Guraso euskaldun zein erdaldunei zuzenduriko webgunea da 'Eranafarroa.eus', euren seme-alaben euskararen erabileran eragiteko baliabideak biltzen dituena. Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek sortu zuten eta ikastetxeei familienganako “zubi lana egitea” eskatzen diete.
Agerikoa izan arren, askotan ahaztu egiten da hizkuntzak ez direla soilik eskolan ikasten, bizitzako esparru guztietan baizik. Are gehiago, hiztun oso bilakatzeko eta edozein testuingurutan moldatzeko, askotariko erregistroak eskuratu behar dira”, horixe da Eranafarroa. eus webgunearen atzean dagoen filosofia, Marta Chamorro Iruñeko Udaleko euskara teknikariak laburbildu duen gisan “Urte luzez, eskolaren gain utzi da haurrek euskara ikastearen ardura. Baina eskolak ezin du dena egin, eta gainera, ez dagokio”. Eskolan bai, baina eskolaz kanpo eta familian euskara indartzeko baliabideak eskaintzen ditu Eranafarroa.eus webguneak: “Hizkuntzak ongi ikasteko eta horietan erraztasuna lortzeko, maiz erabili behar dira; eta, ahal dela, bizipen positiboekin lotuta. Hizkuntza ikasteko prozesuan haurrek baliabideak behar dituzte egoera ezberdinetan egoki eta eroso erabiltzeko, hala nola, etxean, eskolan eta kalean edo lagunartean. Ahozko erregistro ezberdin horiei berebiziko garrantzia eman behar zaie egunerokoan oso beharrezkoak ditugulako. Horretarako, besteak beste, haurrentzat erakargarriak diren jardueratan eta egoeratan euskarak ahalik eta presentzia handiena izatea komeni da”.
12 urteko bitarteko haurren euskararen erabileran egiteko helburuarekin sortu zuten Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek elkarlanean Eranafarroa. eus webgunea 2017ko azaroan. “Nafarroa osorako proiektu bat behar genuen —azaldu dio Chamorrok Hik Hasiri—, gune soziolinguistikoaren arabera abiapuntu ezberdina izanik ere, guztientzat helmuga bera izanen zuena: euskararen erabilera. Horixe da hain zuzen ere helburu nagusia, alegia, haurren euskararen erabileran eragitea, eta horretarako, zalantzarik gabe, gaitasunean ere eragin beharra dago”.
Hori dela eta, 12 urte bitarteko haurren sozializazioan eragiten duten esparru nagusietarako edukiak proposatzen dituzte, eskolan, eskolaz kanpo edota etxean baliatzekoak. Hiru eremu horietan Webgunea: www.eranafarroa.eus Atalak: Etxean, eskolan, eskolaz kanpo. Baliabideak: Eskolaz kanpokoak; musika; zinema eta marrazki bizidunak; Appak eta jostailuak; ipuinak eta literatura; jolasa; hezkuntza eta gurasoentzako aholkuak. hausnartzeko eta jarrera aldatzeko gakoak ematen dizkiete gurasoei, esate baterako, etxean irakurzaletasuna sustatzeko ideiak; etxeko lanetan laguntzekoak, euskaraz hazteko gakoak... “Gurasoei adierazi nahi diegu, euskaldunak izan nahiz ez izan, asko egin dezaketela beren alaba-semeek aurrera egin dezaten euskararen ikaskuntza prozesuan, eta horretarako baliabideak eman nahi dizkiegu. Jarrera aktiboa sustatu nahi dugu denen artean”.
Jolasak, filmak, Appak... klik batera
Eskoletan ere badu lekua Eranafarroak, batetik webgunean bildutako baliabideak eta materialak interesgarriak izan daitezkeelako euskara sustatzeko lanean diharduten Euskal Herri osoko hezitzaileentzat. Webguneak haurrei zuzenduriko euskarazko musika, zinema, marrazki bizidunak, jolas bildumak eta abar luze bat biltzen ditu. Baina, batez ere, zubi lana egiteko eskatzen diete euskara teknikariek ikastetxeei: “Eskolak direnez familiekin harreman zuzena dutenak, tutoreei eskatzen diegu gurasoei Eranafarroa.eus-en berri emateko. Webgunean sartzeko eskatzen diegu eta beraiekin batera hor bilduta dagoen guztia aztertzeko”.
Eranafarroa baliabide-banku bat da eta nagusiki beste batzuek egindako lana bildu eta sailkatzen du. Une honetan, Baliabideen atalak zortzi multzo ditu: Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza, Musika, Zinea eta marrazki bizidunak, Appak eta jostailuak, Ipuinak eta literatura, Jolasa, Hezkuntza eta Gurasoentzako aholkuak. Horietako bakoitzean azpi-atalak daude. Horiez gain, haurrentzako euskarazko jardueren Nafarroako agendarik osatuena du webguneak. “Horregatik, sekulako baliabidea da familientzat —dio Chamorrok—. Filmak, kantu-zerrendak, bideo-ipuinak, Appak, agenda, udalekuen informazioa, jolasak... denetik dago, txukun eta eroso, klik batera”. Poliki-poliki ekoizpen propioak ari da sortzen eranafarroa, Jolasak eta Solasak da horietako atal bat.
Artikulu berri bat argitaratzen dute ostegunero eta baliabideen atala ere aldian-aldian berritzen dute. Webgunera zuzenean sartuz edo buletinera edo Youtube kanalera harpidetuz jarraitu daiteke Eranafarroa eta baita sare sozialen bidez ere.