Barnetik zein kanpotik, berritu beharra du eskolak. Eraldaketa beharrezkoa da, eta ez soilik haur hezkuntzan. Aldaketa aurrez pentsatzea beharrezkoa da, harrapa gaitzan utzi gabe. 

Eskolak eraldatu beharra dauka. Eskolak nahi ala ez. Amaia Antero Arizmendi ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko taldekidearen hitzak bere egiten ditu Hik Hasik: “Eraldaketa etorri badator, guk nahi ala ez. Alde batetik, garbi dago eskola barneko egonezina eta motibazio falta —Bigarren Hezkuntzan bereziki— eta bestetik, gizartearen beharra; gizartea asko aldatu da. Eskolak aldatu beharra dauka, bai ala bai, kontua da nola egin nahi dugun hori: harrapa gaitzan uzten dugu, edo gu aurreratzen gara eta zentzu batekin egiten dugu gure ikastetxearen eraldaketa. Zentzuz eginda eraldaketa askoz eraginkorragoa eta kudeagarriagoa da”.

Berrikuntza ezinbestekoa da. Eta ez soilik Haur Hezkuntzan. Eraldaketa etorri badator Lehen Hezkuntzara eta etorri behar du, lehenbailehen etorri ere, Bigarren Hezkuntzara. Anterok berak dioen moduan, orokortuak baitira etapa horretan frustrazioa eta nahigabea alde batetik, eta eskola porrota eta porrot bitala, beste alde batetik.

Sakoneko eraldaketa osoa egin du Arizmendik. Guztia aldatu du esentzia bilatzeko: marko pedagogikoa aldatu du, etapen antolaketa eta egituraketa aldatu ditu, metodologiak, ebaluazioa, espazioak, rolak, materialak eta abar.

Beste ikastetxeentzako baliagarriak izan daitezkeen klabeez galdetuta, hainbat apuntatu dituzte, lehenik eta behin hobetzeko asko dutela aitortzetik hasita: baliabide pertsonalak behar dira, pentsatzeko, ikertzeko, hausnartzeko, eztaibadatzeko eta diseinatzeko buruak behar dira, berrikuntza pedagogikora begira egongo den lantaldea. Ausardia ere azpimarratu dute: zuzendaritza ausarta eta talde sendoa. Formazioa ere nabarmendu dute, baita autoformazioa ere, ikasleak ahaldundu behar badira, bere indarguneen jabe den hezitzailea behar baitute ondoan. Baina formazioak ez du balio metodologietan gelditzen bada, integrala izan behar du, eta bidelaguntzarekin osatua, normala baita berrikuntzaren aurrean zalantzak eta beldurrak sortzea. Oroz gain, iparra behar da. Norantz, zertarako, zergatik, zer, nola aldatu markatuko duen iparra. Eta iparra ikaslea da.

Nik ez ditut euskaradunak nahi, nik euskaldunak nahi ditut. Ez dut ulertzen Euskal Herrian euskaraz ez dakien irakaslerik egotea, euskal hezkuntza sisteman euskaldunak behar ditugu eta horretan sinesten duen ikastetxe batek hizkuntza proiektu sendoa eduki behar du

Mikel Ormazabal