “Guraso gisa, bizia esplikatzen hasten gara, guk zeharkatu genuena esplikatzen, akats bera egin ez dezaten: ‘ez duzu hori entseatu behar, ni hara joana naiz eta ez du balio’ erraten diegu. Eta hor tronpatzen gara, esperientzia ez baitute hitzek ordezkatuko, nerabeek ere esperientzia beharrezkoa dute, eurena. ‘Baina ni ez naiz zu’ erraten digute sarri, arrazoiarekin”.

- Kontrola vs babesa: guraso batzuei —ez guztiei eta ez denei ber momentuan— kontrolatzeko gogoa sortzen zaiela dio psikologoak. “Baina bada desberdintasun bat kontrolaren eta babesaren artean”, ohartarazten du. “Guraso gisa ikasi behar duguna da erraten ‘ni hor naiz,  behar baldin badugu hor naiz, beti hor izanen naiz’. Guk koadroa segurtatzen dugu, baina gero koadroaren barruan gertatzen dena ez dugu kontrolatzen ahal eta beharrik, zeren esperientziak bizi egin behar dituzte”.
 

- Komunikazioa, hitz egin vs entzun: komunikazioa garrantzitsua da, baina Garatek komunikazioa baino gehiago azpimarratzen du entzutea, “entzun, entzun eta entzun. Zeren erraten dugularik behar dela nerabeekin mintzatu, batzuetan tronpatzen gara eta helduak bakarrik gara mintzo, helduok dugu espazio guztia okupatzen. Gu mintzatu ordez, hobe dugu galderak pausatzea eta entzutea. Hobe dugu isiltzea eta espazio hori hutsik uztea, ea zerbait ateratzen den”.

- Sare sozialak: gaur egungo nerabeek zeharkatzen duten fasearen berezitasunetako bat da sare sozialen, sakelakoen eta tresna digitalen presentzia, “eta lehen aldikotz gertatzen da haurrek helduek baino gehiago dakitela”, dio Garatek. “Gurasook edo helduok badugu tendentzia errateko sareetako harremanak ez direla egiazkoak, eta hori esanda nerabeekin dugun komunikazioa eten egiten dugu, zeren hori esanda adierazten diegu ez garela interesatzen haientzat oso inportantea den kontu batean”. Horregatik dio psikologoak sare sozialetan eta nerabeek erabiltzen eta ikusten dituzten edukietan interesa erakutsi behar dugula. “Nerabeek usu diote ‘ni azkenean nire gurasoentzat naiz nota bat eta orientazio bat, zer egin nahi dudan’. Eta hortik haratago galderarik ez da sobera”.