‘Digital Democratic’ programa aurkeztu dute Simona Levik, Digitalizazio Demokratikorako eta Eskubide Digitalerako Institutuaren sortzaileak, eta Arnau Monterdek, Bartzelonako Udaleko Berrikuntza Demokratikoko zuzendariak, Euskarabilduaren 11. Jardunaldietan; Bartzelonan hezkuntzaren eremuan familiek euren datuen burujabetza izan dezaten garaturiko software librea da.
AEBko epaitegi batek 18 urteko emakume bat salatu zuen “epez kanpo” abortatzeagatik, froga gisa Facebooken amarekin izandako elkarrizketa bat erabili ostean. Zuckerbergen konpainiak Jessica Burgesen eta haren alaba Celesteren datu pribatuak eman zizkion Nebraskako epaitegi bati. Antza, Jessicak 17 urte zituenean eta haurdunaldiko 23. aste inguruan zegoelarik, abortatu egin zuen amaren laguntzarekin —Nebraskan, 20. astera arte da abortua legezkoa—. Ez da Facebookek elkarrizketa pribatuak zabaltzen dituen lehen aldia, ezta hurrik eman ere. Eta Facebook ez da, ezta ere, datuak eman eta saltzen dituen multinazional bakarra. Gisa horretako foroetan —Facebooken, Gmailen, Twitterren, Instagramen, Whatsapen eta abarretan— dauzkagun elkarrizketak konpainien nahien arabera erabiltzeko moduan daude. Eta ez txatetan ditugun elkarrizketak soilik; ikuskatzen ditugun webguneak, sarean erakusten ditugun zaletasunak, mezu elektronikoetan partekatzen dugun informazioa, eskegitzen ditugun gure eta gure lagunen argazkiak… Datu horiek guztiak, babes neurri zehatzik hartu ezean, konpainia multinazionalen eskura jartzen ditugu.
Euren seme-alaben datuekin konpainia multinazionalek egin zezaketen erabileragatik kezkatuta, Bartzelonako hainbat familiak Xnet institutura jo zuten 2019an. Simona Levi antzerkigile eta ekintzaileak fundatu zuen Xnet, 2008an, berrikuntza demokratikoan eta eskubide demokratikoen alorrean sakontzeko: “4 eta 9 urte bitarteko haurrak zituzten hainbat familia arduratuta etorri zitzaizkigun. Ikastetxeak familiei baimena eskatzen zieten ekintza digital guztiak Google plataformaren bidez egiteko (lainoa, Clasroom, elkarlanerako dokumentuak, egutegia...). Baimena sinatzen ez bazuten, ikastetxeak ez zien bestelako aukerarik eskaintzen. Orduan ikusi genuen fenomeno hori oso zabalduta dagoela Europa mailan eta, segur aski, urrutirago ere bai, eta egoera horri buelta emateko, lanean hasi ginen”. Xnetek Europa mailako txosten bat idatzi zuen Bartzelonako familien kasutik abiatuta, Digitalizazio demokratiko eta burujaberako Europako proposamena.
Simona Levi Xnet Digitalizazio Demokratikorako eta Eskubide Digitalerako Institutuaren sortzaileak Euskarabilduaren 11. Jardunaldietan hartu zuen parte —online—, Arnau Monterde Bartzelonako Udaleko Berrikuntza Demokratikoko zuzendariarekin batera —Donostian izan zen aurrez aurre—. Levirentzat, gakoa da hezkuntzak orain eta datozen urteei begira digitalizazioaren aurrean daukan erronka handiari erantzutean zer norabide hartuko den erabakitzea: “Ikastetxeek multinazionalen esku utziko dituzte milaka ikasleren datuak, edo software librea erabiliko dute, nor bere datuen jabe —beraz, burujabe— bihurtzeko?”.
Zergatik hitz egin behar da digitalizazio demokratikoari buruz?
