Mayi Zelarain, Leitzako Erleta eskolako irakaslearen artikulua.

 

Egunerokoan gehienek entzuten dute adierazi nahi dudan hori; ez naiz beti entzuna sentitzen, ordea. Entzutea eta entzuna sentitzea ez baita gauza bera. Baina, zer da aurrean dugunak entzun gaituela sentitzea? Entzute aktiboarekin lotzen dudan gertaera dela esango nuke; batak kontatu eta besteak esandako horren gainean aipamenen bat bueltan itzultzen duenean, sarritan, galdera forman baieztatzeko. Horrelakoetan magia sortzen da nire barnean: ulertua sentitzen naiz, beste kideak ikusten nauela, harentzat norbait banaizela, alegia. Badakiela zein lekutatik ari naizen hizketan eta zein egoera bizi dudan sentiarazteko modu berezia. Orduan, bestea gertu sentitzen dut, nirea harentzat ere garrantzitsua dela sentitzet dut eta horrek lasaitu egiten nau.

Lankide batzuk saiatu izan gara haurrei aktiboki entzuten irakasten. Egunerokoan ohitura bihurtzea, baina, ez da erraza.

Eskolako korridoreetan, geletako joan-etorrian nahiz jolasgaraian, begira ditugu haurrak, gainera: zer ikusi, hura ikasi. Eta, galdetzen hasita, ba al dakigu guk geuk, entzule aktibo izaten?

Haurrentzat onuragarria dela uste baldin badugu, guretzat ere bai. Hala, zer gertatuko litzateke lankideon artean elkar entzuteko tartea hartuko bagenu? Ia ezezaguna den lankidea entzuna sentituko balitz, gure arteko harremana eta errealitatea ezberdinak izango lirateke; baita elkarrekin hezten ari garen haurren ikaskuntza ere. John Hattiek egindako metaikerketek diote ikasleen ikaskuntzan inpakturik handiena duen praktikak baduela irakasleen arteko harremanarekin zerikusirik. Irakasleen arteko lankidetzak eta elkarren arteko babesak haurrengan positiboki eragin dezaketela sinesteak, irakasleen eraginkortasun kolektiboak, alegia, onura zuzena du ikaskuntza prozesuan. Hik Hasiren 38. monografiko berria ere ildo beretik doa, hezte-prozesuan sortzen diren harremanek duten indarraz, zehazki.

Beraz, irakurle, animatu astebetez ingurukoak kontzienteki entzutera eta aldaketak behatzera: gutxi dugu galtzeko eta asko irabazteko.