DERRIGORREZKO ESKOLA AMAITZEN DUTENEAN GURE IKASLEAK NOLAKOAK IZANGO DIRA? ZER JAKINGO DUTE? ZEIN KONPETENTZIA IZANGO DITUZTE?... ETA ZER ESATEN DIGU ZIENTZIAK GUK LORTU NAHI DUGUN HORREN INGURUAN?
Beste ikasturte bat hasi dugu, eta horrekin batera etorri dira erronka eta asmo berriak hezkuntza-arlora: berrikuntzak txertatu beharra, halako metodologia berritzaile erabiltzeko premia, espazioa berrantolatzeko nahia… Izan irakasleek abiatuta, zuzendaritzak aginduta, eskola komunitatearen eskariz edota administrazioak hala erabaki duelako, hamaika proiektu eta egitasmo berritan sartu ohi dira ikastetxeak ikasturtea hastearekin batera. Gaur egun dauden tendentzia eta heziketa-ildo guztiekin, bada arriskua korronte ezberdinen artean galtzekoa edo kontziente izan gabe eramaten uztekoa, nahiz eta denok ados egon ikastetxeetan egiten dugun praktika pedagogikoak ezin duela izan orain dela gutxi norbaiti bururatu zaion zerbait, ezta modan jarri den azken metodologia ere. Ohikoa bihurtu da azpiegiturak aldatzea, espazioak modu berritzailean diseinatzea, Ipad-ak erabiltzea… Horrek guztiak, ordea, hobekuntza, berrikuntza eta eraldaketa pedagogikoa ekar ditzake, edo ez. Berrikuntza eta eraldaketa dei dakion, metodologia komun bat erabiliz, eskola komunitate osoaren artean adostutako eta eraikitako zerbait izan beharko litzatekeela esan ohi da. Orduan bai emango litzaiokeelako ikaskuntza-prozesuari sendotasuna eta trinkotasuna. Horrekin batera, baina, praktika pedagogikoa hobetu dadin, komunitate horrek ados jarri behar luke ikasleen irteera profilaren inguruan: derrigorrezko eskola amaitzen dutenean gure ikasleak nolakoak izango dira? Zer jakingo dute? Zein konpetentzia izango dituzte?... Eta zer esaten digu zientziak guk lortu nahi dugun horren inguruan? Sendotasun eta trinkotasun horren bila lan egiten saiatuko da hik hasi ere, beste ikasturte batez, aldizkari honetatik bertatik hasita. Horren lekuko eskola txikietan egiten ari diren proiektu eredugarriaren inguruko erreportajea, edota umeak metilfenidatoarekin “drogatzearen” gainean Iñaki Redin Popi irakasleak elkarrizketa nagusian ematen dituen hamaika datu kezkagarri. Izan dadila, bada, ikasturte hau era bateko zein besteko erabakiak ebidentzietan oinarriturik hartuko diren aroa, eta ez okurrentzietan; gainontzean, anekdota hutsean geratzeko arriskua izango baitute ustezko eraldaketa, berrikuntza, eta hobekuntza pedagogiko guztiek.
Myriam Nemirovskyren omenez
Uztailaren 28an hil zen Madrilen. Ezaguna da Euskal Herrian “irakurketa eta idazketa” ikuspegi konstruktibistatik hainbat saio eman dituelako:
Haurrak gauza bera kopiatzen jartzea behin, bitan, hirutan, errespetu falta izugarria da
Myriam Nemirovsky.