Hezkuntzan, funtsezko eztabaida da, Leviren aburuz, eskubide digitalen ingurukoa, “gure oinarrizko eskubideetan sakontzea” dakarrelako. Abiatu aurretik, zehaztu zuen digitalizazioa “erabakiz jositako prozesu bat” dela: “Digitalizazio demokratikoari buruz hitz egiten dugunean, zehaztu nahi dugu digitalizazioa ez dela fenomeno meteorologiko bat. Gure politikariek eta erakundeek digitalizazioa gertatzen den zerbait balitz bezala jokatzen dute, begiak estali, eta bat-batean guztia digitalizatua balego bezala. Gure ikuspuntutik hori arduren utzikeria larria da, eta hainbat eskubideren urraketa dakar utzikeria horrek. Agintarien utzikeriagatik, enpresa handiek hainbat espazio okupatu dituzte, are gehiago COVID-19aren pandemiak ekarri zuen digitalizazioaren azkartzearekin. Google, Mircrosoft eta antzeko konpainia multinazionalek okupatu dituzte espazio horiek. Hori da konpainia handien lana”. Konpainia multinazionalek “pribatizatu duten eremu hori”, berez, erakunde publikoen ardura litzatekeela uste du Levik; haren iritziz, erakunde publikoen lana da garai digitalean gure zerbitzu publikoak nola digitalizatuko diren diseinatzea. “Zer esan nahi du horrek? Ingurune digitalean ere zaindu egin behar direla oinarrizko eskubideak, hau da, eskubide digitalek bermatuta egon behar dutela, diseinuz eta lehentasunez. Gaur egun, ordea, hezkuntzako eremua libre uzten zaie enpresa pribatuei, teknologia enpresa handiek digitalizazioa doan egin dezaten”.
Eskubide digitalak bermatzeko, hainbat gako nabarmendu zituen Levik: “Lehenik, kodeak ikuskatzeko aukera eskaini behar du. Hau da, ezagutu egin behar da makineria: zerbitzu publikoak digitalizatzeko erabiltzen diren aplikazioen berri izan behar dugu, jakin egin behar dugu gure datuekin eta gure edukiekin zer egiten duten zehatz-mehatz. Eta hori soilik software librearekin egin daiteke. Bigarrenik, elkarrekiko eragingarriak izan behar dute: nik eduki bat sortzen badut, edo datu batzuk biltzen baditut, edo hornitzaile baten aplikazioak erabiltzen baditut, hornitzaile hori alde batera uzteko aukera izan behar dut nire datuak eta edukiak galdu gabe, datu horiek eta eduki horiek nireak baitira. Elkarreragingarritasuna baldintzarik gabe berretsi behar dute erakundeek, eta horretarako, beharrezkoa da software librea. Horrek guztiak datuen burujabetza dakar, bai erakundeentzat eta estatuentzat baina baita gutako pertsona bakoitzarentzako ere”.
Leviren aburuz, erakunde publiko gehienek ez dituzte oinarrizko baldintza demokratiko horiek betetzen, esparru digitalean murgiltzen direnean, “eta hori, gure ustez, kriminala da, literalki —erantsi zuen—. Gure erakundeak sistematikoki ari dira urratzen gure eskubide digitalak”.
Nola egin liteke digitalizazio demokratikoa?
Levik ez dauka zalantzarik: “Software librearekin bakarrik egin daiteke. Albiste ona hauxe da: hau guztia iritsi aurretik software librea hemen zegoela. Software libreak denbora gehiago darama hezkuntzan teknologia enpresa handiek baino, eta oso garatuta eta finkatuta dago. Dena hemen dago. Hori da albiste ona. Albiste txarra da, ordea, oso gutxi erabiltzen dela, batik bat eskala handietan politikaren bezero sareen bidez bultzatzen dutena beste norabide batean doalako: kode itxiak, copyright fanatikoak, korporazio handiak…”. Software libreak ere baditu, Leviren iritzirako, berezkoak dituen arazo batzuk: “Software librea ez dago egokituta konpainia handiek ekarri duten azkartasunari erantzuteko, oso teknikoa eta konplikatua da, software librearen militantea izan gabe, edozein irakaslek edo familiak, adibidez, nahieran erabiltzeko. Software librea erraz erabiltzeko modua bilatu behar da”.
Hezkuntzaren esparruan software librea arin eta erraz erabiltzeko bilaketaren emaitza da hezkuntzaren digitalizazio demokratikorako DD Digital Democratic proiektua. “Bartzelonako familia haien eskariari jarraituz eta sentsibilizaturik zeuden irakasle batzuekin, Digitalizazio Demokratikoaren Plana diseinatu genuen. Ez genuen gurpila asmatu, baizik eta mahai gainean jarri genuen esparru hau erakundeen ardura dela. Konpainia handiak dumpinga egiten ari dira: digitalizazio osoa proposatzen dute dohainik, eta berez demokratikoak izan behar luketen digitalizazio tresnak babesten ari dira”. Plan horrekin, zerbitzari burujabeak proposatu dituzte, eta, horrela, ikastetxeek eurek sarbidea izan dezaketen zerbitzariak aukeratu dituzte, behar dutena erantsi edo kentzeko aukera ematen dietenak. Google Suite edo Google Clasroomen antzera funtzionatzen duten tresnak eskaintzen dituzte. Moodle, Nextcloud, Big Blue Button, WordPress, Etherpad eta antzeko beste software batzuk batuta osatu dute DD, eta ikasleek behar dituzten dokumentu kolaboratiboak, egutegiak, txatak, posta elektronikoak eta abar eskaintzen ditu.
