Mendekotasunari buruz hitz egiten dugunean, drogak etortzen zaizkigu burura maiz, baina, gaur egun, bideojokoek, sare sozialek eta apustuek ere mendekotasun arazoak sortzen dituzte. Ediren osasun kooperatibak horien prebentziorako lan egiten du Gasteizko hainbat ikastetxetan. Nerabeei informazio fidagarria eskaintzen diete, eta kontsumoak ekar ditzakeen arriskuak saihesteko tresnak eskaintzen dizkiete.

Hainbat arlo lantzen dituzte Ediren osasun kooperatiban, eta horien artean, mendekotasunen prebentziorako lantegiak egiten dituzte eskoletan. Estitxu Saracho Ediren osasun kooperatibako psikologoa da, eta baita esku-hartze komunitarioaren arloko koordinatzailea ere. 

Hezkuntza zerbitzua eta droga mendekotasunaren prebentziorako programa bat du Ediren osasun kooperatibak. Nola lantzen duzue gaia gaztetxoekin? 

Gaur egun mendekotasunei buruz hitz egiten dugunean, protagonistak ez dira drogak soilik. Sare sozialek, bideojokoek, apustuek… ere mendekotasun arriskua ekar dezakete. Adinaren arabera, gazteek substantzia batzuekin edo jokaera batzuekin gertutasun handiagoa izan dezakete, eta gaia horren arabera lantzen dugu. DBHko 1. mailan, tabakoaz eta alkoholaz aritzen gara batez ere. 2. mailan, alkoholaz eta kalamuaz. 3. mailan, kalamuaren gaia lantzen dugu batez ere, eta 4. AHALDUNTZE ESKOLA mailan, apustuak eta bideojokoak lantzen ditugu, baina, batzuetan, psikofarmakoak ere agertzen dira. Kontsumoa mendekotasun bihurtu ez dadin laguntzeko jarraibideak ematen dizkiegu, babes faktoreak zein arrisku faktoreak lantzen ditugu, eta mendekotasuna zein faktorek areagotzen duten ikusten dugu. 

Prebentzioa ez dugu beldurraren bitartez egiten, ondorio kaltegarriak aipatuz. Gure helburua gazteengan kritikotasuna bultzatzea da, zer egin nahi duten erabakitzeko irizpide propioak izan ditzaten. Kontsumoaren eta mendekotasunaren funtzioa zein den ulertzera bideratzen ditugu lantegiak.

Zer-nolako informazioa helarazten diezue kritikotasun hori landu dezaten? 

Talde bakoitzarekin, hiru saio egiten ditugu. Garrantzia ematen diogu konfiantza giroan aritzeari eta espazio segurua sortzeari. Mendekotasunaren kontzeptua lantzen dugu, zergatik sor daitekeen eta zertan datzan uler dezaten. Bigarren saioan, kontsumoa nerabezaroan kokatzen dugu. Bizitzako etapa horretan dituzten erronkei buruz hitz egiteak lagundu egiten die drogaren kontsumoak zer funtzio betetzen duen ulertzen. Adibidez, gurasoekin dituzten gatazken aurrean ihesbide gisa, lagun taldeko kide sentitzeko lagungarri izango delakoan edota ikasketek eragiten duten estresari aurre egiteko kontsumitu dezakete drogaren bat. Hirugarren saioa, berriz, informatiboagoa izaten da: substantzia jakin batzuei buruz hitz egiten dugu. Haien errealitatetik eta esperientzietatik abiatzen gara, eta horretarako erabiltzen dugun metodologia oso aktiboa da. Hainbat dinamikaren bidez, euren errealitatea zein den eta zer arazo eta zailtasun dituzten ikusten dugu. Kontsumoa ez da berezko arazoa, beste arazo batzuei emandako konponbide okerra baizik. Baina ez da blokeo edo arazo horiei aurre egiteko lagungarria, eta azkenean, arazoa huraxe bihurtzen da. Askotan drogak, apustuak edo bideojokoak ihesbide moduan erabiltzen ditugu. Eta kontsumotik harago arazo edo zailtasun horiei aurre egiteko zer baliabide dituzten identifikatzen dugu ikasleekin batera.

Nerabeek ba al dute alternatibarik euren arazoei aurre egiteko? Kontsumorako joera horren atzean alternatiba edo baliabide falta egon liteke? 

Bai. Helduok, askotan, baliogabetu egiten ditugu haiek euren kabuz sortzen dituzten baliabideak, eta baliagarriak edo egokiagoak izan litezkeen beste batzuk ere ez ditugu eskaintzen. Azken urteetan, ikusi dugu gazteek (agian pandemiaren eraginez izan daiteke) erraztasun handiagoa dutela orain laguntza eskatzeko, eta zailtasunei buruz hitz egitea normalizatuagoa dagoela; baina ez dute jakiten zer egin dezaketen eta zer baliabide dituzten. Zorionez, gaur egun, ikastetxeetan osasun mentala lantzeari garrantzia ematen ari dira, eta zailtasun horiek hik hasi I 274. zenbakia. 2023ko urtarrila I 35 partekatzeko espazioak sortzen ari dira. 

Nerabeen artean oso zabalduta al dago droga mendekotasuna? 

Azken ikerketek diotenez, substantzia jakin batzuen kontsumoak gora egin du azken hamar urteetan, baina mendekotasunak behera egin du. Hori seinale ona da: hainbat substantzia kontsumitzen dituzten arren, ez da mendekotasunik sortzen. Substantzia bakoitzaren erabilera funtzio jakin batekin lotzen dute nerabeek: alkoholaren kontsumoa sozializazioarekin lotzen dute, eta lotsa galtzeko erabiltzen dute. Kalamua arazoak edo ezinegon emozionalak kudeatzeko erabiltzen dute, ihesbidea izaten da. Bideojokoek ere antzeko funtzioa bete dezakete. Sare sozialekin eta bideojokoekin, erronka handia dugu. Alkoholaren kontsumoa oso normalizatuta dagoen moduan, mugikorraren erabilera edo sare sozialak ere oso integratuak baitaude gure egunerokoan, bai nerabeen kasuan eta baita helduen kasuan ere. 

Informazioa al da prebentziorako biderik egokiena? 

Gazteek informazio asko dute, askotan kontrajarria, eta gehiegizkoa. Guk informazio fidagarria eskaintzen diegu eta aurretik dutena ordenatzen laguntzen diegu. Inportantea da informazio fidagarria zein den eta zein ez den bereizteko gaitasuna lantzea. Kritikotasuna lantzen saiatzen gara, irizpide propioa garatu dezaten. Erabakiak ahalik eta modurik askeenean hartzeko tresnak izan ditzaten saiatzen gara. Haiei entzutea gakoa da prebentziorako; helduok entzuteko eta laguntzeko prest gaudela sentitu behar dute, ez epaitzeko prest. Baliabideak behar dituzte, eta guk haien gaineko aurreiritziak alde batera utzi behar ditugu hazkuntza prozesu konplexu eta interesgarri horretan laguntzeko.