ARRASATEKO ARIZMENDI IKASTOLAK ‘AMETSAK BETETZEKO DAUDELAKO!’ LIBURUA AURKEZTU DU. KONFIANTZAREN PEDAGOGIAREKIN HASITAKO BIDEAREN JARRAIPENEAN PARTE HARTU DU ANTEROK.

Zer aurkituko dugu Ametsak betetzeko daudelako! liburuan? 
Garenarekin eta lortu nahi dugunarekin koherenteak izan gaitezen hezkun-tza ulertzeko eta praktikatzeko modu berrietan pentsatzen jarri beharra daukagula sentitu dugu eta horren kontakizuna topatuko du irakurleak liburuaren lehen orrialdeetan. Eta ondoren, liburuaren zatirik mardulena hartzen duten bi eranskin. Arizmendin garatzen lagundu nahi dugun pertsona-ereduaren eranskina batetik. Beste eranskinean, berriz, pertsona mota hori garatzen lagunduko duten oinarrizko hezkuntza-ildoak jaso ditugu.
Konfiantzaren Pedagogiaren marko orokorra idatzi genuenean, 2014-15ean, geure praktikari zentzua ematen dioten oinarri psikopedagogikoak jaso genituen. Oraingo honetan, berriz, eraldaketa sistemiko eta disruptiboaren beharra gure familiei eta profesionalei sakonago azaltzen saiatu gara, horrekin ze pertsona mota garatzen lagundu nahi dugun. Eta, azkenik, gure profesionalei zuzendutako atal teknikoagoa dago, hori guztia gauzatzeko aukera metodologikoak azalduz.

Ziklo berri baten atarian gaudela diozue. Aldaketa zein norabidetan egin beharko genuke?
Bai, aro berri baten atarian gaudela uste dugu. Neurri handiagoan edo txikiagoan etengabe aldaketak, hobekuntzak egiten jardun izan dugu orain artean irakasleok, baina egungo errealitateak eta etorkizuneko erronkek hezkuntzaren inguruan eraiki dugun ikusmoldea eta gure jarduna hankaz gora jartzea eska-tzen digute. Behar, arazo, erronka eta aukera berriak sortu dira eta honi guztiari ezin zaio iraganeko paradigmatik erantzun. Erantzun berriak ematen asmatuko duten pertsona osoak behar dira eta horri begira ikasi, desikasi, eraldatu, eta eraiki egin behar da hezkuntzan. Bide honetan, beraz, aldaketaren erradikaltasuna bezain garrantzitsua da guretzako aldaketaren norabidea, zentzua. Geure buruari zergatik eta zertarako eraldatu nahi dugun galdetzea eta horrekin kontzientzia hartzea ariketa garrantzitsua izaten ari da prozesu honetan.

Erraza izan al da hori guztia liburu batean biltzea?
Era honetako liburu bat sintesi-ariketa bat da eta hori ez da erraza, baina oso aberasgarria eta interesgarria da era berean. Eta sorkuntza-prozesu hori gainera modu kolektiboan egiten bada, askotariko ideiak eta ikuspegiak batzen dira eta horren emaitza aberatsa izaten da normalean. Liburua bizirik dago oraindik eta ikasturte honetan gure lankide guztien ekarpenak jasotzeko lan-saioak aurreikusi ditugu eta gurasoekin eta ikasleekin ere eraldaketa hau irudikatzen eta eraikitzen jarraitzeko saioak aurreikusten ditugu.

Liburua, zuen komunitatetik harago, publiko zabalagoarekin elkarbanatu nahi izan duzue. Zergatik?
Amesten duguna ezin da Arizmendira soilik mugatu, ametsak partekatua izan behar du. Martxan dugun eraldaketa gizarte-eraldaketa zabalago baten barruan kokatzen dugu eta, zentzu horretan, beste batzuekin batera jardun beharra daukagu eta jardun nahi dugu. Eraikitzen ari garen ezagutza argitaratzea, beste batzuen eskuetan ipintzea, amesten dugun gizarte kooperatiboari eta autogestionarioari bide emateko modu bat dela sentitzen dugu.