Hainbat erakunde publikori aurkeztu zieten DD plana, eta Bartzelonako Udala izan zen erantzun zien bakarra, Levik jakinarazi zuenez. Udalak librea, irekia eta ikuskatzeko modukoa izango den kode bat garatzeko aurrekontua jarri zuen, eta, ondoren, Bartzelonako 12 ikastetxetan baliatzen hasi ziren software hori. “Behin aski garatuta, abangoardiako prototipo bat edukiko dugu, gero Europa osoan erabili ahal izateko”, adierazi zuen Levik. Bartzelonako Udalaren atzetik beste erakunde batzuek ere interesa erakutsi dutela jakinarazi zuen ekintzaileak, hala nola Eusko Legebiltzarrak. Espainiako, Frantziako edota Danimarkako gobernuekin ere elkarrizketak hasi dituzte. Azken herrialde horrek, kasurako, Google debekatu egin du hezkuntzan, eta Alemaniako bi landerrek gauza bera egin dute Microsoftekin. “Herritarren ahalegin txiki batek Europako digitalizazio demokratikorako bidea urratu du”.
Bartzelonako kasua: tresna eta kontzientzia
Software libreko hainbat erreminta biltzen dituen DD proiektua Bartzelonako hainbat ikastetxetan sustatzeko ekimenaren bultzatzailea da Arnau Monterde, Bartzelonako Udaleko Berrikuntza Demokratikoko zuzendaria. Monterdek adierazi zuenez, DD Digital Democratic proiektu pilotuan, Bartzelonako hiru ikastetxe hasi ziren probatzen duela bi urte, eta gaur egun, 12 ikastetxek parte hartzen dute ekimenean. Gainera, ikastetxeetatik harago, prestakuntza eskaintzen duten beste espazio batzuetan ere erabiltzen ari dira gaur egun, hala nola gizarte etxeetan, kultur etxeetan, musika eskoletan… “Proiektu honen bertute nagusia erregistro bakarrarekin zerbitzu ugaritara sartzeko aukera izatea da, hori izan ohi baita software librearen zailtasunetako bat”, azaldu zuen Donostian. “Googlen erregistratuta gaudenean, zerbitzu batetik bestera pasatzeko erraztasunak dauzkagu. Bada, guk ere esperientzia berdina eskaini nahi dugu, software librearen bidez. Moodlen oinarritua dago Digital Democratic, eta esperientzia erraz eta ezaguna da hezkuntza birtualeko eremuan dabiltzanentzat; menuaz gain, gelak daude, eta eskolak eta bideokonferentziak egiteko plataformak eskaintzen ditu, besteak beste”.
Tresna bera garrantzitsua da Monterderentzat, baina, haren iritziz, tresna ezin da bereizi filosofiatik. “DD aukera pedagogikoa da; ez da ikastetxeetan zabalduko den erreminta bat soilik, baizik eta garai digitaleko erronka demokratikoen inguruko hausnarketa egiteko aukera da; zer gertatzen da gure eskubide digitalekin, gure pribatutasunarekin; nola erabiltzen ditugu teknologiak…? Gure proposamena familiekin eta guraso elkarteekin batera garatu da (400.000 familia elkartzen dituzten erakundeekin), eta prozesu horrek burujabetza teknologikoaren filosofiaz eta euren seme-alaben eskubide digitalak zaintzearen garrantziaz hausnartzera eraman ditu. Gure ustez, gizarte zibilarekin batera hausnartu behar dugu digitalizazioa ere. Gure kasuan, familiekin, ikastetxeekin eta software librea ezagutzen duten adituekin elkarlanean garatu behar dugu tresna”.
Hezkuntzaren esparruan ere, teknologia gudu zelai garrantzitsua da, Monterderen ustez. Haatik, ikuskera horretatik urrun dauden bi jarrera sumatzen ditu nagusiki hezkuntzaren eremuan: “Batzuk oso aldekoak izan dira, teknologiek guztia konponduko zutela pentsatu dute; eta beste joera batzuek teknologia hezkuntzatik urrutiratzeko nahia erakutsi dute. Nolanahi ere, teknologia hor dago; teknologia gelditzeko etorri da, eta, gure ustez, gudu zelai bat da, eta gu lehiatzen ez bagara, denok dakigu zer enpresa handik irabaziko duen. Gure datuak AEBn dauden enpresa handien esku uzteak eta datu horiekin zer egingo duten ez jakiteak familiak kezkatzea normala iruditzen zaigu. Eta kezka hori motor garrantzitsua izan da guretzat”.